Eusko Ikaskuntzaren Liburu Zuria eta Berdea:
Euskal lurzorua ontzen

Oso modu sinplean esanda: zer izan nahi du Euskal Herriak etorkizunean? Nola antolatzen da hori? Zein ardatzen gainean?... Horrelako edo antzeko galderei herri ikuspegiz erantzunak bilatzeko ariketa kolektiboa da liburu zuriarena. 

Eusko Ikaskuntzaren ekimena, Liburu Berdea

Eusko Ikaskuntzak mendeurrena beteko duen honetan, euskal lurraldeen inguruko diagnostiko edo egitasmo bat jarri du martxan azken urteetan. Egitasmo horrek Euskal Herriaren Liburu Berdea idaztea zuen asmo lehen geltoki batean, eta horretarako, lurraldetasunari buruzko diagnostiko partekatu bat egin dute. Diagnostiko horretan, besteak beste, gure herriak izen adostua behar duela aldarrikatzen da. Liburu Berdean, haien esanetan, “Eusko Ikaskuntzak erabili ohi dituenak darabiltzagu (“Euskal Herria” euskaraz eta “Vasconia” gaztelaniaz), baina, Liburu Berdetik Liburu Zuriko tarteak bide emango digu korapilo hori askatzen joateko eta izena bera ere eztabaidatzeko”. Horrez gain, Liburu Berdeak Euskal Herria mundu globalean kokatuz pentsatzen du, eta garai eta testuinguru horretan kokatzeko beharrezko tresnak zeintzuk diren aztertzen ditu.
Liburu berdeak bi helburu nagusi ditu: batetik, munduan lurraldeari eta lurraldetasunari buruzko kontzeptuen mapa bat osatzea, eta bestetik, euskal lurraldeen kohesioaren egungo diagnostiko bat osatzea. Alegia, lurraldeaz hitz egiteko egun kontzeptuek duten esanahia zehaztu eta adostu nahi izan dute, lantalde anitzak sortu eta modu parte-hartzailean. Terminologian adostasun batera heldu beharrari garrantzia eman diote, hortaz.


Hori egin ondoren, esan bezala, diagnostiko osotua egin dute euskal lurraldeen egoerari buruz. Horretarako, bost mintegi osatu dituzte hasieratik, eta 150 pertsona inguruk parte hartu dute, akademiako, gizarte eragileetako, kulturgintzako jendeak eta herritarrak izanik, besteak beste, partehartzaileak. Sentsibilitate desberdinak bildu dituzte eta lurraldetasuna kontuan hartu dute lantaldeak eratzerakoan. Horrez gain, interneten foroak jarri dituzte edozein herritarrek ekarpenak egin ahal ditzan.


Liburu Berdeari dagokionez, lau ataletan dago banatua. Lehenengo atalean, euskal lurraldeak kohesionatzeko oinarriak aztertzen dira, historia, kultura eta borondatea, hain zuzen. Historikoki, euskal lurraldeek “elkarkidetza sareak eta tresnak sakon ezagutzeko beharra azpimarratzen da”, besteak beste, lehen atal horretan. Lankidetza horretan gabeziak ere sumatu dituzte. Bigarren atalean, lurraldeen geopolitikara jotzen da, eta euskal herriko lurraldeen erakundetzea aztertzen da. Atal horrek euskal lurraldeen egituraketa aztertzen du, eta munduaren eta europaren egoeraren analisi bat egiten du ere. Horrez gain, euskal lurraldeen egitura politiko-instituzionalaren eta gobernantzaren diagnostiko bat egiten du, horien arteko sinergiak, ardatzak, desoreka historikoak, eta erabakitzeko gaitasun maila zein den aztertuz. Hirugarren atalean, euskal lurraldeen kohesioaren eta identitatearen gaia jorratzen da, aniztasunaren kudeaketa, lurraldeen narratiba (eta ondorio materialak), euskal lurraldeen markaren egoera eta aurrera begirako erronkak analizatuz. Laugarren eta azken atalean, euskal lurraldeen eremu fisikoa eta lurraldearen garapena aztertzen da, alegia, aspektu ekonomikoaren lurralde-estrategiak eta erronka ekonomikoak, eta lurraldeen jasangarritasuna eta ingurumenaren azterketa.


Finean, Euskal Herriaren egungo egituraketa soziopolitikoa kontuan hartuz osatu dute Liburu Berdea, eta lurralde horiek estrukturalki kohesionatzeko dauden aukerak, gabeziak, helburuak eta ezinbesteko premiak zeintzuk diren identifikatu ahal izan dituzte. Behin oinarri hori izanda eta hortik abiatuz, proposamenak egingo dituzte, hain zuzen, Liburu Zurian.



Liburu Zuria
Zer ote da Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria? Euskal Herriaren kohesioa eta elkarkidetza helburu, hori lortzeko oinarri programatikoak planteatuko lituzkeen dokumentu-gida gisa uler dezakegu; Euskal Herria osatzen duten lurraldeen arteko gobernantza eredu berri batean oinarritutako egitura soziopolitiko berriak hausnartu eta proposatuko lituzkeen liburua.

Azken boladan hedabideetan sarri entzun ditugu “prozesu konstituziogile” eta antzeko terminoak. Normalean, azaleko ulerkerarekin konformatzen gara horiek adituen kontuak direlakoan. Hara ba, Jaume Lopez kataluniar irakasleak -prozesu konstituziogileetan aditua dena, besteak beste- prozesu konstituziogileez azaldu zigun konstituzio bat osatzea helburu izanda, helburu hori gainditzen duten prozesuak direla aurreko horiek, hain zuzen. Prozesu konstituziogileak, jendarte batek bere burua juridikoki, instituzionalki, ekonomikoki zein gainontzeko esparruetan nola antolatuko duen erabakitzeko ariketa kolektiboak direla, eta tankera horretako ariketa batek nahitaezko baldintza dituela herritarren ahalduntzea, parte hartzea eta erabakimena. Bada, ahalduntzeko lehen urratsa ezagutza da, gauza bakoitzari dagokion izenez deitzen hastea: prozesu konstituziogileei prozesu konstituziogile eta liburu zuriari liburu zuri!

Eta zer ote da Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria? 

Euskal Herriaren kohesioa eta elkarkidetza helburu, hori lortzeko oinarri programatikoak planteatuko lituzkeen dokumentu-gida gisa uler dezakegu; Euskal Herria osatzen duten lurraldeen arteko gobernantza eredu berri batean oinarritutako egitura soziopolitiko berriak hausnartu eta proposatuko lituzkeen liburua. Eta oraindik ulertu ez bada, oso modu sinplean esanda: Zer izan nahi du Euskal Herriak etorkizunean? nola antolatzen da hori? zein ardatzen gainean?... horrelako edo antzeko galderei herri ikuspegiz erantzunak bilatzeko ariketa kolektiboa da liburu zuriarena. Esaterako, nola Eskozian hala Katalunian ere badute beraien Liburu Zuria: “Scotland´s Future: Your Guide to an Independent Scotland” Eskoziako gobernuak osatua eta“Llibre blanc de la Transició Nacional de Catalunya”, Kataluniako gobernuaren menpeko Consejo Asesor de la Transición Nacional erakundeak egina. 

Gurean Eusko Ikaskuntza erakundea da Liburu Zuriaren sustatzailea; Beatriz Akizu arduraduna, Xabier Alkorta zuzendari zientifikoa eta Mario Zubiaga koordinatzailea. 2018an Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena da, eta horren aitzakipean kongresua burutuko dute. Zubiagaren hitzetan Eusko Ikaskuntzak bere sorreran, aldaketez betetako garai nahaspilatsu hartan, XIX. mendetik XX.erako trantsizioa egiten lagundu zion gure herriari. Oraingoan ere, asmo berdintsuak gidatzen du Eusko Ikaskuntza. Herri hau gatazka ziklo bati amaiera eman nahian dagoen unean, hurrengo ziklora jauzia egiten laguntzea. 

Beharbada, prozesu konstituziogile baten oinarriak ezartzen ari direla esatea, handinahikeria litzateke. Baina euskal lurralde guztietako herritarrak, disziplina anitzetakoak, ikuspuntu eta ideologia ezberdinekoak elkarlanean aritzea Liburu Zuriaren osaketan gakoa izan liteke prozesu konstituziogile baten abiapuntuko txinparta bezala. Ikustear dago zertan bukatzen duen Liburu Zuriak, ikustear bere irismena edo lur hartzea nolakoa den jendartean. Alabaina, pixkanaka euskal lurzorua ontzen ari da, haziak erein behar emankorra izan dadin!