XVIII. mende bukaeran Frantziako Iraultza burgesak Lapurdi,
Nafarroa Beherea eta Zuberoako legedi propioak zein lurralde-biltzarrak desegin zituenetik,
etengabekoa izan da hiru euskal lurraldeak instituzio bakarrean biltzeko aldarrikapena.
Urteetako borroka gogoratu gabe nekez irudika daiteke Euskal Elkargoaren sorrera prozesua
Paradigma berri bat sortu da: euskal lurraldea erreferentzia nagusi bezala agertzen da,
bai proiektu ezberdinen inguruan proposamenak egiterakoan, baita politika
publikoen gauzapenerako berezko esparru gisa. Funtsean, Euskal Elkargoa
Frantses Estatuaren aldetik Ipar Euskal Herriaren lehen ezagutza instituzionala da,
euskal lurraldetasunaren nolabaiteko ezagutza politiko eta zuzena.
Zer da Euskal Elkargoa?Euskal Elkargoaren erakundetzea Frantses Estatu mailako erreforma administratiboaren baitan gertatu da, eta orain arte Ipar Euskal Herrian zeuden hamar herri elkargoen fusioaren emaitza da. Frantses Estatu mailako administrazioaren deszentralizazioan oinarritzen den egituratzearen maila bat baino ez da. Botere legegilea eta erabakitze ahalmena Estatu zentralari dagozkio. Euskal Elkargoari berriz soilik kudeaketa ahalmena dagokio. Hau da, ez du eredu propioa erabakitzeko eta legeak egiteko eskumenik. Soilik Frantses Legebiltzarrak finkatu dituen legeen ondorio diren politika publikoak egiteko eta kudeatzeko gaitasuna du. Frantses administrazioaren baitan hiru mailatan deszentralizatzen da eguneroko kudeaketa : Herriak, Departamenduak eta Eskualdeak. Euskal Elkargoa lehen maila administratiboan kokatzen da, herrien arteko elkarketaren emaitza baita. NOTRe erreformaren bidez Estatuak eskualdeak eta herri elkargoak indartzeko erabakia hartu du, departamenduen eta herrien kaltetan. Alde batetik, makro eskualdeak sortu dira, Aktinaia Berria kasu, eta herri elkargo txikiak handiagoetan fusionatu dira.Euskal Elkargoaren eskumenak hamar herri elkargoek zituztenak dira. Erreforma berriaren baitan legeak aurreikusten du herri elkargo berriek departamenduetako edo eskualdeetako hainbat eskuduntza eskuratu ditzakeela, beti ere erakunde ezberdinen artean adosturiko prozesu baten baitan. Herri artekotasunak beste ondorio zuzena du : Euskal Elkargoan parte hartzen duten ordezkariak ez dira hauteskunde zuzenean hautatuak, eta Udaletxeen osaketaren arabera zeharka hautatuak dira. Sinbologiaz haratago, Euskal Elkargoaren ordezkariak zuzenean ez hautatzeak erakundearen pisu politikoa mugatzen du.
BI MENDEKO IBILBIDE LUZEA
1789ko abuztuaren 4an, iraultzaren zirimolan, Frantziako Biltzar konstituzioegileak Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako instituzioak desegin zituenetik etengabekoa izan da hiru euskal probintzien ezagutza instituzionalaren aldeko aldarria. Jarraian Frantziako Biltzar nazional osatu berrian Iraultzaileek ezarri nahi zuten eredu politiko-administratibo berriaren ezatabaidan, euskal probintzietako ordezkariek behialako instituzioak berreskuratu ezean hiru herrialdeak barnebilduko lituzkeen departamendua sortzeko proposamena formulatu zuten. Alferrik ordea, 1790eko urtarrilaren 12an, euskal ordezkarien protestei muzin eginez, Biltzar nazionalak euskal probintziak Behe-Pirineoetako departamenduan urtzea hobetsi baizuen.
Geroztik, ugariak izan dira hiru euskal probintzien ezagutza instituzionala aldarrikatzeko ekimenak eta proposamenak.
Deigarriena, inondik ere, 1811an joseph-Dominique Garat iraultzaile lapurtarrak Napoleoni luzaturiko gogoeta da (Espainiako jatorrizko herria, penintsula hartako iraultzak eta Espainiako eta Frantziako euskaldunak), zeinean mugaz bi aldeetako euskal probintziak barnebilduko lituzkeen eta Frantziako Inperioaren menpe egongo litzatekeen « Fenizia berria » deituriko Estatuaren sorrera proposatzen duen, horretarako, hizkuntza eta kultura bakarrak ezaugarritzen dituen euskal nazioan bermatzen delarik.
1836an, Baionako komertzio ganbarak Frantziako erregeari Aturri izenpean eta Baiona hiriburu nagusi izanen zuen departamendu berri bat sortzeko proposamena luzatu zion.
1945eko irailan, gerla ondoko lehen biltzar konstituzioegilean Jean Etcheverry-Ainchart euskal legebiltzarkideak hiru herrialdeak bilduko lituzkeen autonomia estatutua proposatu zuen.
1963an ENBATA mugimendu abertzale sortu berriak, euskal departamendu baten sorrera aldarrikatu zuen, lehen urratsa gisa eskualde autonomo baterako bidean.
1975 eta 1980 bitartean Baionako industria eta komertzio ganbarak alde batetik eta Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik bestetik, euskal departamendua aldarrikatzeko ekimenak sustatu zituzten, besteak-beste elkarte bana sortuz.
1981eko Frantziako hauteskunde presidentzialen karietara, PSF-eko hautagai zen François Mitterrand-ek bere programan euskal departamendua sortuko zuela iragarri zuen. Behin hauteskundeak irabazi ondoan, proposamena baztertu zuen.
1993an, Eraikitzen kolektiboak Iparretarrak erakundeak zabalduriko gogoetaren haritik Ipar Euskal Herriarentzako autonomia estatutuaren proiektua landu eta jendarteratu zuen.
1994an, Frantziako gobernuaren eskutik Garapen Kontseilua sortu zen, Ipar Euskal Herrirako institituzio baten aldarrikapenari erantzuteko. 1995an berriz Hautetsien Kontseilua sortu zen. Bi egituren zeregina Ipar Euskal Herriaren lurralde antolaketa eta garapenari buruzko gogoetak eta proposamenak egitera mugatzen zen, bestelako ezagutza eta baliabiderik gabe.
1999ko urriaren 9an, 12000 lagunetik gora bildu ziren Baionako karriketan euskal departamendua aldarrikatzeko.
2002ko abenduaren 14an, herri mugimendu ezberdinetako ordezkariek BATERA plataforma sortu zuten. Plataformak ordurarte sakabanaturik aldarrikatzen ziren Laborantza Ganbara, Unibertsitatea, Euskararen ko-ofizialtasuna eta Euskal departamendua uztartuko ditu ekinbide bakarrean.
2010an Frantziako lurralde antolaketa erreforma berriak departamenduen desagerpena iragarri ondoan, BATERA plataformak Ipar Euskal Herriarentzat Lurralde Kolektibitatea aldarrikatuko du.
2012an, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak, Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengoak eta eragile sozial ezberdinek sostengaturik, « Estatutu bereziko Lurralde Elkargoa » proposamena landu eta ezagutzera eman zuen. Haatik, Frantziako gobernuak Ipar Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoaren sostengua zuen aldarrikapena baztertu zuen.
- 2014ko ekainan, Pirineo Atlantikoetako Prefetak Frantziako gobernuaren izenean « Estatutu bereziko Lurralde Elkargoa » ordez hiru aukera posible proposatu zituen : gauzak zeudenean uztea, hots Ipar Euskal Herria elkarte egiturapean antolaturik atxikitzea ; Ipar Euskal Herriko 10 Herri elkargoak bilduko lituzkeen egitura federatibo bat sortzea ; edo Herri Elkargo bakarra egituratzea. Eztabaida sakonen ondotik, Ipar Euskal Herriko hautetsi eta eragile sozialen gehiengoak azken proposamenaren alde lerrokatu ziren.