1
Sozialismoa da, orain ere, kapitalismoaren erokeria neoliberala eta bere fruitu diren faxismo berrien aurreko alternatiba zerumuga bakarra. Beste zibilizazio bat behar dugu eta zibilizazio horren funtsa denona da, komuna. Sozialismoa da planetaren bideragarritasuna bermatzen ahal duen proposamen bakarra.
2
Eraldaketa behetik gora egin behar da, jarduera
integralen bidez. Goitik behera eredu autoritario, burokratiko eta
zentralizatuak besterik ez dira birrekoizten. Bada garaia, beraz, abangoardismo guziak alde batera uzteko. Eta eraldaketa eredu berriaren gakoa demoaniztasunaren artikulazioa da.
Borroka eta eragile eraldatzaileen elkarlana da eraldaketaren oinarria,
esparru guziak hartu behar direlarik. Estatua borroka eta eraldaketa
esparrua da. Estatuaren lehia egin eta irabazi behar dugu sozialismoa
eraikitzeko. Estatua ez da, jakina, borroka esparru bakarra, baina
estatuaren inguruko lehiari ihes egitea eraldaketa aukerak mugatzea da,
ezinbestean. Finean, estatua herri mugimendu bilakatzea da erronka. Borroka integralak
behar ditugu, makro eta mikropolitikan artikulatzen dituztenak, ardatz
horizontal (parte hartzea) eta bertikala (ordezkapena) txertatuz.
3
Gaur egungo iraultza eraldaketa sozialista
da. Ez da biharko utzi behar gaur egin daitekeen aldaketa. Neguko
Jauregiaren Harrerari begira jardutea kaltegarria izan da
ezkerrarendako. Iraultza era ezberdinetan egin daiteke, altxamendu
orokorrak baztertu gabe, baina ezin da erreferente hori mitifikatu:
1917koiraultzari egiten ahal diogun omenaldirik onena gure garaiko
iraultzak egitea da. Behin betirako gainditu behar dira determinismo eta esentzialismo guziak.
Konplexutasuna aintzat hartuta, idatzita ez dagoen historia idatzi
behar dugu, eraldaketaren motorra borroka erreala delarik, ez aurretik
aukeratutako klase, alderdi edo herririk. Eraldaketaren subjektua herria
da, eraldaketa egiten duen jende multzoa.
4
Gure garaiko sozialismoa behar dugu,
XXI. mendeko erronkei aurre eginen diena, gure tradizio askatzailearen
oinarriak birziklatuz eta birsortuz. XXI. kapitalismoa gainditu nahi
duen XXI mendeko sozialismoa behar dugu. Bukatu da duela ehun urte ireki
zen aroa eta beste batean bizi gara. Ezkerrak erabat berritu behar du
bere egitasmoa, itxikeria, sektarismoa eta dogmatismoa alde batera
utziz, eta honek esperienziaren inguruko autokritika zorrotza eskatzen
du. Sozialismoak ez du porrot egin, baina porrot erraldoiak eraiki dira
sozialismoaren izenean.
5
Sozialismoak kapitalismoa gainditzeko urratsak proposatu eta gauzatu behar ditu.
Gure alternatiba ezin da ekonomiaren estatalizazioa eta planifikazioa
izan, baina are gutiago kapitalismo basatiaren jarraipena. Nabarmena da
formula berriak jarri behar direla mahaiaren gainean: eredu eta
esperientzia aniztasuna, kooperatibismoa, ekonomia komunitarioa…
Ekonomia errotik aldatzeko ezinbestekoa da estatua, baina zerumuga ezin
da zentralizazioa izan, ezta mitifikatutako planifikazioa ere. Denona
denon artean kudeatzeko formulen aniztasuna gorpuztu behar da, beste
ereduak eraikiz.
6
Feminismoa garaiko sozialismoaren zutabe nagusia dugu.
Feminismoaren ekarpenak gureganatu, berdintasunaren zerumuga indar oroz
bultzatu eta emakumeen borrokaren zentraltasuna bermatzea ezinbesteko
urratsak dira.
7
Gure garaiko eraldaketaren erronka nagusia demokrazia da, herriak botere guziak izatea. Liberalismoak
eta neoliberalismoak demokrazia gorrotatzen dute, ez dute inoiz maite
izan. Herriaren presioak bultzatu du demokratizazioa, gertatu delarik,
zuzenan, lorpen gisa, ala iraultzaren
beldurrez. Ikurra kendu behar diegu, beraz, zera argi utziz iraultzaren
zerumuga demokratizazio integral eta errotikoa da.
8
Berdintasuna eta denonen (komunen) defentsa dira
zerumugaren mugarriak. Sozialismo komunitarioa eraiki behar dugu…
Gurean, batzarra, auzolan eta komunalen gaurkotzea da formula berrien
inspirazio nagusietako bat. Sozialismo estatisten ereduak gaindituz,
behetik gorako joerak lehenetsi behar ditugu, jendartearen
demokratizazioa maila guzietara zabalduz.
9
Akats erraldoia litzateke zaletasun eta pasioen esparrua
kapitala edota faxista berrien eskuetan uztea. Nazioa, herria,
elkartasuna, errebeldia, pasio politikoak estrategia eraldatzailearen
motorra bilakatu behar ditugu. Garrantzia berezia eman behar zaio maila
honetan nortasun eta naziotasunaren auziari.
Internazionalismo berria
eraiki behar dugu, zeinean herrien eskubideak aldarrikatzen baitira,
kosmopolitismo neoliberala eta itxura aurrekoia hartu nahi duen
kosmopaletismoa gaindituz. Herrien sozialismoa izanen da munduko
sozialismoaren aurrekaria. Behetik gora egin behar da gure garaiko
iraultza, herrietatik. Beste globalizazio bat bultzatu behar dugu, aske izan nahi duten herriena.
10
Bizi garen egoerak urrats bat ematea eskatzen digu XXI. mendeko sozialistoi eta, orohar, Ofentsiba eraldatzailera pasa behar dugu maila guzietan.
Aurre egin behar diegu neoliberalismoa eta alternatiba faltsua den
faxismo berriari maila guzietan, ekonomian, ideologian, egunoroko
bizitzan…Mobilizazio eta borroka fase berriak irekitzeko tenorea da
1917ko iraultzaren mendeurrena.