Kostata, baina kalean da Erriaren hirugarren zenbakia. Epe luzerako begirada jartzeko asmoz, ezker abertzalearen bihotzean dagoen hipotesi estrategikoari begiratu nahi izan diogu oraingoan, atzera eta aurrera begirako ariketa bikoitza eginez. Txanpon beraren bi aldeetatik, forma poliedrikoa duen aldeanitzeko burujabetzara, galga edo kontraesan nagusia askatzeko bide berriak pentsatu asmoz. Nazioa, generoa eta klasea elkarlotzen dituen artikulazio saiakera, urrun geratzen den burutazio teorikoa baino, praktikan posible den artikulazioa dela erakutsi digu Euskal Herriko mugimendu feministak.
Euskal Herriaren boteretze material eta formalean sakonduz, Nafarroako azken urteetako esperientziak erakusten digu borrokaren jokalekua usteltzen ari den erregimen baten eta aldaketa nahi duen herri baten artean ardazten dela. Ipar Euskal Herrian ere, burujabetza material eta formal prozesu betean murgilduta egonik, burujabetza territorialean sakontzeko erronka dugu hurrengo urteetan. Azkenik, EAEko egoerak eta Espainiako Estatuko egoera politikoaren bilakaerak berretsi egiten du ondoko hausnarketa: testuinguru historiko honetan ez dirudi estatu espainiarrak bere defizit demokratikoari alboratuko duenik, ez behintzat epe labur edo ertainean. Gaur-gaurkoz, autodeterminazio eskubidea ez du onartzen eta, beraz, eta momentuz ez dago itundutako erreferendum bat egiteko aukerarik. Alta, estatu espainiarreko alderdi independentisten arteko aliantzak, Estatuan eragiteko aukera berriak ireki ditzake, orain arte ibili gabekoak.
Europako testuinguruak badu zeresanik aurrekoan. Borroka politikoa, herri burujabetza eta demokraziaren eta eliteen inboluzio autoritario eta ez demokratikoaren artean ardaztuta egonik, estaturik gabeko nazio batzuen egoera politikoaren bilakaerak beste norabide bat erakusten du. Europan, behinik behin, auzi hori demokratikoki konpontzen hasi denaren zantzuak aurki daitezke. Historian zehar izan diren beste joera batzuekin gertatu den bezala, posible ote da joera hori ere Espainiako Estatura iristea noizbait?
Lehengo estrategian eta agertokietan, epaile papera esleitzen genion nazioarteko komunitateari. Hau da, erraztaile eta bitartekari lana zegokion Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen onarpena ekarri beharko luketen elkarrizketa eta akordioetan. Hain zuzen ere, hori lortzea zen nazioarteko komunitatean egiten genuen lanaren helburu nagusia. Estatua demokrazitatzea, gure eskubideak erabili eta gure helburuak erdietsi ahal izateko.
Gaur egun, eta bide adostua baztertu gabe, oso argi daukagu bi gauza lortu behar direla, ezinbestean, independentzia estatuarekin hitzartu gabeko prozesu baten bidez eskuratzeko: nazioarteko komunitatearen aitortza eta herritarren gehiengoaren babesa. Bi baldintza horiek ezinbestekoak dira, baina litekeena da aski ez izatea. Izan ere, aurrean ditugun estatuek defizit demokratiko sakona dute. Espainiar Estatuak orain arte egin duen bezala, bere tresna guztiak erabiliko ditu, hala estatuan bertan nola nazioarteko testuinguruan, helburu horietarantz aurrera egin dezagun eragozteko.
Estatu bat izatera iritsi ahal izateko, herri gisako politikak behar ditugu nazioarteko eremuan. Gure nazioarteko politika ezin da izan ohiko alderdiek egiten dutenaren berdina. Ezinezkoa zaigu. Guk ez daukagu estaturik eta ez digute autodeterminazio eskubidea aitortzen. Beraz, gure atzerri politikaren xedea nazioartearen aitortza lortzea izan behar da, gure printzipioak eta gure interes politikoak kontuan izanik beti. Helburu horiek lortzeko, estaturik gabeko beste nazio batzuekiko artikulazioa eta lankidetza erabakigarriak izango dira Madrili, Parisi eta Bruselari begira, batzen gaituena elkarrekin landuz eta bereizten gaituena errespetatuz.