ATZOKO BORROKETATIK  GURE GARAIKO MATXINADA  DEMOKRATIKOETARA

Iraganeko gertaera erabakiorren urteurrenak. Zer pentsa eragiten diguten urteurrenak bildu dira aurten. Duela 150 urte argitaratu zuen Karl Marxek bere Das Kapital obra erraldoia; duela 100 urte iraultza sobietarrak historia erdibitu zuen jendartearen errotiko eraldaketa egingarria zela erakutsiz; duela 50 urte erail zuten Bolibian Che Guevara Cuban garaitutako iraultza zabaldu nahian zebilela; kalera atera zen gure herria duela 40 urte amnistia eta frankismoarekiko benetako haustura defendatzeko… Floren Aoiz. Iratzar Fundazioko kidea. 

OROIMEN ARIKETAK ERALDATZAILEAK BILAKATU DAITEZKE EZTABAIDA TERMINO ESENTZIALISTA EDO HISTORIZISTETAN KOKATU BEHARREAN, HISTORIA ABIAPUNTU HARTURIK ETORKIZUNERAKO AGENDEN ARTEKO TALKAN UZTARTZEN BADIRA. KOMENI ZAIE EZKUTATZEA SOZIALISMOAREN ALDEKO BORROKAK ONURA ERRALDOIAK EKARRI DIZKIOLA MUNDURAI, BESTEAK BESTE URRATU NAHI DUTEN “ONGIZATEAREN ESTATUA”, PENTSA-EZINA DA LANGILERIAREN PRESIOA ETA ESTATU SOZIALISTEN ERREFERENTZIARI ERREPARATU GABE. 

Urteurrenak inspiragarriak dira, aukera ematen baitigute ibilbide historikoa gogora ekarri eta hainbat ondorio ateratzeko. Batzuetan, lehen mailako gatazketarako aukera bilakatu dira. Esaterako, izugarrizko garrantzia izan zuen Nafarroan 1512ko konkistaren urteurrenak aldaketa desira sozial eta politikoaren indartze eta artikulazioan. Batetik, espainiar erresumarekiko itun askearen errelato historiko hegemonikoa kolokan jarri zuelako eta, bestetik, aurretik abiatutako mobilizazioetarako bultzada izan zelako. 

Aldaketa instituzioetara eraman zuen borroka eta irizpide nagusien eboluzio zikloan uztartu zen konkistaren salaketa. Ariketa eraldatzailea bilakatu zen eztabaida termino esentzialista edo historizistetan kokatu beharrean, historia abiapuntu harturik etorkizunerako agenden arteko talkan uztartu baitzen.

Halaber, oso emankorra izan da iraganeko matxinada eta era berezian 1714ko gertaeren oroimena Kataluniako soberanismorako, han ere tentaldi nostalgikoak baztertu eta oroimena eztabaida politikoan tokitu zuelako. Gaur egun, ekimen instituzionaletatik desobedientzia ekintzetara XVII. mendeko matxinada gogoratzen duen Els Segadors kantua erabiltzen den bakoitzean baieztatzen da oroimenaren gaitasun sortzaile eta eraldatzailea.
 
Denboraren kudeaketa beti botere lehiaren esparrua izan da, eta da. Nork kontrolatzen duen denbora, nork esaten duen noiz hasten den garai bat eta noiz isten den, nork aukeratzen duen oroitu, ospatu ala ahantzi beharrekoa, hauek guztiak afera potoloak dira, haien atzean jokoan boterea baitago, finean. Eragin handiko erabakiak izaten dira horiek, ezkutuan ematen badira ere, zentzu komun naturalizatuaren adierazpen gisa, eta ez interes eta ikuspegien gatazkan kokatutako asmo zehatzen gauzapen gisa. Nafarroako edo Kataluniako kasuetan atzeman denez, gakoa ez da oroimenaren ikuspegira mugatzen, garaiko aldarrikapen eta borrokekiko lotura erabakigarria baita.

Neoliberalismoa borroka askatzaileen oroimenaren kontra; alternatibaren kontra finean Munduan nagusitu den neoliberalizazioan pobre eta aberatsen arteko ezberdintasunak areagotzen ari dira, gehiengoen bizitza eta lan baldintzen prekarizazio material eta orokorra areagotzen delarik. Prozesu hauen irabazleek badakite zapalkuntzak erreakzioak pizten dituela, hala izan baita beti historian. Erreferentziarik gabe utzi nahi dituzte protesta hauek, zerumuga estrategikorik gabe, bestela esanik, errealitatea errotik aldatzeko ikuspegirik gabe. 

Horregatik da hain garrantzitsua alternatiba ezaren irudikapena, injustiziek ekartzen dituzten erreakzioak neutralizatzeko funtsezkoa baita. Horregatik hain zuzen ezkutatu edo zikindu behar dute iraultza eta borroka eraldatzaileen oroimena. Konkista sozialen hari gorria estali nahi dute, mendeetako borrokek ekarri dituzten hobekuntza guztiak Berlingo Harresiaren erorketaren hautsaz lainotzeko.

“Borroka eraldatzaileek porrot egiten dute edo, aurrera jarraitzekotan, aldatu nahi zuten mundua baino makurragoa sortzen dute”; hau da naturalizatu nahi duten errelatoa, protestak inmediatismo edo fragmentazioan ito daitezen, bestelako mundu baten itxaropenik sortzeko gaitasunik gabe. Ez zaie komeni, ondorioz jendeak oroi dezan inork espero ez zuen iraultza gertatu zela Errusian duela 100 urte, ustekabeko garaipena izan zutela deskolonizatzaileek hamaika herritan eta iraultzaileek Cuban eta munduko beste hainbat lekutan. Komeni zaie ezkutatzea sozialismoaren aldeko borrokak onura erraldoiak ekarri dizkiola munduari, besteak beste orain urratu nahi duten “Ongizatearen Estatua”, pentsaezina langileriaren presioari eta Estatu sozialisten erreferentziari erreparatu gabe. Iraultzaren oroimena eta itxaropena suntsitzea egungo sistemaren egonkortasunerako oinarria da. 



Ez dira garai errazak eraldaketa sakonak sustatu nahi ditugunendako, ez Euskal Herrian ezta inon ere. Baina horregatik hain zuzen, epe laburreko erronka zehatzek gure indarrak askotan irentsi arren, ezinbestekoa da epe luzeko begiradari eustea, kapitalismoa gainditzeko dema gogoan izanda, gure jarduera guztiak norabidetzen dituen ipar orratz gisa. Sozialismoa, komunismoa, feminismoa, zapalkuntza ororen gainditzea, jendartearen eta politikaren nagusitasuna elitearen eta kapitalaren gainean jartzea, herrien burujabetzak inperioak gailentzea… Hauek dira gure zerumugak eta XXI. mendeko hautu iraultzaileak norabide horretan urrats sendoak ematea eskatzen du, hitzetatik harago. Alferrikakoa da hainbat kartografia zaharren gaineko hautsa astinduz ibili nahi izatea, erantzunak aspaldiko liburuetan daudela sinetsiz edo. Das Kapital bezalako ekarpenak testu sakratu gisa hartu eta dogmatismoen oinarri bilakatzea ez da inoiz ideia ona izan eta orain ere zapuzgarria da akats zaharren errepikapenean zenbat energia galtzen den ikustea. 1917ko iraultzaren mendeurrenaren oroimen ekimen batzuen inguruan gertatutakoa oso argigarria da: ariketa nostalgiko dogmatikoek ez dute ezertarako balio. Historia sakonki aldatu zuen gertaera baten oroimena sektarismo antzuaren ikur bihurtu nahi izateak zer pentsa eskaintzen digu: zaila da biderik onena aurkitzea, baina porrotaren bidea non dagoen ikustea lagungarria da, bidegurutzean aukera hori baztertzeko. 

Ezkerraren sektore batzuk melankolian edo postureo estetiko sasi-iraultzaileetan gelditu diren bitartean, guk argi ikusi dugu: urteurren hauek baliagarriak izan daitezke neoliberalismo zitalak ezarri nahi digun alternatiba ezaren logikari aurre egiteko. Gure garaiko iraultza eta matxinadak Ez gaude, zorionez, Berlingo Harresiaren erorketa ikur bilakatu zuten kapitalismoaren garaipen errelatoaren une gorenean. Historiaren bukaeraren fantasia leherrarazi du errealitateak ordudanik, erresistentzia eta alternatibak eraikitzeko saioak biderkatu direlarik. Neoliberalizazioak erresistentzia indartsuak aurkitu ditu eta mundu multipolarra gorpuzten ari da, AEBen nagusitasuna kolokan jarriz. Baina, kasu, David eta Goliathen arteko lehia da hau eta neoliberalismoaren indarrak eragile alternatiboenak baino askoz ere boteretsuagoak dira. Beste zibilizazio baterako urratsak ematea oso zaila da gure garaiko munduan, baina inoiz baino beharrezkoagoa da alternatiba sistemikoaren ikuspegia berritzea, zerumugarik gabe, ipar-orratzik gabe ez baitago inora joaterik. Borroka eta emantzipazioaren ideien globalizazioa ere gertatzen ari da gure garaian, esperientziak, saioak eta egitasmoak bazter batetik bestera doazelarik, konexio berriak ahalbidetuz. Haserrea globala bilakatzen ari da, eta erreferentzia unibertsalak tokian tokiko borrokak indartzeko baliagarriak dira, isolamendua eta inpotentzia gainditzeko lagungarriak direlako. Planeta bera arriskuan jarri duen anabasa neoliberalari ezetz esatea baino gehiago behar duela ondorioztatu du gero eta jende gehiagok munduko bazter guztietan, baina borroka eta eragileen artikulazioak ez dira errazak eta nonahi atzematen dira indibidualizazioaren eta loturen prekarizazioaren ondorioak, baita herri mugimenduen eta ezkerreko eragileen esparruan ere.

1917ko iraultzak historia erdibitu zuen, aipatu dugunez, baina ez gaude jada garai historiko hartan, beste batean baizik. Ez ditugu egungo Neguko Jauregiak hartuko 1917ko eskemak kopiatuz. Gure garaietako erresistentziei alternatiben irudikapena gehitu behar zaie, beste zibilizazio baterako trantsizioaren ikuspegia, hots, eta horretarako sozialismoaren zerumugaren gaurkotzea eta eraldaketa estrategien egokitzea ezinbestekoak dira. XXI. mendeko erantzunak eman behar dizkiegu XXI. mendeko erronkei. Ezkerraren eta mugimendu askatzaileen egokitzearen eta autokritikaren beharra eta gure garaiko erronkei gure garaiko formulen bidez erantzuteko premiari erantzun behar diegu, argi izanik ariketa hau ezin dela joera defentsiboz egin, iraultza eta sozialismoaren bilan neoliberalaren terminoetan, emantzipazioaren esparru barnetik baizik, emantzipazioaren logikatik, hots. 



Logika honek akatsak hartzen ditu aintzat eta akatsen arrazoiak bilatzera bultzatzen gaitu, errepika ez daitezen, baina, une berean, lortutakoaren garrantzia azpimarratzera garamatza. Areago, lortutakoaren aldarrikapenetik abiatzen da, emantzipazioaren egitasmoa aurreko belaunaldien borrokan oinarritzen da, ez era mekanikoan errepikatzeko, jakina, hobetzeko baizik, baina bilan horren oinarri eraldatzaileak baliatuz, derrotismoak baztertuz. Gaur egungo mundua ez baita posible den bakarra, historia ez baita bukatu. 

Izan ere, horixe erakusten digute iraganeko borroka eta pentsamendu ekarpenek, eta era berezian 1917ko iraultzak. Aldaketa egingarria da, historia ez baitago agorturik, etorkizunaren gidoia ez baitago idatzita. Mundua erroetatik aldatzea badago, gertatu da, gertatzen ari da, eragin mugatua bada ere (Hego Ameriketako aldaketa prozesuak, Kurdistan…) Hau non eta XXI. mendeko Europan aldarrikatzea oso beharrezkoa delakoan gaude, aipatu dugunez kapitalaren logika bazter guzietara zabaldu delako, askatasuna, aldaketa, aurrerapena eta iraultza bera edukiz hustu eta kontsumo aukeren esparruan kokatuz.

Autokritika zorrotzaren beldurrik gabe, iraganetik ikasten jakin behar dugu. Eraldaketa ezin da goitik behera ezarri, alderdi batek ezin du herria ordezkatu; estatua funtsezko eragile eta borroka esparrua da, baina ezin du jendartearen taupada menperatu; feminismoa edozein eraldaketaren oinarria da, derrigorrez; eta planetaren biziraupena bermatu beharra dago, hondamendira baitoa. Badugu zer pentsa eta Leninek berak idatzi zuenez, batzuetan berriro hasi beharra dago, bidea ongi egin ahal izateko. Iraultza eta sozialismoaren egitasmo historikoa berritu behar dira derrigorrez. Ez dakigu zein izanen den etorkizunean aspaldiko erreferentzia hauek hartuko dituzten formak. Ezinezkoa da aurretik esatea nolakoak izanen diren etorkizunaren borroka emantzipatzaileak. Gure herriaren burujabetzaren aldeko borrokaren ibilbidean ikasi dugu noraino diren kaltegarriak dogmatismo eta ortodoxia itxiak. Burges txiki gisa hartu gaituzte, gurea askapen borroka denik ukatuz, benetako iraultza, marxismoa eta sozialismoaren izenean. Argi dago hor ez dugula bide edota formula berrietarako inspiraziorik aurkituko. Kapitalak, bloke sozialistaren kontrapuntua gaindituta, demokrazia liberala bera sakrifikatzeko aukera jarri du mahaiaren gainean. Askatasun demokratikoak herriaren konkistak dira, baina liberalismoak ikur bilakatu zituen, eta bandera nagusi gisa ezaugarritu zituen “autoritarismo” komunistaren aurrean. Klaseen arteko borrokan kokatuta zegoen demokrazia eredu burgesa, langileria eta herri sektoreen boterea galarazteko. Parte hartze aukerak eta hainbat eskubide eta onura eskaintzen zizkien, behartuta eta iraultzaren arriskua oztopatzeko, baina kontra-ofentsibara pasa ziren aspaldi eliteak eta gaur egun oso bestelakoa da egoera. 

Demokrazia, burujabetza eta neoliberalizazioaren gainditzea loturik agertzen dira abian dauden eraldaketa prozesuetan, Boliviatik Kurdistanera. Iraultza demokratikoak dira, forma anitzekoak, deszentralizatuak, teorizazio eta estrategia berriak asmatzen ari direnak. Batzuetan oztopo eta zailtasunetan korapilatzen dira, aurrera ezin eginaz, baina beste batzuetan urrats erraldoiak emanaz eta erakutsiz alternatibaren eraikuntza ez dela biharko dema intelektual hutsa. 



Feminismoa, parte hartzea eta gure planetarekiko atxikimendua dira iraultza berrien oinarriak. Komunismoaren zerumuga gaurkotzen ari dira hamaika mugimendu eta eragile munduko bazter guzietan, hamaika borroka elkartuz. Gure garaiko matxinada eta iraultzak dira, inperfektuak, mugatuak, kontraesanez beteak, garai guztietako iraultza eta matxinada guziak bezala. 

Eraldaketa aukerarik ez dagoela aldarrikatzen duen arrazionaltasun neoliberalak, modu esanguratsuan, pentsamendu baikorra hauspotzen du, zeinaren arabera edozer lortzen ahal da, sakonki desiratu eta lortzeko indar oroz jardunez gero. Amerikar mirakulua unibertsalizatu dute, edozein pertsona aberats bilaka daitekeela sinetsaraziz eta, ondorioz, pobrezia edo zapalkuntzaren arduradun bilakatuz jendartearen goialdean ez dagoena. Desberdintasunak eta menpekotasunak ezkutatzen ditu diskurtso kontraesankor baina emankor horrek, herritarrak nahiz herri zapalduak bere egoeraren erantzule nagusi bihurtuz.

Gustuko ez dugun arren, diskurtso horren menpe bizi gara, hegemonikoa baita. Eta iraultzaren auzia kokapen honetan dago trabaturik, zapuzketa eta boluntarismoaren artean eskuak loturik. Askatu beharra dago, alta, bide berriak irekiz eta gogoa baldintza materialak eraldatzeko estrategiekin uztartuz. Bestela esanik, iraultza perfektuaren mitoak ezin du aldaketa urrats mugatuagoen mesprezua ekarri, eta halaber, urrats horien defentsak ezin du eraldaketa sistemikoaren zerumuga lainotu, ikuspegi estrategikoaren galerak iniziatiba oro kapitalaren irenste gaitasun erraldoiaren menpe kokatzen baitu.

Neoliberalismoaren hegemonia eta ezkerraren erreferentzia alternatiboen ahulezia aintzat hartuta, oso inportantea da aldaketak eragiteko aukerak bilatzea, sistemaren lubakiak kokatuz eta zulo handiak irekitzeko baliatuz. Hori ez da lortuko iraultzaren aldarrikapen ozen bezain hutsen bidez, estrategia emankorrei esker baizik. Alferrikakoa izan beharko litzateke, izan ere, baina inoiz ez dago soberan oroitzea iraultzaileen erronka iraultza egitea dela, ez iraultzaz hitz egitea. Katalunian piztutako matxinada demokratiko-soberanista dugu gure garaiko formula interesgarrienetakoa, esaterako. Neoliberalismoak zigortutako lurralde horretan, desdemokratizazio zentralizatzaile espainiarrak protesta ziklo indartsua ekarri du eta, modu esanguratsuan “marxista” eta “komunista” ortodoxo eta dogmatikoen errefusa lortu du matxinada horrek, benetako iraultza ez dela, burgesiak zuzentzen duela eta antzeko ergelkeriak aipatuz. 

Kataluniarena ez da iraultza sozialista, jakina. Errusiakoa eta Kubakoa ere ez ziren, bilakatu ziren arte. Ez dirudi erreza denik halakorik gertatzea Katalunian, baina kontua ez da hori, gure garaiko egoeran estrategia berriak garatzeko aukera baizik, eta maila horretan Kataluniak desdemokratizazioari era eraginkorrean aurre egin eta bestelako zerumugak irudikatzeko bidea erakutsi du. 

Euskal borroka ziklo berrirako gogoeta eta ikasgaiak Ireki nahi dugun mobilizazio eta borroka ziklo berrirako erreferentzia baliagarri gisa ezaugarritu nahi izan ditugu urteurren hauek, beraz. Euskal Herrian ziklo luze bati eman nahi diogu bukaera, beste bat hasteko. Batzuek, era esanguratsuan, ziklo horri ETAren derrotaren garaia deitu nahi diote, eta ukatzen dute, alta, garai berrian gaudenik. Izan ere, haientzako ez dago zerumuga alternatiborik. Guk berriz, Zohardia izena duen txostena onartu dugu gure azken barne eztabaidan. Zerumugaren sinonimoa den zohardiaren aipamenak espazio eta denbora inposatutakoak hautsi eta geureak eraikitzeko borondatea ekartzen digu gogora. 

Ezker abertzalea ez zen sortu azaleko erreformak bultzatzeko. Gure mugimenduaren funtsa joko arauen eraldaketa errotikoa izan da eta gaur egun ere hautu hori baieztatu beharra dago, une bakoitzean taupada eraldatzaile horrek bere formulak hartu behar baditu ere. Iraultza eta borrokaren oroimenak borroka berrietarako indarra ematen digu eta ikuspegi estrategikoa errotzen du, nondik gatozen eta nora goazen uztartuz. 

Gure garaiko matxinada eta iraultza inperfektuak aipatu ditugu lehen. Halako bat egin nahi dugu gure herrian. Marxek egin zuen Kapitalaren deskribapen kritikoaren eta egitasmo sozialistaren aurrerapenean inspiratuta, 1917ko boltxebikeen lorpen erraldoiak gogoan, gure mugimenduaren lehen urteetan hain eraginkorra izan zen Guevararen eredua aintzat hartuta, baina batez ere geure iraganeko borroketatik ikasiz eta geure bidea eginaz, gure garaietako borrokak gure erreferentzia nagusiak direlarik. Gure garaiko seme alabak gara eta izan nahi dugu, horixe baita biharko garaiaren sortzaileak izateko derrigorrezko baldintza. Gora Herria! Gora Iraultza!