Subiranotasun
energetikoa Gure bizitza eta ekonomia guztia energiaren bitartez
mugitzen da. Energia lana egiteko magnitude fisiko bat izanik, lana
egiteko materiaren ahalmena da, beroa sortzea, argia piztea edota
mugimendua eragitea ahalbidetzen duena. Energia edonon aurki daiteke eta
bizitzeko ezinbestekoa da. Subiranotasun energetikoari buruz hitz
egitea, aldiz, energia mota desberdinei buruz hitz egitea (energia
berriztagarriak) baino konplexuagoa da. Energiaren gaineko erabakiak
nortzuk hartzen dituzten, eta zein ondorio eta helbururekin egiten duten
hartu behar da kontuan. Alegia, baliabide energetikoen kontrola nork
duen, ze eredu energetiko proposatzen duen, eta eredu horrek gizartean
eta ingurumenean duen eragina aztertu behar da. Horrez gain,
subiranotasun energetikoaz hitz egitean, energiaren plangintza publiko
eta demokratikoaz hitz egiten ari gara. Kontuan hartu behar da eredu
energetikoa eredu sozialak baldintzatua dagoela erabat. Hau da, eredu
energetikoaren auzia ez da isolatua, eredu sozialari guztiz lotua dago.
Izan ere, non kontsumitzen da energia gizartean? Eraikuntzan, industrian
eta ehuneko handi batean garraioan.
Hortaz,
energia aurrezteko neurriez hitz egiten dugunean, eredu sozialaz hitz
egitera behartua gaude (garraio ereduaz, etxebizitza ereduaz, eta abar),
azken horren menpekoa dela ezin baitugu ahaztu. Eredu sozialak
baldintzatuko du, hortaz, eredu energetikoa. Aipatzekoa da hilero
pagatzen ditugun ordainagirietan ikusten dugun energia kontsumoa unitate
familiar bakoitzeko urtean kontsumitutako energiaren heren bat baino ez
dela. Heren horretan elektrizitatearen fakturan, energia termikoa
(hotza, beroa) eta energia mekanikoa (garraioa) sartzen da. Ondorioz,
urtean gastatzen dugun energiaren bi herena, gehiengoa, ez da faktura
horietan ikusten. Non dago gastu hori? Hain zuzen, beste energia guztia,
elikagaien (hauen prezioaren zati handi bat energia da),
ehun industriaren, elektronikaren, uraren, eta abarren produkzioan,
garraioan eta mantenuan gastatzen dugu energia hori. Alegia,
subiranotasun energetikoaz hitz egitea, eredu sozialaz hitz egitea da
ezinbestean: nola erlazionatzen garen, zein den gure bizi eredua, zer
kontsumitzen dugun, eta abar.
Frankismoaren eredu desarrolista eta Aznarren gobernuaren energiaren pribatizazioa
Atzera begiratuz gero, Euskal Herria energetikoki burujabea zen duela 150 urtera arte. Energia
sortzeko biomasa, haizea, ura, eta abar lehengai gehiago erabiltzen
ziren. Industrializazioarekin batera, ordea, goitik behera aldatzen da
energiaren kudeaketa. Izan ere, industrializazioaren ondoren, pixkanaka
energetikoki ia guztiz menpeko bihurtzen joan baikara.
Aipagarria
da Nafarroako kasua: duela 50 urte inguru, zentral mini-hidraulikoak
zituzten hamarnaka enpresa publiko eta kolektibo zeuden. Ondoren, eredu
desarrolista etorri zenean, frankismoak bultzatuta, zentral hidrauliko
txikiak (herri txikietan zeudenak, udalek gestionatuak)
deuseztatu,
eta urtegi handiak eta zentral energetiko handiak (batik bat ikatzaz
elikatuak) hobetsi ziren, eredu energetikoa zentralizatzen eta esku
gutxiren menpe uzten zuten proiektuak martxan jarriz (HUNOSA hemendik
dator, adibidez).
Operazio
horrek bi fase izan zituen: lehen fasean, estatuko enpresak sortu ziren
diru publikoarekin; bigarren fasean, enpresa horiek pribatizatu egin
ziren. Lehen fasean, hortaz, Felipe Gonzalezen gobernu “sozialistak” 80
pribatizazio burutu zituen (automozio, turismo, elektronika,
itsas-garraioa…) diru kutxa publikoetan 13.200 miloi euro utziz.
Endesa, Iberdrola, Unión Fenosa eta Gas Natural bezalako enpresak
oligopolio egoeran utzi zituen, eta pribatizatzeko baldintza guztiak
sortu. 1997an, Aznar PPko espainiar estatuko presidente ohiaren lege
elektrikoarekin pribatizatu egin zen sektore hau, Europatik zetorren
aginduari jarraituz, alegia, Europako prozesu neoliberala pausoz pauso
jarraituz. Horrela, herritarrenganako iruzur handienetako bat burutu
zen, burugabekeria sektorial izugarria aurrera eramanez. Horrela,
Espainiar estatuko eredu energetikoa
pribatizatu egin zen, eta horren ondorioz, esku gutxiren menpe geratu.
Hortik aurrera, enpresa pribatuek kudeatu dute energia. 1997tik aurrera,
hortaz, energiaren liberalizazioa egon da, eta energia bermatzea jada
ez da estatuaren eginkizuna izango, enpresa gutxi batzuena baizik.
Beraz, esan bezala, ekoizpenaren ia osotasuna enpresa gutxi batzuen esku
geratu zen. XXI. mendean, krisi energetikoa 2008ko krisi
ekonomikoarekin batera areagotu zen, batzuen iritziz, petrolioaren
prezioen krisiak eraginda. Izan ere, baliabideak agortuz joan dira,
gure eredu
energetikoaren oinarri diren baliabide fosilak mugatuak direla ezin
baita ahaztu. Kontsumitzen den energia kopuruak gora egin du, eta
energia eta ekonomiaren loturaren ondorioz, Barne Produktu Gordinak gora
egitean energia kontsumoak ere gora egin du.
Kontuan
hartu behar da, hortaz, energiaren eskumena Estatuentzat garrantzi
berebizikoa dela. Hego Euskal Herrian, esaterako, energiaren kontu
tronkalak oso lotuak dauzka Espainiar estatuak. Eta beldur gabe esan
daiteke, EAE zein Nafarroako autonomiek Espainiar estatuaren
bat barruan sekula lortuko ez duten eskumen bat dela energiarena.
EAE eta Nafarroako egoera energetikoa, menpekotasuna eta krisia
Baliabide
fosilen izaera mugatuaz jabetzen hasi garen arte, gure (in)kontziente
kolektiboan energiak ez du izan garrantzia zentrala. Baina azken
urteetan, jendartearen eta mugimendu eraldatzaileen ardatzetako bat
bilakatzen ari da. Izan ere, egoera oso gordina da. Euskal Autonomi
Erkidegoak eta Nafarroak izugarrizko menpekotasun energetikoa daukate,
Frankismo garaian baino menpekotasun handiagoa. Izan ere, Kataluniarekin
batera, Europan menpekotasun energetiko handienetakoa dugun herrialdea
gara. Euskal Herriko biztanleok, mendebaldeko jendarte industrial garatu
moduan, per capita kontsumo altua dugu. Oso kontutan hartzekoa da gure
ekonomiaren oinarrietako bat den industriak (BPGaren ia %25) energia
kontsumo maila altuak dituela, baina energia berriztagarrien ekoizpen
eta kontsumo maila oso txikia dela. Bestalde, ekoizpen eredu oso
zentralizatua dugu, oligopolioa, hain zuzen.
Egoera
energetikoari dagokionez, hortaz, gero eta zailagoa da testuingurua.
Menpekotasun energetiko ia osoa dugu, eta energia berriztagarriak
ehuneko oso gutxia baino ez dute betetzen. Arabaren kasuari dagokionean,
esaterako, kontuan hartu behar da Gasteizek kontsumitzen duela Arabaren
%80a, industrian eta mugikortasunean batik bat. Aipagarria da, zentzu
horretan, EH Bilduk mugikortasun elektrikoa bultzatu duela (esaterako,
Arabatran proiektua eta autobus elektriko azkarra (BRT), publikoa eta
kolektiboa).
Menpekotasunaren aurrean, Arabako eta Nafarroako ekimenak
Energiaren
alorrean, herriaren (Arabako herriaren) garaipentzat hartu daiteke
duela gutxi emandako Garoñaren itxiera (irekierarako lizentzia ez
berritzea, sensu stricto). Azpimarratu behar da, ordea, Arabako gizartea
ez dela soilik Garoñaren eta Franckingaren aurkako mobilizazio hutsean
aritu. Izan ere, aspaldi ari da alternatiba bideragarriak martxan
jartzen eta hezurmamitzen. Araban, gero eta norbanako eta instituzio
gehiagok nuklearrik gabe bizitzeko hautua egin du, eta bide horretan,
Iberdrola eta Endesarekin (Garoñaren jabeak direnak) apurtzeko
konpromisoa hartzen ari du, energia berriztagarriekin konprometituak
dauden kooperatiba eta enpresen alde eginez. Ekimen horien artean,
azpimarratzekoa da Asparrenakoa. Auditoria esperimentala egin eta
proiektu europarretan elkarlanean ari dira duela urte batzuetatik hona.
Asparrenako
udalak (10 herriz osatua eta 1600 biztanle ingururekin) Araiako San
Pedroko zentral hidroelektrikoa %100ean kudeatzen du eta horren
etekinekin district heating biomasa (herri berogailua) proiektua martxan
jarri du, energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Biomasa
proiektu horrekin hiru eraikin munizipalei (eskola, kultur etxea eta
anbulatorioa) beroa igortzen die. Horrekin, aurrezpena bultzatu eta
aurretik egon den energia xahuketari balazta jarri nahi izan zaio.
Horrez gain, bioekonomia forestala ere martxan du, baso publikoen
kudeaketa jasangarriarekin. Ondorioz, energia lortzeko prozedura
jasangarri eta berriztagarriak hobesten ari ditu proiektu horrek. Zuiako
kuadrillan bide bertsutik jo dute. Iberdrolarekin zeukan kontratua
bertan behera utzi duen Arabako lehen herria izanik, hornitze elektrikoa
energia berriztagarria hobesten duen enpresa batekin lotu dute.
Horrela, Europar Batasunako legediak hartutako erabakia babesten dute,
kontratazio publikoak helburu sozialak lortzeko eta ingurumena babesteko
lanabesak izan behar baitira. Alegia, subiranotasun energetikoaren
bidean eredu jasangarria bultzatzea da erabaki horren helburua. Horrela,
2016an %10eko aurrezpen ekonomikoa lortu zuen.
Azpimarratzekoa
da, Zalduondon ere aldaketa hau egin dela, eta beste herri batzuetan
tramiteak hasiak direla energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko.
Bestalde, Nafarroan, hiru egunetik behin energia berriztatzaileekin
hornitzen da energia komunitate osoan. Eta hala ere, eboluzioa
kezkagarria izan da. Izan ere, ezin da energia berriztagarriak eta
subiranotasun energetikoa parekatu. Duela hamarkadak Nafarroako
Komunitate Foralean bi enpresa publiko funtsezko zeuden, bata energia
berriztatzaileen kudeatzailea zena, eta bestea finantzarioa: EHN
(Energia Hidroeléctrica de Navarra, maila europarrean punta-puntakoa)
eta CAN (Caja de Ahorros de Navarra). EHN orain pribatizatua dagoena,
Acciona izenarekin; CAN ere pribatizatu egin da, ezaguna denez. Egoera,
beraz, ez da xamurra Nafarroan ere •