Hurrengo
lerroetan prozesu burujabeei buruzko deskripzioa baino, hauen
ekarpenari begiratuko diogu, mundu globalizatu honetan eta 2010etik
aurrera bereziki, mugimendu independentistek gauzatu dituzten
estrategiek gramatika berri bat osatu dutelako, demokrazia erdian
kokatuz eta herritarren burujabetzak helburu izanik.
2010etik
aurrera bereziki, mugimendu independentistek gauzatu dituzten
estrategiek gramatika berri bat osatu dute, demokrazia erdian kokatuz
eta herritarren burujabetzak helburu izanik. Herri soberania gauzatzeko
mekanismoek huts egiten dutenean agertzen dira soberania eskaerak. Gaur
gaurkoz esan daiteke Europar Batasunaren barruan abian diren prozesu
independentistek soberania, demokrazia eta lurraldetasuna helburu dutela
Prozesu
soberanista ezberdinak ezagutu ditugu denboran zehar. Ez dira berriak,
ez Europan ezta Europar Batasunean ere. Haatik, berria dena zera da,
estatu bat bitan edo gehiagotan zatitzea eta estatu berri horren
kokapena Europar Batasuneko markoan, edo bestela esanda, sezesioa eta
“barne zabalkundea” ekonomia integrazio egitura horretan ematea. Gai
hauetan aditua den Graham Averyk, Europar Batasunean hamar prozesu
soberanista inguru daudela dio, eta prozesu hauetariko bakoitzak berezko
ezaugarriak, garapena eta momentum-a dituen arren, elementu komunak
izan badituztela dio.
Funtsean,
prozesu guzti hauek bizi duten garaiko emaitzak izan dira eta badira
ere gaur egun: 90.eko hamarkadan, Sobietar Batasunaren eraispenaren
ondorengo egoera ezaugarritu zuten faktoreen emaitzak Letonia, Lituania,
Eslovenia, Montenegro, Kosovo... izan diren bezala, gaur egun,
integrazio prozesu europarraren eraginpean kokatzen dira Katalunia,
Eskozia, Euskal Herria....
Baina
era berean, mugimendu independentistek sortu dituzten efektuek
nazioarteko komunitate ankilosatua eta honen aktoreak, ezkerraren parte
bat barne, aztoratu egin dituzte, hainbat mugitu ezinezko kontzeptuak
birpentsatzera bultzatzen ari direlako, hain zuzen. Beraz, “domino efektua” gertatu da, baina nolakotasunean dago gakoa.
Paradigma aldaketa
1945eko
Nazio Batuen Gutunaren 1.2 artikuluak autodeterminazioari erreferentzia
orokorra egiten dio, eta, batez ere, gerrate mundialaren ondoren
testuinguru kolonialetan zabal aplikatua izan zen. Marko juridiko horrek
XX. mendean zehar prozesu historiko askori sostengua eman zion. Izan
ere, autodeterminazio eskubideak Lehen Gerlaren ondoren zehaztu ziren
mugak ahalbideratzeko eta XX. Mendeko 90eko hamarkada bitartean ezagutu
dugun
nazioarteko komunitatea marrazteko erabili zen. Autodeterminazio
eskubidea, hortaz, eskubide unibertsala bada, Sobietar Batasunaren
amaieraren ondoren eta Berlingo Murruaren erorketaren ondoren, abiatu
ziren prozesu soberanistek lehen etapa batetan herrien eskubide hau
aldarrikatu baino, beste printzipio legitimatzaileak ikusarazi eta
lehenetsi zituzten. Ildo horretan demos berrien aldarrikapen
demokratikoekin batera, eta testuinguru global berrian instituzio eta
abaguneen definizio berriak agertoki politikoaren zentrora pasatu
ziren:demokrazia gehiago, askatasunak, ekologismoa, hizkuntza...
Esan
daiteke eskari hauen aurrean Estatuak mantendu zuen gaitzespenak
independentziaren eskaera lagundu zuela. Esaten ari garenaren adibide
dira, esaterako, Errepublika Baltikoak: Lituania, Letonia, Estonia. Gaur
egun mundu globalizatu honetan, eta batik bat 2008az geroztik Europan
dauden mugimendu independentistentzako -Katalunian, Eskozian, Irlandan,
Korsikan, Flandrian, Euskal Herrian-, printzipio horiek lehentasuna
lortu dute, eta XXI. mendeko erronken aurrean aktibatu duten gehiengo
sozial berrien ardatz egituratzaile bilakatu dira. Esan daiteke
aldarrikapen demokratikoak aldarrikapen independentistak bilakatu
direla. Izan ere, Jule Goikoetxeak ondotxo gogoratzen digunez, Herri
soberania gauzatzeko mekanismoek huts egiten dutenean agertzen dira
soberania eskaerak. Gauzak horrela, gaur gaurkoz esan daiteke Europar
Batasunaren barruan abian diren prozesu independentistek soberania,
demokrazia eta lurraldetasuna helburu dutela eta sekuentzia bertsu bati
segitzen diotela: aldarrikapen demokratikoak, independentziaren aldeko
hautets arrakasta, dauden instituzioen balio eta erabilpena,
elkarrizketarako determinazioa erakusteko denboraren kudeaketa,
etengabeko demos definitua ikustaraztea eta erreferenduma. Botere
zentralaren aldetik, ordea, Independentziaren kontrako jarrera nabarmena
izanik ere, oso ezberdina da jarrera hau. Nabarmena da desberdintasuna,
adibidez, tradizio liberalanglosaxoian, eta gainerako Europako tradizio
liberal edo sozialistan. Lehenean aintzat hartzen da aniztasuna, eta
ondorioz prestutasun handiagoa agertzen da elkarrizketarako eta akordio
bilateralak hitzartzeko, Eskozia, Faroe, edo Quebecen gertatu bezala.
Bigarren joeran, berriz, berdintasun kontzeptuari erreparatzen zaio
gehiago, eta zailtasun handiak agertzen dira herrien aniztasuna kontuan
hartzeko. Jugoslavia ohia adibide argia da, alde batetik, eta frantziar
eta espainiar estatuak ezin argiagoak eta ezagunagoak, bestetik.
Frantzian salbuespen gisa uler liteke Kanakiakoa (edo Kaledonia berria),
baina lotuago ematen du kolonien autodeterminazio eskubide zaharrari.
Desberdintasunak
desberdintasun, herrialde ezberdinetako estaturik gabeko nazio gehienek
-Eskozian salbu- euren borondate demokratikoa aurrera eramateko
helburuz, legalitate eta lejitimitatearen arteko eztabaida zabaldu duen
aldebakartasunaren aldeko hautabidea egin dute: Eslovenia, Kosovo eta
Katalunia dira horren lekuko.
Nazioarteko Zuzenbideak sezesioa ez badu onartzen -salbu erremedio gisa, remedial rigth-,
esan behar da ez duela ere hau ukatzen, ezta bere jarduera debekatzen.
Paradigma aldaketa horretan erabakitzeko eskubidea eta honetatik
eratortzen diren ondorioak kokatu behar ditugu. XXI. Mendeko mundu
globalizatu honetan, estaturik gabeko nazioak diseinatzen ari diren
soberania estrategiek nazioa osatzen duen komunitate tradizionala
gainditu dute. Gero eta herritar gehiago jabetzen ari dira euren
komunitatea eta estatu zentralaren arteko harremanaren krisiaz, bai eta
euren botere politikoaren galeraz. Jabetze horrek komunitatearekiko
atxikimendu berriak sortu ditu , ohiko identitario mugak hautsiz eta
gehiengo sozial berriak zein borondate anitzen artikulazioak gauzatuz
(Eskozia, Katalunia...). Herritarren xedea bizi duinago baten aldeko
erakundetze berria lortzea da, estatu berri bat osatzea eta
burujabetzaren aldeko diskurtso demokratikoa du oinarrian.