Garai
ilunak bizi ditugu, utopia eta zientzia fikzioa lehen lerroko gaiak ez
diren denbora. Gaur egun nahikoa izaten da posible denaren markotik
ateratzen den edozein ideia aipatzea inguruan barreak entzuteko. Erotuta
omen gaude.
Errazagoa
zaigu existitu ez zen erreinu demokratiko bat ideal politiko bezala
irudikatzea, 1917an amestu eta lortu zuten langile eta nekazari
emantzipatuen errepublika demokratiko bat ulertu eta berriro lortzen
saiatzea baino. Errusiako Iraultzaren aurretik eta ondoren Marteko
gizarte komunistei buruz idatzi zuten. Orain Martera iristea ere
ezinezkoa omen zaigun honetan, bertara iristen den gizakia gaitasun eta
irudimen handiko heroia da, Robinson Crusoeren antza du, eta etxera
bueltatzea du helburu, normalitate hegemoniko bakarrera. Gero eta
urrunago dago Marte Gorria. Garai batean irlak ziren Utopia, itsasoaren
bestalde hori, non dena zen posible, eta aukeren zabaltze horrek bizitza
eta etorkizun hobe baten aukera ematen zigun. Irla utopikoak, ilargiaz
haragoko planeta bihurtu ziren XIX. eta XX. mendeetan zientzia fikzioari
esker. Orain berriz sareko irlak dira, bizi dugun errealitate itsusitik
ateratzeko gaitasuna ematen digutenak. Sareko bidaia interplanetarioak,
eta irla/planeta hauetako komunitateak, izango dira agian etorkizuneko
utopiak. Bai, fikzio sozialak behar ditugu.
Thomas
Morek Utopia argitaratu zuen Martin Lutherrek Laurogeita hamabost
Tesiak plazaratu baino urtebete lehenago. Ondoren etorri ziren
nekazarien matxinadak, anabaptisten erlijio iraultza emantzipatzaileak,
eta nola ez kontra-erreforma. Nikolas Makiavelok idatzi zuen Printzea,
eta Cromwell gailendu zen Ingalaterrako iraul-tzaren eromenean,
nibelatzaile eta aitzurtzaileak sortu ziren giroan. Argien mendearen
ondoren, herritarrentzat porrot egindako iraultzen ondoren, proletalgoa
jaiotzen ari zela eta Parisko Komunak berriro porrot egin ondoren,
Louise Michelek aurrerabidean sinisten jarraitu zuen. Horretarako
heldulekuetako bat izan zen XIX. mendeko zientzia fikzio progresista,
eta Julio Vernerekin izandako harremana edo H.G. Wells eta Edward.
Bellamy
irakurtzeko aukera. Bogdanovek 1908an idatzi zuen Izar Gorria zientzia
fikzio liburua, zeinean gizarte komunista bat deskribatzen duen Marten,
lurrean alderdiko arazoak nagusi diren garaian. Garai horretakoa da
Leninekin izan zuen polemika teoriko garratza. Aurrerago etorri ziren
Proletkult (instituzio artistiko sobietarra, iraultzarekin batera
sortua), eta biohacker esperimentu baten ondorioz, heriotza. Garai hura
izan zen seguruenik utopia soziala eta errealitate iraultzailea hurbilen
egon diren momentua. SESBen eta herrialde komunistetan zientzia
fikzioak garrantzia izan zuen, baita bide ezberdina hartu zuten
herrialde kapitalistetan. Kapitalismoak berak, eta horren ondorio izan
zen faxismoaren goraldiak, gizartearen aurrerapenaren muga eta
desbideraketak erakutsi zituen, distopiaren loraldiari bide emanez.
Utopia errealen garaian distopiak garaile. 1989an garaitu zuen utopia
liberalak, gaur egun bizi dugun gutxi batzuen utopia liberalak,
gehiengoarentzako distopia kapitalista. Momentu horretan aldarrikatu
zuten historiaren amaiera, baina historiak demostratu duenez oso bizirik
dagoela, esan dezagun momentu horretan gertatu zela etorkizunaren
amaiera. Etorkizunik ez, punki irredentoek zioten bezala kalean eta
cyberpunk mugimenduak sarean. Biziko genituen distopiak mugara eraman
eta horiek ez gertatzeko alarma piztu nahi izan zuten. Horren
erakusgarri dira, 1990ean publikatuko Irlen sarea eta Diamantearen Aroa;
batak, zein besteak komunitate autoeratuen garrantzia eta nazio
estatuen krisia, korporazioen gailentzearekin batera erakusten
dizkigute, era ezberdinetan bada ere. Mezu argi bat ere utzi ziguten
“Etorkizuna hemen dago, baina ez dago ongi banatuta”. Kapitalismoaren
garaipen handienetakoa izan da, etorkizun utopikoak, edo okerrago,
hegemonikoa den ideologia neoliberaletik ateratzen den edozein etorkizun
irudikatzeko gaitasuna kentzea. Eta etorkizun ezberdinak irudikatu eta
pentsatzeko gaitasunarekin batera, gaur egungo marko ideologiko
hegemonikotik ateratzeko aukera ere kendu digute. Izugarrizko arazoa
daukagu, izan ere, gaur egun ez daukagu estrategia emantzipatzaileak
eraikitzeko aukerarik.
XXI.
mendean gaude, planeta berrietara bidaiak eguneroko kontu bihurtuak
behar zuten garaia, denok lan gutxiago eginez bizitza ona izango genuen
mendea... Baina non daude gaurko ziren errealitate horiek? Garai ilunak
bizi ditugu. Errealitate politiko eta sozialak ez digu etorkizun
emantzipatzailerik erakusten, ezin dugu marko neoliberala hautsi,
oraingoz. Argi pixka bat baldin bada zientzia fikzio eta fikzio sozial
utopikoan aurkitu dezakegu. Esaterako, China Mieville marxista
bizarroaren errealitatearen hausturekin, posiblearen zurruntasunean
mundu urrun, paralelo edo fantastikoetara iristeko aurkitutako
arrakalekin; edota Ursula K. Leguinen gizarte emanzipatu, feminista eta
ekologisten irudikatzearekin, beti ere kontraesanez beteak,
baina arazoen aurrean, komunitate izaera indartsuen bitartez, aurrera
eginez. Zer egin baina garai ilunotan? Bizi dugun fase kontserbadorea
errealitatea dela ulertuz, estrategia nostalgiaren bidetik eraikitzeko
tentazioari eutsi, eta modu sortzailean posiblearen markoak hautsi eta
ikuspegia zabaldu behar dugu. Etengabe bide bakar bezala erakusten
diguten etorkizun distopikoari aurre egin behar diogu. Ezin dugu
automatizazioak soberakin sozial bihurtuko dituen kontsumitzaile
ejerziturik sortzen utzi, zeinean oinarrizko errenta ere kapitalaren
tresna bihurtuko den, eta zaintzaren krisiaren ondorioz, komunitateak
hausten ikusiko ditugun. Horren aurrean, lan emantzipatua eta denontzako
oparotasuna erdigunean izango dituen etorkizunak sortu behar ditugu.
Nola? Lehenik irudikatu eta fikzio moduan bada ere ahalik eta gehien
sortu eta zabalduz.
Iraultza
berriak eta eraldaketa sakonak egiteko, beharrezkoa izango da irla eta
planeta berrietara bidaiak amestea, toki horietan bizitza eta etorkizun
emantzipatuak amestea. Horretarako fikzio utopikoa eta zientzia fikzioa
landu beharko ditugu, baita gurean ere. Morek, bere Utopia idaztean,
kontinentetik banandu behar izan zen irla bat irudikatu zuen. Irla
sortzeko, aitzurra hartu eta milaka pertsonen lanarekin lubakia ireki
eta Utopia sortu zuten. Gaur, guri berdina dagokigu; urgentea da.