Euskal Elkargoa: 
ibilbide baten irakaspenak  eta perspektibak

2017. urtea hastearekin batera sortu da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bildu dituen lehen instituzioa. Euskal Elkargoaren sorrera ibilbide luze baten emaitza da. Subjektu politiko eta instituzional berriak lurraldetasuna ezagutzearen balio erantsia du, bere argi ilunak izan badituen ere. Aurrera begira, fase eta eszenatoki berri baten abiapuntu ere bada.


XVIII. mende bukaeran Frantziako Iraultza burgesak Lapurdi,
Nafarroa Beherea eta Zuberoako legedi propioak zein lurralde-biltzarrak desegin zituenetik,
etengabekoa izan da hiru euskal lurraldeak instituzio bakarrean biltzeko aldarrikapena.
Urteetako borroka gogoratu gabe nekez irudika daiteke Euskal Elkargoaren sorrera prozesua

EUSKAL ELKARGORAINOKO IBILBIDEA

XVIII° mende bukaeran Frantziako Iraultza burgesak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako legedi propioak zein lurraldebiltzarrak desegin zituenetik, etengabekoa izan da hiru euskal lurraldeak instituzio bakarrean biltzeko aldarrikapena. Sortzen ari zen Estatu eredu berriak tema berezia ezarri zuen lurralde antolaketa berriaren perimetroak ez zezan bat egin euskal lurraldetasunarekin (eta gainerateko beste herrienarekin). Estatuak frantses nazioa egitea zuen helburu, eta bide horretan oztopoharri ziren bereizgarri guztiak desagerrarazi behar ziren. Orduz geroztik Frantzian eskubideak dituen subjektu bakarra hiritarra da, hiritar guztien baturak frantses nazioa osatzen duelarik. Frantziako Estatuak ez du nazio aniztasunik ez eta hizkuntza aniztasunik onartzen. Legez, ez dago nazio eta hizkuntza ofizialik frantsesa ez denik. Hasiera beretik, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak batzea helburu zuten proposamen guztiek eraikuntza ideologiko horrekin egin dute topo. Euskal lurraldetasunaren ezagutza etengabe agertu den gainditu ezineko marra gorria izan da. Hortaz, urteetako borroka gogoratu gabe nekez irudika daiteke Euskal Elkargoaren sorrera prozesua. Ibilbide luze hori ezaugarritzekotan, esan genezake hiru fase nagusi izan dituela.



Abertzaleen aldarrikapena

Lehen faseak, hirurogei hamarkada hasieran abertzale mugimenduaren sorrerarekin bat egiten du. Enbata mugimenduaren sorrerarekin hasten da, 1963ko Aberri Egunean Itsasun irakurriko den agiriarekin. Aldarrikapen instituzionala batez ere abertzaleen aldarrikapen gisa agertzen da, adierazle ideologiko nabarmenarekin. Hasiera batean Enbata mugimenduak Euskal Departamenduaren aldarria plazaratuko badu, laurogei eta laurogeitamar hamarkadetan Iparretarrak erakundearen eskutik Autonomia estatutuaren aldarrikapenak indarra hartuko du. Biak ala biak aldarrikapen taktiko gisa ezaugarrituko dira. Eta abertzale mugimenduaren proiektoaren definizio ariketaren baitan kokatuko dira, lehen denbora batean printzipiozko deklarazio gisa eta oinarri sozial abertzaleari zuzendua. Garai horietan ez da funtsezko masa mugimendurik antolatuko ezagutza instituzionalaren alde. Alabaina, abertzale mugimenduak eragin indarharremanak Frantziako Gobernua mugitzera behartuko du. François Mitterrand PSFeko presidentearen azken agintaldian, abertzaleen aldarrikapenei zuzenean erantzun gabe, Frantziako Gobernuak gogoetarako egiturak sortzea proposatuko du. Hurrenez-hurren, Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua sortuko dira 1994 eta 1995 bitartean.  Egitura hauen egitekoa, Ipar Euskal Herriaren beharrei loturiko diagnostikoak lantzea, helburuak finkatzea eta beharrezkoak diren politika publikoak eta estrategiak zehaztea izanen da, bestelako inolako eskumenik gabe. Haatik, Estatuaren helburua aldarrikapen instituzionala indargabetzea baldin bazen, kontrakoa gertatuko da. Ariketa horretan herri mugimendu eta sektore ezberdinetan ari diren pertsonak eskuz esku arituko dira, jatorri ideologiko ezberdinekoak, abertzaleak barne. Egitura horiek lehenetsiko duten lan metodologiak lankidetza logika bat sortuko du. Eragile ezberdinen arteko elkar ezagutzak sinergiak eta konplizitateak sortuko ditu. Gogoetak modu adostuan lantzeko hautabideak diagnostiko partekatuak egitera eramango ditu. Ezberdinen artean modu adostuan lan egiteak, elkarlanaren beharra lehenesten duen kultura politiko eta gobernantza berriaren oinarriak ezarriko ditu, gerora erabakigarriak izanen direnak. Funtsean, sakoneko ariketa bat eginen da lurraldearen beharrak identifikatzeko. Luzegabe, adosturiko politika publikoak gauzatzeko orduan Ipar Euskal Herri mailako instituzio baten beharra mahai gainean agertuko da, modu aski naturalean. Horrela, ordurarte abertzaleen aldarrikapen gisa ezaugarritua zena, sektore ezberdinetara zabaltzen hasten da. Gaiak beste dimentsio bat hartzen du, eta Ipar Euskal Herriaren instituzio aldarria jendarteratzeko bidea irekitzen da.





Lehen masa mobilizazioak

Bigarren fasea, 90 hamarkada bukaeran hasten da, euskal departamenduaren aldeko herri mobilizazio erraldoiekin. Izaera ideologikoaz haratago, egitura instituzionalaren aldarria Ipar Euskal Herriko beharrizan gisa barneratzen hasten da. Gaia abertzale mundutik ateratzen da eta lehen hedapen bat gertatzen da. Indar metaketa zabalagoak eta estrategia partekatua gauzatzeko baldintzak sortzen dira. BATERA plataformaren sorrerak ongi irudikatzen ditu baldintza berri horiek. Herri sektore ezberdinek bat egitea deliberatuko dute, Laborantza Ganbararen, unibertsitatearen, euskararen koofizialtasunaren eta Euskal Departamenduaren aldarrikapenak uztartuz. Iniziatiba ezberdinak plataforma batean biltzeko apostu estrategikoak instituzioaren aldarrikapenaren inguruan masa mobilizazioak indartzeko bidea zabalduko du. Aldarrikapena jendartean zabaltzen joango da. Aurreko fasean egitura ezberdinetan eramango diren gogoetak eta elkarlanak sektore sozial eta ekonomiko ezberdinen hurbiltzea eragin baldin bazuen, jendartean aldarrikapena errotzen joango den heinean arduradun eta alderdi politikoen artean ere jarrera aldaketa eragingo du. Tendentzia politiko ezberdinetako ardura  arrak mugitarazi ditu, Frantses Estatuaren eta Ipar Euskal Herriko jenadartearen arteko talka irudikatzeraino. - Bozka abertzalearen bilakaerak ere eragin zuzena izan du, indar testimonial izatetik alternatiba sinesgarri izatera igaro baita azken hamarkadan, azken herri eta kantonamenduetako hauteskundeek argi asko adierazten duten bezala. - Eta nolaz ez, Aieteko konferentziaren biharamunean gertatu jarduera armatuaren bukaerak eragin zuzena izan du Ipar Euskal Herrian. Horren lekuko da inondik ere arduradun politiko nagusiek 2014ko urriaren 24an izenpetu zuten Baionako adierazpenean Ipar Euskal Herriko bilakaera instituzionalari egin aipamen zuzena gatazkaren konponbidean eman beharreko urrats gisa. Finean, euskal gatazkaren ondorioen konponbidean lortu diren adostasunak azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian eraiki den lan egiteko eredu eta kultura politikoaren ondorio zuzenak ere badira. Hortaz, adierazgarria da Estatuaren ordezkari ezberdinek Euskal Elkargoaren sorrera gatazkaren behin betiko konponbidea lor-tzeko eraiki den abagunearen ondorio gisa aurkeztu izana.

Paradigma berri bat sortu da: euskal lurraldea erreferentzia nagusi bezala agertzen da,
bai proiektu ezberdinen inguruan proposamenak egiterakoan, baita politika
publikoen gauzapenerako berezko esparru gisa. Funtsean, Euskal Elkargoa
Frantses Estatuaren aldetik Ipar Euskal Herriaren lehen ezagutza instituzionala da,
euskal lurraldetasunaren nolabaiteko ezagutza politiko eta zuzena.



Zer da Euskal Elkargoa?
Euskal Elkargoaren erakundetzea Frantses Estatu mailako erreforma administratiboaren baitan gertatu da, eta orain arte Ipar Euskal Herrian zeuden hamar herri elkargoen fusioaren emaitza da. Frantses Estatu mailako administrazioaren deszentralizazioan oinarritzen den egituratzearen maila bat baino ez da. Botere legegilea eta erabakitze ahalmena Estatu zentralari dagozkio. Euskal Elkargoari berriz soilik kudeaketa ahalmena dagokio. Hau da, ez du eredu propioa erabakitzeko eta legeak egiteko eskumenik. Soilik Frantses Legebiltzarrak finkatu dituen legeen ondorio diren politika publikoak egiteko eta kudeatzeko gaitasuna du. Frantses administrazioaren baitan hiru mailatan deszentralizatzen da eguneroko kudeaketa : Herriak, Departamenduak eta Eskualdeak. Euskal Elkargoa lehen maila administratiboan kokatzen da, herrien arteko elkarketaren emaitza baita. NOTRe erreformaren bidez Estatuak eskualdeak eta herri elkargoak indartzeko erabakia hartu du, departamenduen eta herrien kaltetan. Alde batetik, makro eskualdeak sortu dira, Aktinaia Berria kasu, eta herri elkargo txikiak handiagoetan fusionatu dira.

Euskal Elkargoaren eskumenak hamar herri elkargoek zituztenak dira. Erreforma berriaren baitan legeak aurreikusten du herri elkargo berriek departamenduetako edo eskualdeetako hainbat eskuduntza eskuratu ditzakeela, beti ere erakunde ezberdinen artean adosturiko prozesu baten baitan. Herri artekotasunak beste ondorio zuzena du : Euskal Elkargoan parte hartzen duten ordezkariak ez dira hauteskunde zuzenean hautatuak, eta Udaletxeen osaketaren arabera zeharka hautatuak dira. Sinbologiaz haratago, Euskal Elkargoaren ordezkariak zuzenean ez hautatzeak erakundearen pisu politikoa mugatzen du.


Euskal Elkargoaren antolaketa eta gobernantza
Sorrera prozesuan funtzionamenduari eta errepresentatibitateari loturiko hainbat korapilo askatu behar izan dira, hamar herri elkargotik bakarrera pasatzearen konplexutasunak baldintzaturik. Kostalde-barnekalde oreka, herri txikien ahotsa eta interesak zaintzea edo egitura berriaren legitimitate demokratikoa bermatzea izan dira garrantzitsuenak.
Euskal Elkargoak hiru organo erabakitzaile ditu :
  • Biltzarra: bertan 158 herrien ordezkariak biltzen dira (223 hautetsi). Erabaki garrantzitsuenak hartzen ditu (aurrekontua, eskuduntzen transferentzia, …). Herri txikien ordezkariek dute gehiengoa ordezkatzen.
  • Kontseilu iraunkorra: Biltzarrak delegatzen dizikion gaiei buruz erabakitzen du. 69 hautetsi biltzen ditu, ordezkaritza demografikoaren arabera hautatuak.
  • Exekutiboa: Lehendakaria, 15 lehendakari orde eta beste hamar kidez osaturik da.
Biltzarraren eta eta Kontseilu iraunkorraren osaketan lurralde arteko oreka bermatu nahi izan dute. Exekutiboaren osaketan berriz sentsibilitate politiko ezberdinen presentzia bermatzeko indar bereziak egin dira.
Euskal Elkargoaren erakundetzean, beste bi erakunde arituko dira, soilik izaera kontsultatiboa izanen duten arren : alde batetik Garapen Kontseilua, jendartearen ordezkari ezberdinak bilduko dituena ; eta bestetik Auzapezen Biltzarra, batez ere barnekaldeko herrien ikuskera ordezkatzea helburu izanen duena, kostalde/barnekalde oreka bermatzeko.



Euskal Elkargoak zabaltzen dituen perspektibak
Aspaldiko urteetan Ipar Euskal Herriaren erakundetzea lortzeko garatu den mugimenduak eta eztabaidak jendartean eragin zuzena izan dute. Gaur da eguna non jendartearen gehiengo zabalak bat egiten duen Ipar mendebaldeko hiru herrialdeen erakundetzearen beharrarekin.
Lerroak mugitu dira, eta paradigma berri bat sortu da : euskal lurraldea erreferentzia nagusi bezala agertzen da, bai proiektu ezberdinen inguruan proposamenak egiterakoan, baita politika publikoen gauzapenerako berezko esparru gisa.
Funtsean, Euskal Elkargoa Frantses Estatuaren aldetik Ipar Euskal Herriaren lehen ezagutza instituzionala da, euskal lurraldetasunaren nolabaiteko ezagutza politiko eta zuzena.
Oroz gainetik, Euskal Elkargoa eraikitzeko lehenetsi den metodologiak, hots, hautetsien eta lekuko eragileen artean oinarritu den « ko-eraikuntzak », sinergiak sortzeko balio izan du eta lekuan lekuko aktoreak aktibatu ditu.
Bestalde, adierazgarria da sortu eta hilabete gutxira Euskal Elkargoak asumitu duen lidertza politikoa Ipar Euskal Herriko hainbat arazoren aitzinean (hegazti gripearen krisian esate baterako). Euskal gatazkaren ondorioen gainditzeko bidean eta batez armagabetze prozesuan Euskal Elkargoak eta bere lehendakariak izan duten jarrera asuart eta arduratsuak indtituzio sortu berriak Euskal Herri mailako erreferente politiko izateko duen potentziala agerian utzi du. Lehen aldia izan da Euskal Herriko hiru esparru administratiboetako ordezkariak batera agertu direla.
Haatik, Euskal Elkargoak baditu bere argi ilunak, aurrera begira bistatik galdu beharko ez direnak. Herri elkargoak berez kudeaketarako erakundeak baino ez dira, eta kasu eman beharko da kudeaketa ikuspegi soilak ez dezan gaina hartu.
Horrez gain, lehen erakundetzeak herri ekimenetan eragin dezakeen desaktibazioa gerta ez dadin indarrak egin beharko dira. Izan ere, Ipar Euskal Herriaren erakundetzean sakontzeko aktore ezberdinen arteko elkarlana orain arte bezala garrantzistua izango bada, herri mugimendua gihartzea erabakigarria izanen da.
Oraingoz eta 2020 bitartean Euskal Elkargoa eraikuntza fasean aurkitzen denez, erronka nagusia berez dagozkion eskuduntzak betetzea da, eta ondotik berriak jasotzeko baldintzak sortzea. Zentzu horretan, mugaz gaineko harremanen eskuduntza eskuratzea erronka garrantzitsua izanen da, hiru esparru administratiboen artean lankidetzarako euskal esparrua eraikitzeko. Gaur egun, EAE eta Nafarroako instituzioen interlokutorea Akitania Berriako erakundea baita, eta ez dirudi oraingoz bederen eskuduntza Euskal Elkargoaren esku uztekotan dagoenik.
Erakunde berriak herriarekiko duen lotura demokratiko eskasa ere azpimarratzekoa da, herritarrek ez baitituzte ordezkariak zuzenean hautatzen. Herritarrekiko lotura politikoa indartzeko Euskal Elkargoaren ordezkariak zuzenean hauteskunde bidez hautatzea lortzea beste erronka nagusia izanen da.
Euskal Elkargoaren gobernantza arazoak ere begibistakoak dira. Berez herri txikiek pisu politiko handiagoa baldin badute ere, erakunde berriaren ibilmoldea Lapurdiko kostaldean zentralizatzeak kezkak eragiten ditu barnekaldean. Egitura oso astuna izateaz gain ez da batere efizientea.
Aurrera begira, Euskal Elkargoa sujeto politiko nagusi bihurtuz eta bere erreferentzialtasun politikoa indartuz, etorkizun hurbilean erakunde eraginkorrago bat eskuratzeko posizio hobeagoan aurkituko gara.
Azkenik, badirudi herri elkargoen eremua indartzen joango dela beste maila administratiboen kaltetan. Euskal Elkargoaren eskuduntzak indartzearekin batean Frantses Estatuak hauteskunde zuzen eta espezifikoak antolatzea hobetsiko balu, automatikoki Lurralde Kolektibitate baten eskenatokian aurkituko ginateke.



BI MENDEKO IBILBIDE LUZEA
1789ko abuztuaren 4an, iraultzaren zirimolan, Frantziako Biltzar konstituzioegileak Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako instituzioak desegin zituenetik etengabekoa izan da hiru euskal probintzien ezagutza instituzionalaren aldeko aldarria. Jarraian Frantziako Biltzar nazional osatu berrian Iraultzaileek ezarri nahi zuten eredu politiko-administratibo berriaren ezatabaidan, euskal probintzietako ordezkariek behialako instituzioak berreskuratu ezean hiru herrialdeak barnebilduko lituzkeen departamendua sortzeko proposamena formulatu zuten. Alferrik ordea, 1790eko urtarrilaren 12an, euskal ordezkarien protestei muzin eginez, Biltzar nazionalak euskal probintziak Behe-Pirineoetako departamenduan urtzea hobetsi baizuen.
Geroztik, ugariak izan dira hiru euskal probintzien ezagutza instituzionala aldarrikatzeko ekimenak eta proposamenak.


  • Deigarriena, inondik ere, 1811an joseph-Dominique Garat iraultzaile lapurtarrak Napoleoni luzaturiko gogoeta da (Espainiako jatorrizko herria, penintsula hartako iraultzak eta Espainiako eta Frantziako euskaldunak), zeinean mugaz bi aldeetako euskal probintziak barnebilduko lituzkeen eta Frantziako Inperioaren menpe egongo litzatekeen « Fenizia berria » deituriko Estatuaren sorrera proposatzen duen, horretarako, hizkuntza eta kultura bakarrak ezaugarritzen dituen euskal nazioan bermatzen delarik.
  • 1836an, Baionako komertzio ganbarak Frantziako erregeari Aturri izenpean eta Baiona hiriburu nagusi izanen zuen departamendu berri bat sortzeko proposamena luzatu zion.
  • 1945eko irailan, gerla ondoko lehen biltzar konstituzioegilean Jean Etcheverry-Ainchart euskal legebiltzarkideak hiru herrialdeak bilduko lituzkeen autonomia estatutua proposatu zuen.
  • 1963an ENBATA mugimendu abertzale sortu berriak, euskal departamendu baten sorrera aldarrikatu zuen, lehen urratsa gisa eskualde autonomo baterako bidean.
  • 1975 eta 1980 bitartean Baionako industria eta komertzio ganbarak alde batetik eta Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik bestetik, euskal departamendua aldarrikatzeko ekimenak sustatu zituzten, besteak-beste elkarte bana sortuz.
  • 1981eko Frantziako hauteskunde presidentzialen karietara, PSF-eko hautagai zen François Mitterrand-ek bere programan euskal departamendua sortuko zuela iragarri zuen. Behin hauteskundeak irabazi ondoan, proposamena baztertu zuen.
  • 1993an, Eraikitzen kolektiboak Iparretarrak erakundeak zabalduriko gogoetaren haritik Ipar Euskal Herriarentzako autonomia estatutuaren proiektua landu eta jendarteratu zuen.
  • 1994an, Frantziako gobernuaren eskutik Garapen Kontseilua sortu zen, Ipar Euskal Herrirako institituzio baten aldarrikapenari erantzuteko. 1995an berriz Hautetsien Kontseilua sortu zen. Bi egituren zeregina Ipar Euskal Herriaren lurralde antolaketa eta garapenari buruzko gogoetak eta proposamenak egitera mugatzen zen, bestelako ezagutza eta baliabiderik gabe.
  • 1999ko urriaren 9an, 12000 lagunetik gora bildu ziren Baionako karriketan euskal departamendua aldarrikatzeko.
  • 2002ko abenduaren 14an, herri mugimendu ezberdinetako ordezkariek BATERA plataforma sortu zuten. Plataformak ordurarte sakabanaturik aldarrikatzen ziren Laborantza Ganbara, Unibertsitatea, Euskararen ko-ofizialtasuna eta Euskal departamendua uztartuko ditu ekinbide bakarrean.
  • 2010an Frantziako lurralde antolaketa erreforma berriak departamenduen desagerpena iragarri ondoan, BATERA plataformak Ipar Euskal Herriarentzat Lurralde Kolektibitatea aldarrikatuko du.
  • 2012an, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak, Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengoak eta eragile sozial ezberdinek sostengaturik, « Estatutu bereziko Lurralde Elkargoa » proposamena landu eta ezagutzera eman zuen. Haatik, Frantziako gobernuak Ipar Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoaren sostengua zuen aldarrikapena baztertu zuen.
  • 2014ko ekainan, Pirineo Atlantikoetako Prefetak Frantziako gobernuaren izenean « Estatutu bereziko Lurralde Elkargoa » ordez hiru aukera posible proposatu zituen : gauzak zeudenean uztea, hots Ipar Euskal Herria elkarte egiturapean antolaturik atxikitzea ; Ipar Euskal Herriko 10 Herri elkargoak bilduko lituzkeen egitura federatibo bat sortzea ; edo Herri Elkargo bakarra egituratzea. Eztabaida sakonen ondotik, Ipar Euskal Herriko hautetsi eta eragile sozialen gehiengoak azken proposamenaren