Frantziak errepresio estrategia aldatu eta militante politikoen aurkako erasoei ekin zienean, Ipar Euskal Herriko abertzaleek asmatu zuten, eraso horiek palanka bilakatu eta gizarte zibila aktibatzeaz gain, pentsamolde askotako politikarien babesa biltzen. ETAren armagabetze eta desegite prozesuan, zein Frantzian preso dauden euskal herritarrak gerturatzeko lanean, bete-betean aritu da Anaiz Funosas (Baiona, 1979), Bake Bideako presidentea. Azken urteotako prozesuaren gakoak aztertu eta ateratako ikasgaiak zehaztu dizkigu elkarrizketan.
Gizarte zibilaren aktibazioaren jatorrian,
Frantziaren errepresio estrategia gogortu izana dagoela esan izan
duzu.
Jendarte zibilaren parte hartzea prozesu luze eta sakon baten ondorioa izan da Ipar Euskal Herrian. Egia da kasu konkretuek aitzinatzea eta parte hartzea bultzatu eta, batez ere, parte hartzearen ulermena lagundu dutela. Gure kasuan, 2004tik aitzina, frantses estatutik etorri zen eraso politiko eta juridikoa. 2004an, euroaginduak jarri zituzten Segiko hiru militanteren aurka. Aurrekari ikaragarria, Europa mailan lehen aldikotz aplikatu zelako neurri hori militante politikoen kontra. 2004ra arte izan ziren eraso errepresiboak ETAko kideen eta haien laguntzaileen aurka baziren, ordutik aurrera, estrategia aldatze sakona izan zen. Eta aldatze horren muina, nik errango nuke, dela frantses estatuak pauso bat eman zuela garaian [Baltasar] Garzonek teorizatutako “dena da ETA” horretan. 2004an hasi zen euroaginduekin, eta horren ondoren Ipar Euskal Herrian gazteriaren eta hainbat proiekturen —Batasunaren, Askatasunaren...— aurka egingo ziren eraso horiek guztiak izan ziren guretzat palankak biltzeko, abertzaleetatik eta mugimendu ezkertiarretatik harago joateko.
Uste dut adostasun batera iritsi ginela: arazoa ez zegoela gure artean, baizik eta Parisek euskal gatazkaz egiten zuen kudeaketan. Eta gehienek aldarrikatu genuen aterabide demokratikoak atzematea. Egia da Aurore Martinekin eman zela pauso kualitatibo indartsua edukietan, baita arriskatze eta inplikazio politikoan ere. Denok dugu gogoan lehen atxilotze saiakera hartan pertsonaz osatutako harresia egin zutenean, horrek pauso kualitatiboa ekarri zuela. Egia da estatuak maila goian ezarri zuela, Auroreren aurretik Jon Anzaren desagerpena izan genuen. Uste dut horrek denak ere eragin zuela independentismoari beldurra ziotenek ere esatea ez zeudela dena onartzeko prest. Bertako hautetsiak gaizki zeuden, gobernuarekin lerrokatutako hautetsiekin biziki konfrontatzen ginen. Gure artean, kontzientzia hartze hori izan zen, arazoa politikoa zen heinean, politikoki bideratu behar zela, terroristen eta demokraten dikotomian erori gabe.
Frantzia erabat lerrokatua zen Espainiaren teoriei eta praktikei. Paraleloki terrorismoaren aurkako borrokaren izenean espainiar aparatu juridikoari, poliziari eta armadari kristoren indarra eman zitzaion. Bi estatuen arteko Carcassoneko gailurrak eman zion kristoren aldaketa estrategia horri, Frantzian botere handia eman arte Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari, eta horren ondorioa zen Anzaren kasuan. Beraz, hemen ez da onartzen “dena da ETA”-ren izenean nahi den guztia egitea. Ipar Euskal Herria txikia da, denok elkar ezagutzen dugu eta hautetsi batzuek horren neurria hartu zuten: geroz eta jende gehiago jota, geroz eta kalte handiagoa dela Ipar Euskal Herrirako. Jazarritako militanteen aldeko enpatia sortu zen, beraz, eta zabaldu egin zen Martinen kasuan, frantses estatu guztian. Batasunaren ideien aurka zirenek ere ezin zuten onartu emazte militante bat presondegiratua izatea prentsaurreko batzuk emateagatik eta bilera batzuetan parte hartzeagatik.
Ipar Euskal Herrian lortu dugu kolpe errepresibo
guztiak aktibo politiko bilakatzea. Hori da urteotako lanetik
atxikitzen dudana. Gu ere pixkanaka ohartzen joan gara zer den
erantzuna, zer den herri aktibazioa, zer den herria. Pauso hori eman
izanak eragin zuen 2011n Aieteko konferentzia egin zenean hemen
indarrak askatzea. Eta denentzat aukera bat bilakatu zen, denek
bageneukan ekarpena egiteko aukera horretan.
Aieteko konferentzia Hego Euskal Herrian egin bazen ere, ezarri zuen mugarria Ipar Euskal Herrian.
Ipar Euskal Herrian zurrunbilo batean geunden Aieteren garaian. Gogoeta sakon batean geunden, publikoa ez zena. Hainbat eragile eta hautetsiak diskretuki hitz egiten hasiak ginen: egoera horri aterabide politiko eta demokratikoa eman behar zitzaiola eta hori zer zen zehaztu behar genuela. Orduan, sartu ginen halako prozesu batean, bi baldintzarekin: iragana ez izatea abiapuntu eta errespetua mantentzea. Bilkura denboran bakoitzak erran nahi zuena errateko eta bakoitzaren egituraren erritmoaren arabera aritzea bermatzen genituen. Mahai horretan egon ziren posizio hartze batzuk, eta bagenekien eragile batzuek ezin zutela posizionatu, onartu behar zirelako haien barne eztabaidarako mekanismoak. Gakoa izan da prozesua lehenestea beti, bidea egitea eta horretarako behar zen denbora hartzea. Gu gogoeta horretan ginen, denon arteko adostasun bat behar genuela eta mobilizatzea ezinbestekoa izango zela bagenekien. Eta orduan etorri zen Aiete.
Garrantzitsua izan zen Ipar Euskal Herrirako. Lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko arduradun politikoak gonbidatuak zirelako halako marko batean parte hartzera. Eta frantses estatua ere izendatua izan zelako deklarazio hartan. Frantzia Espainiaren maila berean lerrokatu zen. Ipar Euskal Herrian, arduradun politikoentzat une garrantzitsua zen, nazioarteko pertsonalitate esanguratsuak bertan zelako, eta horrek eragiten zuelako. Frantses estatuaz gain, bake prozesuan aktibo egon behar zuten eragile guztiak ere izendatuak izan ziren deklarazioan: estatuak, ETA, eragile politikoak eta jendarte zibila. Eta, gainera, jendarte zibila jarrita prozesuaren garapenerako berme gisa. Horrek baieztatu egin zituen guk genituen gogoetak, eta lehen aldiz sentitu genuen paper bat genuela. Horren ondoren, segidan etorri zen ETA erakundearen erantzuna. Orduan, oso naturalki, deliberatu genuen ez genuela itxarongo bigarren puntua betetzera, laugarren puntuan sartzea eta eragitea erabaki genuen.
Bake bidearen sorrera etorri zen ondoren, 2012an.
Aiete 2011ko urriaren 17an izan zen eta gu segidan bildu ginen, baita politikariak ere. Sentsazioa genuen ez genuela eskubiderik ez erantzuteko deialdi horri, zordun ginela iruditzen zitzaigun, egoera berri horretan heziko zen belaunaldiari begira. Ondorioak ere oso presente genituen, noski, eta aterabide bat eman behar zitzaien, baina ororen gainetik belaunaldi berri hori genuen gogoan. Bake prozesua egiazkoa izateko dena egiten ez bagenuen, uste genuen geuk sortuko genituela gatazka berriz sortzeko aukerak. Hori da beti gogoan atxiki duguna eta baturik atxiki gaituena.
Oraindik Aurorerena kudeatzen ari ginen, ekainean irten zen, atxilotzen saiatu ziren eta berriz gorde zen hainbat militante eta hautetsiren etxeetan. Aietekoa gertatu zenean, ari ginen ikusten nola ekidin Auroreren Espainiaratzea, baina, batez ere, haren aurkako euroagindua azkena izan zedila eta ahalik eta koste politiko handiena sor zezala. Manifestazio bat egin genuen horretarako eta ondoren bueltak ematen hasi ginen: zer erran nahi du jendarte zibilaren parte hartzeak? Aktibo izatea eta parte sentitzea nahi bagenuen, ulertu behar genuen zer zen bake prozesu bat, zeri erantzun behar zion, zein ziren oztopoak... eta hor ginen talde hori ahal bezala formatzen hasi ginen, laguntza ukan genuen Conciliation Resources eta Berghof fundazioengandik.
Orduan, aktibismotik heldu ginenak geunden eta erabaki genuen gorputz berri bat ematea jendarte zibil horri eta parioa egin genuen egitura berria sortzeko, ez plataforma bat, mugimendu zibil bat izan nahi zuen. Noski, eragileen izenean jendea egongo zen bertan. Hala, urriaren hastapenean, Bake Bidea sortzera zihoala esan genuen, eta lehen unea 2012ko abenduan antolatutako foroa izan zen, Lokarrirekin antolatu genuena. Bi helburu zituen: lehenik, Ipar Euskal Herrian ulertaraztea zer izan zen Aiete, nola iritsi ginen horra eta zer zen bide orri hark proposatzen zuena; eta bigarren helburua zen gonbidatzea Ipar Euskal Herriko jendarte zibil anitz hori eta partekatzea lehen momentu hori. Anfiteatroa bete genuen, Paueko eta Baionako unibertsitateek babesa eskaini ziguten, prestigioa eta neutraltasuna eskaini ziguten eta Bake Bideari indarra eman zion.
Ipar Euskal Herrian lehen aldia zen nazioartetik aditu batzuk etorri zirela eta horrek ere asko ekarri zuen, jendeak sentitu zuen egiten ari ginenak biderik ez bazuen, nazioarteko jendea ez zela etorriko. Eta foro horren baitan Aieten egon ziren Ipar Euskal Herriko arduradun politikoek testu bat egin zuten publiko, gero Baionako deklarazioa bilakatu zena.
Nola asmatu duzue, aldi berean, jendarte zibila aktibo eta arduradun politikoak konprometituta mantentzen?
Egia da Ipar Euskal Herrian jendarte zibilaren eta hautetsien arteko harremanak ez direla Hego Euskal Herrian bezalakoak, instituzio publikorik ez genuenean behartuak izan garelako geure tresnak sortzera. Beti mobilizazioen bidez egin dugu aurrera eta mobilizazio horiek eragin dute hautetsien engaiatzea. Askoz naturalagoa izan da jendarte zibilaren eta hautetsien arteko elkarlan hori. Mesfidantza batzuk egoten dira, baina oro har elkarri konfiantza egiten diogu. Hautetsi horiek, ariketa aurrera eramateko, behar zuten jendarte zibil aktiboa. Eta jendarte zibilak ere behar zituen tendentzia guztietako hautetsiak, gure gogoetari babesa eskaintzen ziotenak. Foro horretatik aitzina gauzak konpartituz eta adostuz joan gira, hori izan da gure indarrik handiena.
Aieteren ondoren zenbait urrats berehala espero baziren ere, urteak behar izan dira prozesua azkartzeko. Luhusoko armagabetze ahaleginera arte, esaterako, bost urte behar izan ziren.
Blokeoa zen Paris eta Madril ez zirela mugitzen. Guk beti kontsideratu dugu hori hala izanik aterabidea herritik etorriko zela. Aldebikotasuna denok espero genuen, eta hori nahi zen, mahai batean ETA eta estatuak ondorioen irtenbidea atzemateko. Lurralde bezala gogoetatu dugu eta joan gara gure artean adostera zer den eta zer izan beharko lukeen eta zer zen Parisek egin beharko lukeena. Aho batez joatea deliberatu genuen eta hori zen klabea, aldebikotasun hori aldatu zen, eta ondorioztatu genuen Aiete eta gero gurekin hitz egin behar dutela, eta egin behar genuena zela agenda bat osatu eta hori betearazi.
Luhusoko armagabetzean, berriz, bakegileen perfilari esker, lurrikara sortu zen. Ipar Euskal Herrian eta estatuaren baitan. Baionako deklarazioan adostasun politikoa jasota geratu zen, jendarte zibila inoiz baino zabalagoa zen Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, eta Asanblada Nazionaleraino eraman genuen auzia. Estatutik bueltan ezer ez etortzeak mespretxua hedatu zuen, eta hori gogorra zen hautetsientzat, haiek ematen dizkiote kontuak herriari. Beraz, Luhusokoa gertatu zenean, bazen konbentzimendua horretara iristeko, estatuak horretara behartu gintuelako, ez gaitezen tronpatu. Horrela egin zen, ez zegoelako beste biderik.
Horren ondoren etorri zen Baionako armagabetzea, Frantziak gertatzen utzi zuen eta Espainiak ere ez zuen oztopatu.
Badakigu iniziatiba gaizki hartua izan zela ere, baina horrela egin zen, ez zelako beste biderik, izan balitz, aspaldi hartuko zen. Ipar Euskal Herrian bagenekien denek Luhusoren ondoren, gure erantzukizunen aurrean jarrita ginela eta bat eginda lor zitekeela. Eta lortu da. Frantses estatua ere ohartu da betiko bidetik segitzen bazuen haren aurka etorriko zela, eta hobe zuela egiten uztea. Egia da tenkatze momentuek ekartzen dutela kontzientzia hartzea. Uste dut Frantziak Espainiari “aski” esan diola, armak haren lurraldean zirelako eta berak kudeatzea erabaki zuelako.
Behin armagabetzea eginda, argi eta garbi ezarri zenuten zein zen hurrengo lehentasuna: Orain presoak, zenioten, eta Luhuso armagabetzean izan zena, Paris presoen auzian izatea nahi zenuten.
Argi geneukan estatuari tokatzen zitzaiola pausoa ematea, prozesuari ziurtasuna eta guri konfiantza ematea. Bake prozesuan engaiatuak ginenek behar genuen, baita presoek ere. Ipar Euskal Herrian ez da sekula disoluzioa baldintza bezala kontsideratu, zerbaiten ondorioa zen. Horretara iristeko, bidea lagundu behar zen eta presoen gaian pausoak eman behar ziren. Prozesu normal batean negoziazio bat egongo zen, bake akordioa, horren baitan armagabetzeak prozesua lagunduko zuen, errepresaliatuen itzulera eta biktimen aitortza, eta disoluzioa. Gurean, gauzak ez dira arrunt normalak, baina armagabetzea eginda, bermatu nahi genuen edozein prozesutan bermatzen zena. Bagenekien disoluzioa ez zela azken elementua izango, baina lagundu behar zela eta laguntzeko presoen eremuan pausoak eman behar zirela. Frantziak ulertu du bere legea errespetatu eta bidea egin behar duela. Beraz, desblokeatu da egoera eta ez da gutti, nondik gatozen ikusita, bi estatuetatik bat mugitu izana.
Eta orain, zein fasetan gaudela esango zenuke?
Errango nuke Aieteren garapenaren sekuentzian gaudela Ipar Euskal Herrian. Uste dut armagabetzea egin zenean denok genekiela zibilki egitera behartuak izan ondoren, bide horrek jarraituko zuela, engaiamendua hartu genuen prozesua bururaino eramateko. Bi estatuak lerrokatuta egotetik, bat deslotzea lortu nahi genuen. Behin lortuta, deslotze hori handiagoa izango delako denboran zehar. Deslotzea ez da erabatekoa, bestela, preso guztiak gerturatuak izango lirateke, emazteentzat irtenbidea atzemana izango zen, baldintzapeko askatasunak emanak izango ziren... baina bagira fase horretan, eta orain sakondu behar dugu.
Parisekiko kontaktua etengabea da, ministeriorekin eta eragileekin. Egia da gauzak ez doazela aski fite, baina ber momentuan, esparru hori plantan jarri da joan den urriaren 19an. Denbora gutxi da, baina bai, segitzen dugu. Delegazioak beti argiki hitz egin du, irtenbide globala atzematearen bidean, salbuespenezko neurri guztiei aterabide bat eman arte jarraituko duela lanean. Azpimarratzekoa da nola planteatu dugun elkarrizketa esparru hori. Metodo berritzailea eta inportantea da, delegazioak esku artean du Baionako deklarazioa, baina presoen kolektiboarekin hitz eginez eraikitzen du esparru hori. Hori onartu da ministerioan ere. Elkarrizketa hirukoitzean ari gira aitzinatzen.
Beraz, espazio bat ireki da, balorean jarri behar da, presoak hurbilduak izan dira, hastapen bat da, etorkizuna duen espazioa da. Lehen mugimendu horretan borondate baten adierazpena ere egon da, izan zitezkeen soilik bizpahiru hilabete falta zitzaizkienen hurbilketak. Ez da hori soilik izan, eta jakin behar da baloratzen.
Baina bagira fase batean oztopoak dituguna ere, badira lobby ikaragarriak, hasita biktimengandik. Lortu dugu Ipar Euskal Herria benetan sartzea prozesuan eta aktibo bat izaitea. Eta horrek ekarri ditu bere tentsioak. Eta aski da ikustea eragile batzuen posizioa Ipar Euskal Herrian egiten den lanarekiko, eta Euskal Elkargoko lehendakariarekiko. Etorri gira gauzak inarrostera ere. Ipar Euskal Herrian aski babestuak ginen lehen Hego Euskal Herrian zeuden tentsioengandik, eta orain bagira afektatuak. Horrek erran nahi du lurralde kontzientzian ere aurreratu dugula.
Lobby lana, presioak, oztopoak... Arnagako konferentzian falta zirenez ere asko hitz egin da.
Zenbaiten ausentziak bete-betean eragiten du, egia da bilanak egiterako unean ez dela lortu behar zen uneetan bateratasun instituzionala izaten.
Ikasgai bat baino gehiago atera daitezke prozesu honetatik. Zerekin geratzen zara zu?
Hasteko, gure bideak argi utzi digu ezinbestekoa dela jendarte zibilaren aktibazioa eta parte hartze zuzena. Kolonbiako negoziazio prozesuan, erreferenduma egin zutenean eta aurkakoa atera zenean, ohartu ginen: adostu daitezkeela gauzak eragileen eta instituzioen artean, baina jendeak ulertzen ez badu, ez bada parte sentitzen, ez dugula biderik egingo, edo laburra egingo dugula.
Lan egiteko manera bat utzi du honek guztiak Ipar Euskal Herrian. Lortu dugu kultura politiko berri bat garatzea: elkarrizketa, denak mahai baten inguruan jartzea, manifestaldi baten egon behar denean egotea, epe motzeko etekin politikoak alde batera uztea. Zailena hori da, bakoitza arriskatu gara, alde guztiak. Alde bat arerioarekin biltzen zelako eta beste aldea terrorismoa babestu dutenekin biltzen zelako. Bide eta elkarrizketa hori justifikatu ahal izateko, tentazioa izaten da ariketa norbere aldera eramateko, baina ez da hala gertatu. Kontzientzia hartze hori izan da niretzat indartsuena, epe luzean prozesua irabazle ateratzeko epe laburreko etekin politikoak baztertzea.
Lurralde ikuspegi bat ere irabazi dugu, uste dut denak kontent garela, bederen bide horretan sartu garen guztiak, Ipar Euskal Herria errekonozitua izateaz. Eta, ororen gainetik, gu ere parte garela, zeren eta bazirudien Ipar Euskal Herrian ez zela gatazkarik. Egia da ez dela hainbeste hildako egon, eta bake prozesuaren beharra aldarrikatzen genuenean jendeak ukatzen zuen hemen gerlarik bazenik. Beraz, bai, onartu da gatazka politiko baten konponketan ari garela. Biziki konplikatua da Hego Euskal Herrirako gomendioak ematea. Baina uste dut badirela irakaspenak denentzat: adostasun politikoa eta jendarte zibil aktibo eta antolatua direla prozesuaren garapenaren bermea. Bi horiek funtsezkoak dira.