Aritz Lopez eta Asier Altuna

2018-10-01

ESKALA POLITIKOA KUBAN

Sortuko militante talde bat Kuban izan da udan, Iratzar Fundazioarekin batera antolatutako Eskala Politikoan parte hartzen.


Munduaren luze zabalean dauden esperientzia eraldatzaileetatik beti izaten da zer ikasia. Munduan zehar bidaiatzen dugunean eskalak egiten ditugu sarri aireportuetan, hegazkinez aldatzeko. Hortik “eskala” politikoa izena. Geldialdi labur bat esperientziak xurgatu eta erakusteko, Euskal Herriaren eskalara moldatu ahal izateko beti ere.

Kubakoa izan da lehen Eskala. Bigarrena, berriz, irailean izan da Kataluniara. Jarraian, Kubatik idatzitako kronika bat duzu irakurgai.

SANTIAGO - CIUDAD HERÓICA

Uztailak 17

Eskala Politikoko kideok Habanatik Santiagora uztailaren 17an abiatu ginen guaguaz (Kuban autobusei horrela deitzen zaie). Bi hiri hauen artean 900 kilometro inguru daude, baina bidaiak 16 ordu iraun zituen. Bidaiak horrenbeste irautearen arrazoia ala ere ez zen soilik Kubatarren patxada izan, blokeoak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioak nabarmenak baitira herrialde osoko azpiegituretan.

Kubako errepide eta autopistetan gauza batek atentzioa deitzen badu, hori iraultzaren inguruan baina batez ere Fidelen inguruan dauden mural, kartel eta margoketak dira. Bidaiaria txundituta gera daiteke Playa Giron-en, Moncadako asaltoaren, Fidelen esaldien edota orokorrean iraultzaren inguruan topatu ditzakeen ehunka mezuekin.

Iraultzaren inguruko mezuz beterik dauden errepide eta autopista horietan, herrialde honek modernitatearen eta iraganaren artean dituen kontrasteak modu nabarmenean azaleratzen zaizkigu. Aire girotua indar biziz duen guagua moderno batean bidaiatzen ari zarela, 40-50. hamarkadako autoak, Sobiet Batasunaren garaiko traktoreak nahiz zaldiz edo idiz dabiltzan gurdiak topatu ditzakezu errepideetan.

Santiagora heldu ahala, begi bistakoa da Santiageroek beraien izanaz sentitzen duten harrotasuna. Hiriaren sarreran dagoen mural batean "Es Santiago, siente el orgullo de su historia" esaldia agertzen da "Santiago es y será la cuna de la revolución" esaldiarekin batera. Bertako herritarrak oso kontziente dira hiriak Kubako historian, altxamendu eta iraultza ezberdinetan eta ekarpen kulturalean egin duen ekarpenaz. ¡Santiago, rebelde ayer, hospitalaria hoy, heróica siempre!


Uztailak 18

Santiagon egon garen egunetan, antolakunde eta instituzio ezberdinekin egoteko aukera izan dugu, prozesu iraultzailean jokatzen duten papera ezagutu eta iraultza bera barrutik ezagutzeko. Lehen bilkura Instituto Cubano de Amistad con los Pueblos-eko (ICAP) kideekin izan genuen. Bilkura beraien egoitzan izan zen, Iraultzaren ostean Kubatik alde egin zuten Burges Santiageroen auzoan kokatua. Kubarekiko elkartasuna adierazten dutenekin egiten duten lanaren berri eman ziguten, besteak beste, munduko txoko ezberdinetatik datozen "lan" brigadekin egiten dutena eta atzerritik ikastera datozen ikasleekin egiten duten asistentzia lana.

Iraultzaren funtzionamenduari buruzko sarrera bat eta Santiagoko historiaren aipu batzuk egin zizkiguten. "Santiago es la ciudad mas rebelde de Cuba". Esaldi horri ordea ez zaio arrazoirik falta, batistaren erregimenak eraildako gazteak, Moncadako eta "la sierra y el llano"ko martiriak, presente daude oraindik independentzia gerrako martiriekin batera. Fidelek ere Santiagoko udaletxean aldarrikatu zuen Iraultzaren garaipena 1959ko urtarrilaren 1ean. Eta espainiarrak bertan errenditu ziren independentzia gerra galdu zutenean.anekdota eta guzti. Jatorria Santiagon duen Barcardí ron ezagunari buruzko anekdota bat ere kontatu ziguten: "Después de la revolución, la familia Bacardí se llevo la marca del ron, pero nosotros nos quedamos con el secreto". Egun Santiago izena duen rona Kubako hoberena da.


Bilera amaituta, Santiagoko Santa Ifigenia hilerria ikustea eraman gintuzten. Sinbolismo handiko hilerria, 1980. urtetik monumentu nazionala izendatua. Bertan daude, besteak beste, Jose Marti independentzia gerrako heroia, Fidel Castro Ruz Iraultza Kubatarraren heroia edota Mariana Grajales de Maceo "Madre de Cuba" izendatua independentzia gerran 7 seme galdu ostean.

Egun berean, masa antolakundeetako kideekin egin genuen bilkura: Unión de Juventudes Comunistas (UJC), Federación de Mujeres Cubanas (FMC) eta Comités de Defensa de la Revolución-ekin (CDR). Kubako jendarte sozialista nola antolatzen den eta antolakunde hauek jendartean nola eragiten duten azaldu ziguten. Gehienbat CDRen paperean sakondu genuen.

Boniato auzoko CDRan egon ginen. Esan zigutenez, CDR bat dago Cuadra -kale- bakoitzean. Komite hauek dira herritarrak prozesu iraultzailearen parte bilakatzen dituena, eztabaida politikoak auzoan zabalduz, hauteskundeetan barruti bateko hautagaiak proposatuz, ekintza kulturalak antolatuz... Bertan, 16 urte baino gehiago dituzten herritarrek hartu dezake parte eta zuzendaritza karguak auzotarren artean aukeratzen dira. Ezagutu ditugun kasu guztietan gehienak emakumeak dira. Ez dakigu ziur kubatarren zein ehunekok parte hartzen duen CDRetan, seguruenik tokian toki ezberdina izango da. Guk zuzenean ezagutu genuen CDRan, bertako biztanleen %99,2ak hartzen du parte eta gainera ezin da ahaztu hauteskundeetan zein eztabaida politikoetan parte hartze maila handiena duen munduko herrialdea dela Kuba.

Bertako umeek, Jose Martiren poesia batzuk eta Fideli eskainitako kantua abestu zizkiguten. Errezitaldiaren ostean, zeintzuk ginen eta nondik gentozen azaltzeko parada izan genuen, eta haiek trukean beraien eguneroko bizimodua eta antolatzeko zituzten erak azaldu zizkiguten. Topaketa ederra izan zen, beraiekin solasteko aukera izateaz gain, bertako fruta eta jaki ezberdinak dastatzeko aukera ere izan baikenuen.

Uztailak 19

Lehen egunak askorako eman bazuen ere, bigarrena ez zen motz geratu. Goizeko lehen orduan Santiagoko "Asamblea Popular" probintzialarekin, gure legebiltzarraren "ekibalentearekin", bildu ginen. Aurreko egunean ez bezala, Kubaren inguruan eta instituzio sozialisten inguruan gehiago sakontzeko aukera izan genuen. Hiru orduz,instituzioen funtzionamenduaz, emakumearen paperaz, homosexualitateaz, kirolaz, gazteen egoeraz, ekonomiaz, erlijioaz eta kriminalitateaz aritu ginen hizketan. Emakumearen papera bizitza politikoan gero eta handiagoa da, adibidez "Asamblea del Poder Popular"eko (parlamentu nazionala) delegatuen gehiengoa, ondorioz piramide demografikoak lehen munduko herrialdeen antza handia du. Jaso genuen inpresioagatik, Kubatarrak oso kontziente dira beraien sistemak dituen bertute eta gabeziez. Azken hauek ez dituzte ezkutatzen, baina hauei aurre egiteko zailtasun estrukturalak dituzte.

Eguerdi partean, Santiagon azken bidai turistiko bat egiteko probestu genuen. Hiri hau piraten eta kortsarioengandik bi mendez babestu zuen el morroko gaztelua ezagutu genuen, Santiagoko badiaren sarreran kokatzen dena. Gaztelu hau, Espainiako itsas armadak AEBen itsas armadaren aurrean izandako porrotaren testigu izan zen. Bataila honen ostean amaitu zen Espainiako dominazio koloniala eta hasi zen Estatu Batuen dominazio neo-koloniala.

Santiagon izan genuen azken bilera politikoa, ANAPeko (Asociación Nacional de Pequeños Agricultores) kideekin izan zen. ANAP Kubako nekazariak batzen dituen elkartea da. Azaldu zigutenagatik, hiru nekazal kooperatiba eredu omen daude: Estatuko kooperatibak, CCSak (Cooperativas de Credito y Servicios) eta CPAk (Cooperativas de Producción Agropecuaria). Azken bi ereduak, baina bereziki azkena omen dira nagusienak Kubako nekazal eremuetan. CCSan, beraien lurrak bere kabuz lantzen dituzten nekazari txikiak biltzen dira, beraz ez dira bere horretan kooperatiba bat. Eta CPAn berriz, borondatez beraien lurrak batuz kooperatiba bat sortzea erabaki zuten nekazariak biltzen dira, behin kooperatiba hauek osatuta ez da beharrezkoa lurrak izatea bertan lan egiteko.


ANAPeko kideek hitz gutxitan, edozein tokitako nekazarien ezaugarri dena, egun Kubako nekazaritzak dituen erronka nagusiak azaldu zizkiguten: Hiriburuetara ematen ari den barne migrazioari buelta ematea eta elikadura burujabetza helburu, produktibitatea eta landutako lur eremuak handitzea.

Hau bera azaldu ziguten, bisitatu genuen Abel Santamaria kooperatibako kideek. Kooperatiba hau duela 36 urte sortu zen CPA kooperatiba bat da. Egun bertan 57 lagunek egiten dute lan. Behiak, mandoak eta ahuntzak hezteaz gain, mota guztietako fruituak landatu eta jasotzen dituzte, eman ziguten meriendan baieztatu ahal izan genuen moduan.

Momentu honetan, Kubako biztanleriaren %5ak egiten du lan zuzenean lehen sektorean. Egoera horri buelta emateko lanean ari dira, nekazaritza eskola zabalduz eta landa eremuetara mota guztietako erraztasunak eramanaz. Nekazaritzan lana egiten duten biztanleen kopurua txikia izan harren, oraindik iraultzaren oinarrizko zutabe dira.

SANTA CLARA – Che-ren hiria

Kuban hiriren bat baldin badago Che-ren figurarekin identifikatzen dena, hori Santa Clara da, Villa Clara Probintziko hiriburua. 1958ko Abenduaren azken astean, Iraultza Kubatarreko batailarik erabakigarrienetako baten protagonista izan zen. Che-ren agindupean zegoen zutabeak Santiagoko armada indartzera zihoan tren blindatua errailetatik irtenarazi zuen eta bertan eskuratu zituzten armekin hiria hartu zuten. Santa Clara Che-ren eskuetan geratzearekin batera, Batistak Kubatik ihes egin zuen eta ondorioz Fidelek urtarrilaren batean Iraultzaren garaipena aldarrikatu ahal izan zuen.

Santa Claran daude Che-ren mausoleo eta errautsak, berarekin Bolivian hil ziren gerrillariekin batera. Mausoleoaren barnealdea, esan nahi handiko tokia da. Hego Amerika guztitik ekarritako landareek eta bi errekatxok Latino Amerikako eta Boliviako oihanak irudikatzen dituzte.

Mausoleoari itsatxirik, Che-ren bizitza azaltzen duen museo bat dago, umea zeneko, gerrillan ibilitako eta Kubako gobernuan egon zen garaiko argazki, dokumentu, uniforme eta armez osatua.


Mausoleoaren eta Museoaren aurrekaldean, lorategi itxura duen hilerri bat dago. Bertan Che-ren agindupean Santa Klarako batailan parte hartu zuten gerrilariak daude lurperaturik. Zorionez oraindik bakar batzuk hutsik daude, guda horren hainbat protagonista oraindik bizirik daudelako eta Santa Klarako batailan parte hartu zuen gerrillari orok bertan egoteko eskubidea duelako.
Atzekaldean berriz, santaklareinoek maiatzaren lehenean betetzen duten plaza eta Che-ren brontzezko estatua dago, bere ibilbidea azaltzen duen reliebezko muralarekin batera. Zati guzti hauek museo, mausoleoa, estatua… Che-ren konplejua bezala ezagutzen dena osatzen dute.

Uztailak 20

Santiagotik Santa Clarara, ICAPeko kideek jarri ziguten guagua partikular batean iritsi ginen. 10 ordu iraun zuen bidaiak, eta gurekin zetorren giari esker, Kuba eta Kubaren historia modu sakonago batean ezagutzeko aukera izan genuen. Kubako etxe tipikoen jatorria, “periodo especial”ean Kuatreroekin (ganadu lapurrekin) izandako arazoak, Che-k eta Camilo Cienfuegos-ek 58ko inbasioan egin zuten ibilbidea , Jose Martik bizia galdu zuen tokia, Kubako osasun eta hezkuntza sistemak… azaldu zizkigun.

Santa Clarara iritsi bezala, ICAP-en hotelean egokitu ginen. Hotel hau, lan brigadetara datozen brigadistentzat erabili ohi da. Bidaia nahiko luzea izan zela kontuan hartuta, iluntze gau hori atseden egiteko utzi ziguten.

Uztailak 21

Villa Clara irlan duen kokaleku geografikoagatik, ekonomikoki garrantzi handiko lurraldea da, “Asamblea del Poder Popularreko” bertako kideak azaldu zigunez. Bertan industria, nekazaritza eta turismoa lantzen dira, zerbitzuekin batera. Kubak atzerrian saltzen dituen hainbat produktu bertan egiten dira. Momentu honetan, ekonomiaren traktore izan nahi duen proiektu turistiko jasangarri bat egiten ari dira bertako Cayo-etan.


Asanbleako kidearekin bilera amaitua, Che-ren konplejua ikustera eraman gintuzten eta segidan, Tren blindatua eta Kubako alderdi komunistaren egoitza aurrean dagoen “el Che con el niño” eskulturara. Azken hau esan nahi askotariko zatiez osatutako arte lana da. Besteak beste, Che zainak bistan dituela ageri da “Las venas abiertas de america” irudikatuz; pixka bat fijatuz gerrillan ibili zeneko mendiak edota Don Quijote bat ageri da komandante txapelarekin erraldoien aurkako borroka irudikatuz; eta soinean daraman umeak ere nabarmen ezaugarri indigenak ditu.

Arratsalde gaua libre eman ziguten eta larunbata zela aprobetxaturik, Santa Clarako larunbat gaua ezagutzeko beta izan genuen. Erreferentzia batekin gentozen, “El Mejunje” Kubako jendartean oraindik guztiz txertatuak ez dauden (hau aldatzeko lanean ari dira) transgeneroek, homosexualek, punk-ek bertan beraien ekimen, kotzer antotu eta abarrak latzen dituzten espazio irekia.



LA HABANA: HIRI BAT BAINO GEHIAGO

Habana a tus pies
no sabría como amarte de otra forma
a tus pies
pasa el tiempo y tu recuerdo no se borra
...
Fito Paez

Sorturen I. Eskala Politikoa, La Habanan abiatu zen eta bertan amaitu da. Iraultzaren zutabeak Santiago de Cuban daude baina La Habana da guztiaren ispilu.

La Habana, bisitatzen duenari arrastoa uzten dion hiria da; kontserbadore baten paradisu ezkutu izatetik, komunista baten amets hautsia izatera, Alejo Carpentierren errealismo magikoaren antzera, kontraesanez beteriko hiri honetan ezer ez da dirudiena.

Hegazkinetik jaistearekin batera kolpatzen zaitu bertako giroak, hezetasun beroak, baina ez da klima bakarrik giroa bestelakoa izatea eragiten duena. Kontrol guneetan egonaldi luzea egin ostean aireportua atzean utzi eta malekoiaren ondoko errepidetik igarotzean barruak “aske naiz” oihukatuko baligu bezala sentitzen zara. Paradoxikoa, dena kontrolpean daukan Estatuaren pean aske sentitzea.

Cubak 11 milioi eta bostehun mila biztanle ditu eta munduko herrialde ia guztietan bezala, hemen ere, barne migrazio handia ematen ari da landa eremuetatik hirietara. Gaur egun, biztanleen %75 hiri handietan bizi dela kalkulatzen da, eta migrazio hori gehien jaso duen hiria La Habana da.

50 urtetan indarrean duen enbargoak kalte latzak eragin dizkio Cubako ekonomiari eta hiriburuan nabarmenak dira horren ondorioak. 90. hamarkada hasieran Sobiet Batasunaren erorketak eta ondorioz bertan bizi izan zuten epealdi bereziak ondorio latzak eragin zizkion herrialdeari. Geroztik krisi ekonomikoak ez du etenik izan eta turismoa izan da diru iturri nagusiena. La Habana izan da turismoak gehien eragin duen guneetako bat, zerbitzuen inguruko lanpostuak sortu dira, baina diru errazaren kultura guztiz barneratu dute belaunaldi berriek eta azpi-ekonomiaren eragina gero eta handiagoa da. Garraiorako azpiegiturak ari dira poliki bada ere hobera egiten, baina hondakinen kudeaketarekin arazo larriak dituzte, eta zer esanik ez etxebizitzekin, bai kopuruari dagokionez eta baita eraikinen egoerari dagokionez ere.

Kuba Hego Amerikako herrialde seguruena da. Inguruko beste herrialdeetan ez bezala, bertan ez da apenas bahiketa eta eraso arriskurik sentitzen, eta gauean patxada ederrean ibili daiteke Habanako kaleetan.

La Habana funtzionatu egiten duen kaosa dela esan genezake.

Uztailak 14

La bombilla verde tabernan elkartu ginen delegazioa osatzen genuen taldea eta Cuban dauden euskal erbesteratuekin pasa genuen eguna giro jatorrean.

Sao Paulo Foroan eman genituen lehen egunak. Uztailaren 15etik 17ra ospatu zen jardunaldiko aretoetan eta pasilloetan batekin eta bestearekin hitz eginez eta harreman berriak eginez pasa genituen hiru egun. Foroaren talde antolatzaileari euskal presoen inguruko ebazpen bat aurkeztu genien.

Sao Paulo Foroaren XXIV. edizioan eztabaida eta hausnarketa sakonak eman dira eta egia esan, egoera ez da gutxiagorako. Hego Amerikan eskuinaren aldetik jasaten ari diren oldarraldiak kezkatuak baititu ezkerreko alderdi eta eragile guztiak. Lularen kartzelaratzea, Venezuela eta Nikaraguako krisiak, Kolonbiako bake prozesuaren egoera, Argentinako abortuaren legea... .
Eskuinak urte gutxitan panorama politikoa aldatzea lortu du eta ezkerreko mugimenduak ofentsiban izatetik egun guztiz jarrera defentsiboan ageri dira. Dena ez da ezkorra ordea, Mexikoko hauteskundeetan Lopez Obradorrek eta Morenak lortutako garaipenak arnasaldi sakona eragin die foroa osatzen duten eragileei. Jardunaldien ondorioetan bi mezu nagusi adierazi ziren; batasunaren beharra eta ziklo aurrerakoia ez dela amaitu.

La Habanan egin den foroaren edizio honetan parte hartze handia egon da: 400 delegatu eta gonbidatu baino gehiago izan dira. Azken eguneko osoko bilkuran 4 estatu buruk parte hartu zuten; Boliviako Evo Morales, El Salvadorreko Sanchez Ceren, Venezuelako Nicolas Maduro eta anfitrioi gisa Cubako presidente berria, Miguel Diaz-Canel. Osoko bilkuran 22 ebazpen onartu ziren, tartean Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa.

Uztailaren 23ko astea

Eskala politikoaren azken egunak Villa Panamericanan eman genituen. La Habanako auzo hau 1991an eraiki zen, XI. joko Panamerikarretarako eta jokoen ostean kirolarientzako eraikitako etxeak herritarrei eman zitzaizkien. Villa Panamericana, La Habanatik 15 minututara dago, hiriko zarata eta eromenetik aldenduta.

Azken hiru egunak aktibitate handiko egunak izan ziren eta bilerak egin genituen besteak-beste ondorengoekin: Instituto Cubano por la Amistad de los Pueblos ICAP, Asamblea Naziolaneko ordezkariak, Alderdi Komunista, CENESEX genero berdintasuna lantzen duen institutua, Centro Memorial Martin Luther King eta kooperatibagintza alorreko ikerlariak.

Konstituzioaren eguneratzea

Konstituzio berriak modernizazioa ekarriko du, baina iraultzatik herritarrek garatu duten balio humanista galdu gabe. Ekonomia arloan 2017an Asanbleak ezarritako lerro buru politiko-ekonomikoei jarraipena ematen ari zaie. Zutabe ekonomiko estrategikoek estatuaren esku egoten jarraituko dute, baina bestelako ekonomia txikiaren pribatizaziorako neurriak onartu dira, norbere konturako jabetzak sustatuz (jatetxeak, ileapaindegiak, taxiak...).

60 urteko borrokak gizarte sozialista bat eraiki du. Ez da perfektua, kubatarrek ere badakite hori, baina beraiek eraikitako eredua da, eta hori guztia, 90 milatara AEBen inperialismoa kolpeka dutela.

Raul Castrok uztailaren 26ko ospakizunean salatu zituen Estatu Batuak Venezuela eta Nikaraguan egiten ari diren interbentzioak, eta haren esanetan, Kubaren aurkako interbentzio saiakera ere gertu egon liteke. Kubatar iraultzaile guztien batasuna beharrezkoa izango dela azpimarratu zuen.

Hurrengo urteak ez dira batere errazak izango. Aldaketa sakonak datoz uhartera, iraultza XXI. mendera eguneratzeko beharra eta premiak agerikoak dira eta horretan ari dira. Erronka berri honi borrokarako grina, ilusioa eta gogo betez heldu diote.

I. Eskala Politikoak, Kuban gertatzen ari dena lehen pertsonan ikusteko parada bikaina eskaini digu eta azaletik bada ere, argazki orokor bat ateratzeko elementuak jaso ditugu.

Bueltatzeko asmoa? Ziurrenik delegazioan joandako bakoitzak izango ditu bere asmo propioak, baina batez ere, 15 egunez bertan ikusi eta bizitakoa Euskal Herrira ekartzea da guztion asmoa.

Kubatar iraultza 60 urte hauetan, akats eta bertute askorekin eredu izan da munduko ezkertiarrontzat eta hemendik aurrera ere eredu izaten jarraituko du.

Gora Kubako iraultza!
Gora Kuba libre!


Eskala Politikoa Katalunian

ERRIAren zenbaki hau isteko unean Sortu eta Iratzar Fundazioaren bigarren eskala politikoa Katalunian zegoen, Diadaren ospakizunetan. Guztira Sortu eta Ernaiko 28 kide egon dira Gironan, Sabadellen eta Bartzelonan lau egunez, kataluniako prozesu soberanistaren ibilbidea, egoera eta etorkizuneko erronkak lehen eskutik ezagutzen.

Kideek egindako bideo-kronikak ikusi ditzakezu www.facebook.com/sortuEH helbidean.