Erria, aldizkari berria, martxan

Ez, ez da akatsa. Ondo irakurri duzu: erria.

Ez, ez da akatsa. Ondo irakurri duzu: erria. Eta akatsa balitz, gaitz erdi: akatsetatik beti ikasten baita zerbait; eguneroko bizitzan eta baita politikagintzan ere akatsak egitera behartuta gaude, ikasi eta bidea egingo badugu. Norbait honezkero ohartuko zen kostaldeari lotuta dagoen hitza dela aldizkariaren izena. Euskal Herriko kostalde luze-zabalean, erria txikota oihua entzuten da; horrekin, moilatik sokak askatu, eta itsasoan zeharreko bidaia hasten da. Ez dabil oker, beraz, horrela ulertu duena. Hori hitzaren adieretako bat baino ez da, ordea. Erriak garai historiko honetan bilatzen dugun hori adierazten du: gure  itsasontzia portutik erriatzea, kalean, kartzelan zein deserrian dagoen herriaren potentzial eta indar guztia askatzeko.

Badakigu, bai, izenak izana ematen duela. Alta, begirada nondik nora eramaten den, hortxe dago koxka; zentroa eta periferia non kokatzen ditugun. Inertziekin amaitu nahi dugu, gugandik hasita: lurralde, gorputz eta aldarrikapen jakin batzuek periferia izateari utzi, eta objektu izatetik subjektu izatera pasatzea. Sustrai Colinaren hitzak moldatuz, Euskal herria gelditu ez dadin euskal erdian, periferia erdigunera ekarri dezagun.

Badakigu, bai, izenak izana ematen duela. Alta, begirada nondik nora eramaten den, hortxe dago koxka; zentroa eta periferia non kokatzen ditugun. Inertziekin amaitu nahi dugu, gugandik hasita: lurralde, gorputz eta aldarrikapen jakin batzuek periferia izateari utzi, eta objektu izatetik subjektu izatera pasatzea. Sustrai Colinaren hitzak moldatuz, Euskal herria gelditu ez dadin euskal erdian, periferia erdigunera ekarri dezagun.
Horrez gain, gaurkotasunaren esklabu garen honetan, egunerokoaren diktaduratik ihes egin eta begirada pausatu ahal izateko lanabesak eskaini nahi ditu aldizkari honek; hori du xedea. Halaber, alternatiba berrietarako zantzuak sumatzen ditugu, xumeak eta aldi berean ausartak. Eta horretara gatoz lehen ale honetan: alternatiba berri horien printzak atzeman eta orri hauetara ekartzera, maila globaletik lokalera, eta alderantziz.

Aldizkariaren edukiak askotarikoa izan nahi duenez, elkarrizketak, dosierrak, sinadurak eta gomendioak biltzen ditu. Sarreran, txiolandiara jo dugu, azken hilabeteetako kronika bat marraztu asmoz. Jarraian, hainbat elkarrizketa: baga, egungo testuinguru soziopolitikoaren ikuspegi orokorraz mintzo zaigu Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia; biga, Mauricio Olite tafallarra Nafarroako tren sozialaren beharraz; higa, Jaume Lopez erabakitze eskubideaz eta prozesu katalan eratzaileaz; laga, Pat Rice bere bizipen politikoez. Artikuluak eta sinadurak ere badira: Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak lortutako Euskal Elkargoari buruz; subiranotasun energetikoaren aferaz, Arabako ekimenei garrantzia emanez; Eusko Ikaskuntzak bultzaturiko liburu berdeaz eta liburu zuriaz, azken hori Zuriñe Gojenolak idatzia. Halaber, Elena Beloki Europako prozesu subiranisten egungo egoeraz mintzo zaigu, Floren Aoizek Errusiako iraultzaren urteurrenaz gako batzuk ematen ditu, eta Beñat Irasuegik gogora dakar iraultza hartan fikzioak izandako garrantzia. Euskal Memoriak plazaraturiko Euskal Herriko tortura kasuekin, infografia bat ere ekarri nahi izan dugu orriotara. Azkenik, hainbat liburu eta dokumentalen gomendioak egin dizkigute. Hortaz, aldizkari honetan bada non aukeratu.

Bukatzeko, hainbat liburu eta dokumentalen gomendioak aurkituko dituzu. Aldizkari honetan badago abagunea, hortaz, elkarrizketa eta artikulu mamitsuak zein artikulu eta sinadura sotilagoak irakurtzeko.

Irakurri, hausnartu, eztabaidatu; proposamen eta kritika eraikitzaileak jasotzeko prest gaude, nola ez. 

Gustuko izango duzulakoan, on egin!