Sistema kapitalista etengabe krisiak sortzen dituen sistema da. Horiek, besteak beste, pobrezia, langabezia eta prekarietatea areagotzen dute. Hori gutxi ez, eta azken krisiaren aitzakian inoizko desjabetze ekonomikorik handiena burutu da. “Banku erreskatea” deiturikoaren izenean, sektore publikoak finantza sektoreari milaka eta milaka milioi oparitu dizkio. Bitartean, ekonomialari gehienek eta ustezko adituek berau justifikatzeko metaforaz betetako diskurtsoa garatu dute. Finantza merkatua “estresatuta” edo “egoera larrian” zegoela, “likideziarik” ez zuela, dirua “injektatu” behar zitzaiola eta halakoak entzun ditugu, baita ondoren erreskatea ondo atera dela eta ekonomia jada “UVI”tik atera dela, “estimuluak” mantendu beharko badira ere. Hamaika metafora inoizko lapurretarik handiena ezkutatzeko.
Ekonomialariek, oro har, horiek eta beste metafora asko erabiltzen dituzte. Horretaz dihardu “Esku ikusezinaren itzal luzea” liburua, funtzionatzen ez duen sistema bat justifikatzeko liberalismo ekonomikoaren defendatzaileek erabiltzen duten diskurtsoaz, hain zuzen ere.
Historikoki autore askok salatu dute sistema kapitalistaren gabeziak eta, zehazki, asko dira liberalismo ekonomikoa inoiz betetzen ez den utopiatzat jo dutenak. Liburua idatzi duen Joseba Permachen ustez, utopia hori mantentzeko funtsezkoa da ekonomialari gehienen funtzioa eta diskurtsoa. Haien diskurtsoak sistemari eskaintzen dion babes eta zilegitasunik gabe, zailagoa egingo zitzaion establishmentari legitimatzea herritarron gehiengoaren interesen aurka doazen politikak eta sistema bera . Horregatik da, beraz, interesgarria eta garrantzitsua diskurtso ekonomikoa aztertu eta betetzen duen funtzio soziala ikertzea. Liberalismo ekonomikoaren hiru garai aztertzen ditu liburuak. Adam Smithen eskutik emango den liberalismoaren sorrera, Hayek eta Fridmanen bidez garatuko den neoliberalismoaren hasiera eta azken krisiaren harira adituek erabilitako argudio eta diskurtsoa. Hiru garai baina helburu bakarra: ekonomialari gehienek establishmenta mantentzeko izan duten eta izaten jarraitzen dute ardura salatzea.
UEUk eta EHUk argitaratutako liburu labur (117 orrialde) hau, beraz, ekonomiaz dihardu baina begirada kritiko berri bat eskainiz eta diskurtsoari garrantzi berezia emanez.