2015eko udal eta Foru hauteskundeetan Nafarroan hainbeste amestutako aldaketa politikoa gauzatu zen instituzioetan. Ezker abertzalearen hamarkadetako borrokak eta estrategia aldaketak, Podemosen agerpenak eta ustelkeria kasuek zein krisi ekonomikoak blaitutako errejimenak eragindako haserrealdiak, beste hainbat faktore politiko eta sozialekin batera, Nafarroako eskenatokia goitik behera aldatu zuten. Goitik behera eta behetik gora, Aldaketaren indarra besteak beste, udaletatik etorri baita. Miren Zabaleta Telleria kartzelan zen 2015eko maiatzean baina 2016az geroztik Sorturen zuzendaritzan parte hartzen du eta 2018ko Konferentzia Politikoan Nafarroako koordinatzailearen lekukoa Haritz Romeo Galdeanori pasa zion.
1- Zer da Aldaketa SORTUrentzat?
Gure ustez galdera honi gure helburu estrategikoen talaiatik erantzun behar diogu, hau da, ea Aldaketa, planteatzen dugun askapen bidean, aurrera egiten laguntzen digun prozesu politikoa ote den edo ez.
Aldaketa hiru elementutan aurrera egiteko balio izan duen epealdia izan da, zalantzarik gabe. Balio izan du Nafarroan hamarkadetan indarrean egon den sistema klientelar, ustel eta baztertzailea, Erregimena deitzen dugun hori, gainditze bidean jartzeko. Balio izan du Nafarroak Estatuaren aurrean duen botere harremana indartzeko, Nafarroa subjektu politiko gisa indartzeko, alegia. Eta balio izan du gainontzeko euskal lurraldeekiko harremana beste modu batean aritzen hasteko, etorkizunari begira aukera berriak sortuz.
Guzti horregatik gure ustez hamarkadetako borrokaren ondorioz kaleetatik instituzioetara iritsi zen aldaketak dimentsio estrategikoa duen ziklo historiko berri bat zabaldu du. Nafarroa demokratizatzeko fasea irekitzea lortu genuen 2015ean eta bide horretan oso zaila litzateke nafar jendarteak onartzea atzera buelta bat. Gaur gaurkoz, Erregimenaren etapa behin betikoz gainditu eta bestelako Nafarroa baten aldeko pultsio sozial eta politikoek gero eta indar handiagoa dute. Izan ere, Aldaketa ez da soilik instituzioetan gertatu den zerbait, askoz sakonagoak diren aldaketak azkartu dituen egitasmoa ere bada; jendarte joeretan, sindikatuen indar korrelazioan edota Nafarroako eliteek foralismoz mozorrotutako nabarrismo atzerakoi eta espainiar zalearen aurrean, nafartasun aurrerakoi berri baten indartzea gertatzen ari da. Aldaketak etorkizuneko bidea adierazten du, Nafarroa erreferentzia zentral gisa izango duen nafartasun demokratikoa, gainerako euskal lurraldeei begira bere nortasuna indartzen duena.
Guztiarekin, kontziente gara Aldaketaren lehenengo epealdi hau ez dela guk nahi genukeen bezain sakona izan. Ziurrenik indar harremanek eta elkarlanak eman duenaren neurrikoa izan da. Ez dugu nahi genuen bezain beste aurreratu, asko aurreratu badugu ere, posible izan denera arte baizik. Beraz, Aldaketa ez da bere horretan burujabetza prozesu bat abiatzeko nahikoa, baina oinarrizko baldintza ezinbestekoa da. Kontraesanak, zailtasunak, azkartzeak eta moteltzeak; denetarikoak ezagutu ditugu azken urteetan eta ezagutuko ditugu etorkizunean ere. Ez dago kontraesanik gabeko prozesu historikorik eta Aldaketa prozesu historiko bat da. Agian horregatik, zaila egiten zaigu ezkerretik Aldaketaren balioaren inguruan egiten diren irakurketa ezkorrak onartzea. Prozesu historiko batek dakarren dialektikaren ikuspegitik, oinarri soziala, eduki ezkertiarra eta ardatz soberanista duen bidea arakatzeko askoz hobe gaude gaur duela bost urte baino.
Gure burua iraultzailetzat eta eraldatzailetzat daukagun guztion erantzukizuna da helburu estrategikoen izenean paralisian gelditu baino, arraunka aritzea prozesu honek aurrera egin dezan. Sinetsita baikaude ezker soberanismoaren indarraren araberakoa izango dela aldaketa honetan sakondu eta aurrera egiteko tresna izatea.
2- Aldaketa politikoaren formulazio errealena «Nafar Bidea» dokumentuarekin egiten da, Labriteko ekitaldian. Gerora, orokorrean gauzak han planteatu ziren bezala gertatu dira. Zeintzuk dira Aldaketaren gakoak?
Nafar Bidea dokumentuak zalantzarik gabe inflexio puntu bat marraztu zuen, Nafarroaren Aldaketa posible eginaz. Nafar Bideak, izenak dioen bezala, bide bat proposatzen zuen. Bide eskaintza bat egiten zion nafar jendarteari eta eragileei. Eskaintza horrek hiru gako nagusi barnebiltzen zituen.
Aurrenekoak baieztatzen zuen Nafarroan bazegoela nahikoa indar politiko, sozial eta sindikal konfabulatu ezkero gai izango zatekeena indarrean zegoen Erregimena erori arazteko edo behintzat instituzioetatik botatzeko, PSNri behingoz giltza edo beto eskubidea kenduta.
Bigarren gako nagusia zen, horretarako ezinbestekoa izango zela indar metaketa. Funtsezkoa izango zela ezberdinen arteko elkarlana sustatzea eta bultzatzea. Eta horrek denoi luzatzen zigula mandatua.
Hirugarren gakoa zen Nafarroa subjektu politiko erabakitzaile izango dela. Nafarroa nafar herritarrek erabakitzen duguna izanen dela. Nafarroan gainerako euskal lurraldeekin eta Estatuarekin ere berdinetik berdinerako harremana mantenduko duela eta beraz gure eskuetan dagoela etorkizun hori eraikitzea.
Hiru gako horien gainean eraiki zen gerora Aldaketa posible egingo zuen ibilbidea eta posible egingo zuten gehiengoak. Gure ustez, Sortu gisa, funtsezkoa da hura ere testuinguru jakin batean kokatzea. Zein zen testuinguru hori? Batetik, ezker abertzaleak bere hausnarketa politikoa egin berri zuela eta apustu garbi eta gardena egiten zuela konfrontazio demokratikoaren bidez eta gehiengoak osatuta herri honen askapen prozesua bultzatzeko. Bigarren elementu nagusia EH Bilduren osatzea eta indartzea zen, ezkerreko soberanismoaren eta independentismoaren elkarlanerako eta gehiengoak eraikitzeko tresna bezala; hori izan zen proposamen hau luzatu zuen eragilea. Guztiarekin, horiek dira Aldaketa bideratzeko gure ustez funtsezko izan ziren aldagaiak.
3- Aldaketak ez ditu hainbaten espektatibak ase izan; Aldaketa motelegi joan omen da. Zer egin dute Aldaketaren gobernuek lau urteotan?
Egokia da galdera hori pluralean konjugatzea. Ez baitago Nafarroan Aldaketaren gobernu bat eta bakarra. Aldaketaren gobernu anitz daude. Udaletxe gehienetan Aldaketak irabazi zuen EH Bilduren eskutik, 50 udaletxetik gora Aldaketak gobernatu du azken urte hauetan, Errejimenak mantendu dituen 20 udaletxe ingururen parean.
Guzti horrek herritarren bizi baldintza materialak hobetu ditu, gauza askotan. Eta joku arau berri batzuk ezartzen lagundu du. Nabarmena izan zen, bereziki Aldaketa iritsi eta lehenengo hilabete haietan, askatasunez arnasa hartzeko zabaldu ziren aukerak. Baina baita ordura arte isilarazia, baztertua eta txikitua egon zen Nafarroa gorri, more eta berdearen loratzea ere, demokraziaren loratze bat bailitzan.
Baina esan behar duguna da, Aldaketaren moteltze edo azkartze, edo gaitasun edo mugapen guztiak egun Aldaketak duen indar korrelazioaren emaitza direla. Zentzu horretan, ezker soberanismoa are eta indartsuagoa izan jendarteko arlo guztietan, orduan eta errezagoa izango dugu aldaketa jendearen bizitza ona xede izango duen izaera sozialeko eta herritarreko prozesu soberanista batean bilakatzea.
Bukatzeko,
Aldaketak hainbaten espektatibak bete ez dituela esaten dutenen
aurrean, irakurketa askoren zilegitasuna onartuta ere, Aldaketaren
balorazioa prozesu politiko orokorraren
ikuspegitik egin behar dugula nabarmendu nahi genuke. Ezin dugu
Aldaketak suposatu duen prozesu politikoaren balorazioa nork bere
aldarrikapen propio, sektorial edo zehatzetik egiten duen algodoiaren
froga bat izatera mugatu. Gainerakoan, Aldaketa suposatzen ari den
prozesu politikoaren edukia eta zentzua bera galduko baikenuke
begi-bistatik eta lehenago esan bezala, ezker ikuspegitik gai izan
behar genuke aldaketa instituzional, sozial eta politikoak azkartzen
ari den jendarte eraldaketa sakonak balioan jarri eta akuilu gisa
erabiltzeko.
4- Nola baloratzen ditu SORTUk instituzioak eta herri mugimenduaren arteko dialektika? Aukera dago etorkizunean emankorragoa izateko?
Gure iritziz, Aldaketaren aroaren hastapen hauetan herri mugimenduen eta instituzioen arteko dialektika modu baikorrean baloratu behar dugu, zalantzarik gabe. Aro berri honetan une eta gatazka sozial ezberdinetan mugak eta zailtasunak agertu badira ere, sindikatuen aldetik luzatutako hainbat aldarrikapenetan esate baterako, oro har dialektika horrek emaitza baikorrak utzi ditu. Baita etorkizunerako irakaspen eta sakondu beharrekoak ere.
Nabarmendu behar da 2018an ezagutu ditugula Nafarroan inoizko mobilizaziorik erraldoienak. Horietako batzuek izaera nazionala izan badute ere - martxoaren 8koak edo pentsionistek deitutakoak-, beste batzuek Nafarroa Estuatuaren autoritarismoaren aurrean, esparru demokratiko gisa eta bereziki feminista gisa bere burua berretsi duen espazio gisa azaldu dute bere aldarrikapenetan. Horren adibide dira Altsasuko gazteekin egin den injustizia edo San Ferminetako bortxaketekin egin diren manifestazio erraldoiak. Oro har, mobilizazio maila oso altua eta iraunkorra ezagutzen ari gara maila eta esparru oso ezberdinetan (baita presoen eskubideen alde edota lan gatazka ezberdinetan) eta instituzioek eta herri mugimenduek bat egin duten eremuan aurrera urrats historikoak bilakatu dira zinez. Bi ardatz horiek bat egin duten ekimenetan lortu dira lorpen historikoak. Horregatik bilakatu da Iruñea emakumeon kontrako bortxakeriaren aurkako borrokaren hiriburu mundiala edota memoria historikoaren eremuan, altxamendu militarraren hiri-eskaparate izatetik, punta puntako egitasmoak eta bideak ebazten ari den hiri izatera. Beraz, Aldaketa instituzioetara iritsi izanak, ezker soberanismoa eta oro har, herri mugimenduak “geldiarazi” direla dioten tesien kontrakoa gertatzen ari dela baieztatu dezakegu. Inoizko mobilizazio maila altuena eta eredugarrienak gauzatzen ari dira eta, kasu askotan, instituzioek aldarrikapen horiek jaso eta bozgoragailu lana egin dute.
Urteotan identitate berrien eratzea azkartu da, diskurtso hegemoniko berriak eratu dira eta praktika mobilizatzaile berriak sortu dira. Aldaketaren gehiengo soziala aktibo dago eta San Ferminetako gertaeren aurka, Altsasuko gazteekiko elkartasunean edota oro har, demokrazian sakontzearen aldeko ekimenetan mobilizatzen eta ahalduntzen ari den jendartea da Aldaketaren Nafarroa. Horren parean, txistorraren, piper potoaren edota Skolaeren kontra dagoen joera beheranzko joeran dago. Guzti horrek Nafarroa ulertzeko modu berri baten azaleratzea azaltzen digu, navarrismo zaharkitua ordezkatzera datorren “nafartasun” berri bat, termino estrategikoetan aurrera egitea ahalbidetzen diguna.
Bestalde, herri mugimenduen eta instituzioen arteko dialektikaz ari garela, ezin ahantzi dezakegu nondik gatozen. Historikoki, Nafarroan, herri mugimenduak instituzioen laguntzarik gabe eta kasi-kasi kontran aritu direla lanean. Baldintza gogorretan, ehun soziala eraikitzen eta lantzen. Eta orain, aukeraz beteriko egoera berria dugu. Instituzioen eta kalearen arteko dialektika emankorra garatzeko aukera ematen diguna.
Balorazio baikor honek ez gaitu konformismora eramaten edota urte hauetan izandako zailtasun eta kontraesanak gutxiestera eramaten. Begi bistakoak izan baitira horiek ere. Bereziki, hiru arrazoi direla medio.
Lehenik eta behin, aintzat hartu behar dugu instituzioak zure kontrara egotetik zurekin lankidetzan aritzeko aukera eskaintzen dizuten esparru izatera pasatzea ez dela jauzi makala. Horregatik, herri mugimenduen presioa eta aritzeko moduak aukera berriak eskaintzen dituen eskenatoki berrira egokitzea eskatzen du. Ez noski, kalea albo batera uzteko. Baizik eta ahalik eta emankorrena zein eraginkorrena izateko eta jendartean eragina biderkatuz sakoneko aldaketak bultzatu edota azkartzeko.
Bigarrenik, Aldaketa instituzioalak boterearen kudeaketa eta gobernantza eredu demokratikoa sustatzen jarraitu behar lukeela pentsatzen dugu. Eta zentzu horretan zinez kezkatu gaituzte azkeneko hilabete hauetan Geroa Bairen gobernuak Maravillas gaztetxea edota Huertas de Peraltan bezalako gatazka sozialetan izan duen joera autoritarioa.
Eta azkenik, presente izan behar dugu gauza bat dela instituzio ezberdinen gobernantza eta beste bat egun ez garela burujabeak eta lan instituzionalak etengabe Estatuak ezarritako muga, oztopo eta trabekin egiten duela topo. Hor, defizitaren muga bezalako langek, gurean suposatzen duen muga.
5-
Nafar Gobernuan ez egotea irtenbide bat izan zen hasieran, baina
amaieran arazo bihurtu da maiz. Hori kudeatzen asmatu duzuela esan
daiteke. Aurrera begira, ordea, non kokatzen duzue zuen burua?
2015ean kaleetatik instituzioetara Aldaketa eramateko aukera lehenengo aldiz historian zabaldu zenean, horixe izan zen ezker soberanismoaren lehentasuna. Nafarroa hamarkadetan gobernatu zuten horiek instituzioetatik kanporatzea eta herritarrek emandako Aldaketaren aldeko mandatua betetzea. Hori izan zen ezker soberanismoaren apustu garden, leial eta zintzoa.
Horregatik ziurrenik, Nafarroako Gobernuaren osaketarako formula ezberdinak topatzerik bazegoen ere, lehentasuna mandatu horren gauzapenean jarri genuen eta Aldaketa posible egin zuten lau indarren arteko akordioan jarri genuen gure energia guztia. Guretzat akordio hori izan da Aldaketaren bideorri nagusia eta hala ulertzen jarraitzen dugu legegintzaldi hau bukatu bitartean.
2019ko udal eta foru hauteskundeetan Aldaketak eta Errejimenak berriro ere gure burua neurtuko dugu hautes ontzietan. Bi dira ezker soberanismoak dituen helburuak. Lehenegoa, Aldaketaren gehiengoak indartuta ateratzea hauteskundeetatik eta Erregimenaren aurrean gehiengo zabalago eta indartsuagoa berrestea. Are gehiago instituzio nafarrak berriz konkistatzeko helburuarekin, eskuin espainiar, faxista eta ustelek egin duten akordioa ezagutu dugunean. Bigarrena, ezker soberanismoa bera indartua ateratzea, lehenego indar munizipalista bezala gure burua mantenduz eta Nafarroako ikuspegitik gure indarra ere eraberrituz.
Guztiarekin, Nafarroako Gobernuaren osaketa berri baterako aukerak ezberdin baloratuko genituzke. Gure ustez zentzuzkoena da, Aldaketan sakontzeko bigarren etapa bat irekiko balitz, Aldaketa bultzatzen dugun indarren artean gobernu erabakiak eta erantzukizunak partekatzeko eskema eta akordio simetriko batera jotzea. Eta Geroa Bairen Gobernu formulak gainerako indarrekiko mantendu duen asimetria nolabait gainditzea. Horren atzean helburua, zalantza gabe, Aldaketari bultzada berri bat ematea, bestelako sakontasun bat ematea izango da.
Aldaketaren legegintzaldi honetan ezker soberanismoak argi eta garden adierazi du Aldaketaren indarra bera ezker soberanismoa dela. Ezker soberanismoa dela Aldaketari abiada, sakontasuna eta bultzada eman diona. Hori beti Aldaketaren mandatu herritarrarekiko leialtasuna eta zintzotasuna mantendurik. Gure ustez aro historiko berri honen bigarren etapa batek ezinbestean erantzukizunen partekatze handiagoa egitea eskatzen du. Aldaketa herritarrak hobe bizitzeko eta demokrazian sakontzeko burujabetza prozesu bilakatzea da erronka.
6- Orain guztiok normaltzat jotzen dugu, baina hasiera batean Nafarroan zetorren aldaketa politikoaren formula zuek aurreikusi zenuten. Zuek izan zineten PSN argi eta garbi baztertzen bakarrak. Denborak ematen duen ikuspegiarekin, asmatu zenutela uste duzue?
PSN bera izan zen bere burua edonolako aldaketa demokratiko edo sozialetik kanpo kokatu zuena. Horren adibiderik garbiena izan zen 2007an, agostazo gisa ezagutzen dugun momentua, zeinean UPN eta eskuina Nafarroako instituzioetatik desalojatzeko edozein ahalegin zokoratu eta baztertu zuten indarrean zegoen erregimen sistema hori mantentzearen truke; ziurrenik UPN berarekiko zituzten loturengatik, baina baita, nola ez, Erregimena deitzen dugun sistema horrekiko zeuzkaten morrontza eta klientelismoengatik ere.
Sanzen quesito-en teoriaren arabera, ezinezkoa litzateke indar-harreman berri bat sortzea PSN eta UPN bezalako indarrekin kontatu gabe. Eta ezker soberanismoak ongi irakurri zuena horixe izan zen. Quesito-en teoria delako hori hausteko aukera zegoela, eta indar eta pultsio sozial eta politiko nahikoa zegoela bestelako indar-harreman bat sortzeko. Horren aldeko apustua egin genuen eta horixe da Aldaketa posible egin zuen gakoetako bat. Denborak ematen digun ikuspegiarekin eta momentu honetan gertatzen ari dena irakurtzen hasten baldin bagara, PSN, bai bere burua, bai Nafarroan izan duen historia zuritzeko ahalegin baten aurrean aurkitu gaitezkeela ikusten dugu. Zergatik? Sekula izan ez duen zentralitate papera irudikatu eta UPNrik gabeko bestelako gobernu alternantzia baten parte gisa irudikatzeko. Musika hau ezagutzen dugu ordea. Hala izan zen 2.004an eta 2.008an ere. Eta gero, beti UPN-PPrekin batera joan dira. Kontua da Estatuan bizi dugun inboluzio autoritario eta antidemokratikoa alde batetik, eta Navarra Suma hauteskunde akordioa bestetik, UPN-PP-Ciudadanos-Vox blokearen aurrean alternatiba gisa agertzeko aukerak biderkatzen ari zaizkio PSOE-PSNri, Podemosek Nafarroan bizi duen deskonposizioak ere lagunduta. Edonola ere, dexente argigarria da PSNk PPrekin edozein akordio aukera baztertzea, baina ez ordea PPrekin batera hauteskundeetara aurkeztuko den UPNrekin.
Finean, PSNk badaki Aldaketaren aroa nafar jendartea eta indar-harremanak aldatzen ari direla. Eta badaki 2019ko hauteskunde foral eta munizipalen ostean Erregimenaren itzulera gertatu ezkero, dagoeneko mozorrotzen ez den faxismoaren eskutik izango litzatekeela. Eta horrek seguruenik aspaldian ezagutu dugun egoera politiko eta sozial latzenera eramango gintuzkeela eskubideen murrizketari dagokionean. Horregatik, maila diskurtsibo hutsean baldin bada ere, Geroa Bairi hainbat keinu eta mezu zabaltzen hasia da. Baina legegintzaldi honetan bertan ikusi dugunez, UPNrekiko eta Nafarroako Erregimenaren sistema klientelarra mantentzearen aldeko botereekiko daukan harreman eta lotura ez da eten, kontrakoa baizik.
Are gehiago, aztertuko bagenu udaletan eta parlamentuan PSNk zer eta norekin bozkatzen duen, etengabe baieztatuko genuke PSNk, UPN eta erresiduala den PPrekin batera, Erregimenaren beste aurpegia osatzen duela. Eta beraz, zinez gustatuko litzaiguke baieztatzea PSN aldatu egin dela eta Nafarroan sakoneko aldaketa sozial eta politiko baten aldeko bilakatu dela. Baina tamalez ezaguna zaigu Nafarroan bere ibilbide historikoa, eta begi-bistakoa dugu ere legegintzaldi honetan zer eta norekin jokatu duen etengabean.
Beraz,
gure ustez, Aldaketak indar harreman berriak PSNren esperoan egon
gabe eraikitzen eta indartzen jarraitu beharko luke, eta jarraitu
behar du. Horretarako, parada ezinbestekoa izango dugu 2019ko udal
eta foru hauteskundeetako hitzordua.
7- Aldaketa sakona
izan da eta, aldi berean, eskubiak aurreikusten zuenaren aurka,
nahiko lasaia. Nafarroan hamarkadetan zehar jaun eta jabe izan dira.
Gobernu aldaketak errealitate historiko luze baten amaiera suposatu
du?
Agian, gehiegizkoa da baieztatzea gobernu-aldaketak ekarri duela Erregimenak ekarritako errealitate historiko luze baten amaiera, ziurrenik errealitate historiko hori aldatzen joateko oinarrizko urrats erabakigarriak emateko balio izan baldin badu ere. Kaleetatik instituzioetara iritsi zen aldaketa eta Aldaketaren legegintzaldi hori bera nafar jendartean aldaketa sakonak eragiten ari dira. Aldaketa sakon horiek, hamarkada luzeetan indarrean egon den “navarrismo casposo” baten aurrean, bestelako nafartasun berri baten sorrera ekartzen ari direla pentsatzen dugu. Nafartasun berri bat Estatuaren, autoritarismoaren edo interbentzionismoaren aurrean, Nafarroaren burujabetza eta Nafarroaren autogobernu eta nortasun juridiko eta politiko propioa defendatzen duena; nafartasun berri bat, Nafarroa espazio demokratiko gisa defendatzen duena; nafartasun berri bat, ezkerretik aberastasunaren banaketa eta eskubide sozialen aldeko apustu argia egiten duena. Beraz, gure ustez, sakoneko aldaketak ematen ari dira nafar jendartean eta nafartasuna bera ulertzeko moduan. Kontua da, gai izango garen nafartasun berri hori Nafarroarako burujabetza status berri batera eramateko. Horrek Nafarroa demokratizatu eta bertako jendearen zerbitzura egongo den proiektua garatu ahal izateko, aldi berean Euskal Herri askearen proiektua indartuz.
Lehenago aipatu dugun quesito-en teoriari jarraiki, UPN eta oro har Erregimena mantendu duten botere ezberdinek errelato bat eraiki zuten hamarkadetan zehar: Erregimena ala kaosa. Nafar jendarteari sinistarazi nahi zioten, Erregimenari alternatiba zen inolako beste aukerarik ez zegoela. Aldaketaren legegintzaldi honek zerbait demostratu baldin badu, planteatzen zen dikotomia hori falazia hutsa zela izan da. Dagoeneko, inork ez du sinisten Erregimena ala kaosa dikotomia horretan. Are gehiago: ¡que vienen los vascos! zioen lelo horrek ere indarra galdu du. Euskaldunak iritsi gara Nafarroako instituzio gehienen gobernantzara. Eta horrek ez du inolako apokalipsia ekarri, ez du inolako kaosa ekarri. Beraz, galderan planteatzen zenutenaren haritik, bai, agian Aldaketaren legegintzaldia eskuinak aurreikusita zuena baino nahikoa lasaiagoa izan da eta bestelako ortzimuga batzuk ireki ditu Nafarroako jendartearen begi-bistan.
Are eta gehiago esan genezake: Aldaketaren legegintzaldi honek, ez Nafarroako Gobernutik soilik, udalerri eta herri ezberdinetan ere baizik, aditzera eman duena da badagoela nafar jendarte guztiarentzat gauzak hobeto egiteko biderik eta esan bezala ortzimuga berriak ireki ditu nafar jendartearentzat. Guztiarekin, UPNk ordezkatzen duen Nafarroako ultraeskuinak ez du lortu legegintzaldi honetan bere burua birkokatzerik. Ziurrenik, legegintzaldiaren hasieran, legegintzaldiak bukaerara arte iraungo ez zuen itxaropenarekin jokatu zutelako. Eta gerora a
Aldaketari aurre egiteko ikur gisa euskara, ikurrina edota azkeneko garai hauetan Skolae programa izan dira. Hiru adibide horietan Erregimenak kaleetan duen indarra galtzen ari dela erakutsi du. Are gehiago: hegemonikoak diren diskurtsoak eraikitzeko gero eta zailtasun handiagoak ditu. Adibide bat jartzearren: duela hamarkada bat Erregimenaren zutabea den Diario de Navarra-k manifestazio edo kontzentrazio batera joateko deia zabaltzen baldin bazuen, ziurtatuta zegoen deialdi horren arrakasta. Gaur-gaurkoz, Diario de Navarra-k bere makineria guztia lanean jarrita ere, ez du lortzen nafar jendartearen multzo handi bat mobilizatzerik.
Eta horren atzean, zer dago? Gure ustez, UPNk ordezkatu duen navarrismo espainiarzale eta atzerakoiaren proiektuaren galera, UPNk ordezkatu duen proiektuaren deskonposizioaren hasiera. Gogoratu beharra dago UPNk ordezkatzen duen navarrismo hori izan zela Trantsizio garaitik aurrera Nafarroan Espainiarekiko batasuna eta elite batzuen interes ekonomiko eta klientelarrak mantentzeko –“corralito foral” esaten dugun hori mantentzeko– abian jarri zen proiektu politikoa. Eta gaur-gaurkoz, Estatuko inboluzioari eta Aldaketaren legegintzaldiari lotuta, sortzen eta eraikitzen ari den nafartasun berri horren aurrean, navarrismo atzerakoi horren galera nabarmena dago.
Are gehiago esan genezake; UPNk ordezkatu duen proiektu politiko hori
arrakastatsua izan da Estatuari baliagarria izan zaion heinean,
Estatuak Nafarroan zuen indarra eta euskal lurraldeekiko nolabaiteko
urruntze edo enfrentamendua mantentzeko baliagarria zitzaion heinean.
Aldiz, Nafarroako instituzioak bestelako eragile batzuk kudeatzen
hasten garen heinean eta beraz Nafarroako instituzioak espainiar
batasuna mantentzeko beharrean, bestelako proiektu emantzipatzaile
bat sortzeari lotzen baldin bazaizkio, Estatu espainiarrari dagoeneko
ez zaio baliogarria izanen
UPNk ordezkatzen duen proiektu politikoa. Eta beraz,
gure ustez foralismoz mozorrotu nahi izan duten espainiar batasuna
bermatzeko navarrismo horren bukaeraren aurrean egon gaitezke.
Dagoeneko, ez delako tresna eraginkor bat, pentsamendu eraginkor bat,
Estatuaren batasuna mantentzeko.
Finean, Estatuaren lurralde ereduak porrot egin du eta egoera horren aurrean Estatu botereek eta eskuinaren aurpegi ezberdinek bi aukera ikusten dituzte: lurralde “desleialak” sumisiora behartu edota ezagutu ditugun autogobernu apurrak beraiek desagerrarazi. Egoera horretan, proiekturik eta “misiorik” gabe gelditzen ari den UPN gero eta urduriago batek, PP aukeratu du bidaide berriro ere. Eta beraz, baita Ciudadanos eta Vox ere. Hortxe kokatzen da, Coloneko mobilizaziora joan izana edota senatuan EAEri eskumenak ez transferitzeko bozkatu izana -transferentziak zigor tresna gisa erabiltzeari babesa-. Hauteskunde espainiar, nafar eta munizipaletara PPrekin batera joateko erabaki urduri horrek, datozen hauteskundeetako ataka gainditzen lagundu dakioke, baina epe-erdi luzera UPNren proiektua hilzorian kokatzen du: batetik, ustelkeriarekin erabat zikinduta dagoen PPrekin batzeagatik eta bestetik, bere aliantzak birzentralizazioa eta indarrean dagoen erregimen forala desagerrarazi nahi dutenekin eraiki dituelako.
Elkarrizketa hau egiten ari garen bitartean, hurrengo hauteskundeetarako UPN-PP-Ciudadanos akordioaren berri izan dugu. Horrek egiten ari garen irakurketa berretsi baizik ez du egiten. Koalizio hori Esparzaren UPN instituzioetara itzultzeko egiten ari den ahalegin desesperatuaren adibidea baizik ez da. “Gaurko ogia, biharko gosea.” Baliteke koalizio honek bere hautes helburua erdiestea (Erregimenaren botoa biltzea), baina termino estrategikoetan UPNren idearioaren heriotza agiria da, hau da, foralismoz mozorrotutako españolismo ultrakontserbatzailearen heriotza. Egoera honetan bi erronka ditugu. Lehena, berehalakoa: hurrengo hauteskundeetan Aldaketaren aldeko gehiengoak kontsolidatu eta indartzea. Ezkerro boto soberanistarik eta demokraziaren aldekorik ezin da etxean gelditu; eta bigarren erronka, hasitako bidean sakontzea eta aldaketa-prozesua Nafarroako herritarrontzat demokraziaren aldeko, eskubide gehiagoren aldeko eta burujabetzaren aldeko prozesu bilakatzea.
8-
Zertaz ari gara Nafarroan Erregimena diogularik?
Erregimena Nafarroaren Espainiar estatuarekiko menpekotasuna eta elite espainiarzale atzerakoien nagusitasuna posible egin duen askotariko hankak dituen munstroa da. Beste modu batera esanda, hanka ezberdin eta anitzak dituen sistema politiko, juridiko, ekonomiko, sozial eta kulturala izan da eta da.
Nafarroan Erregimena aipatzen dugunean, beraz, ez gara hamarkadetan egondako UPNren nagusitasun instituzionalaz soilik ari, eta guretzat argipen hau funtsezkoa da. Azken urteetako gobernu aldaketak eman arren eta botere instituzionalaren galera osoa izan arren, Erregimena osoki ordezkatzetik urrun gaude oraindik, nahiz eta deseraikitze prozesu hori indartzeko ezinbesteko urratsa izan dela argi esan behar dugun.
Guretzat garrantzitsua da azpimarratzea Nafarroan hamarkadetako bazterketa erregimena, salbuespen erregimen bat ezagutu dugula, Madriletik indarrez eraiki zena eta errepesioaren forma guztiak baliatu zituena 78ko Erregimenarekin haustura demokratikoa eman ez zedin.
Navarra foral eta españolaren eredua inposatu zen, Espainiaren komunitate forala izatea Nafarroarentzako onuragarria zela salduz, ongizate eredua zela, hots. Eta gainera Nafarroaren etsai gisa abertzaleak “los vascos vienen a acabar con Navarra” agertzen ziren bitartean, Nafarroaren defentsa Espainiarekiko lotura bermatzen zuen egitasmoak ordezkatzen zuen.
Nafar askoren begietan, funtzionatu egin zuen Erregimenak eta babestu egin zuen hegemoniko izan arte, orain dela hamarkada eskas bat arte. Aldaketa prozesuak eta lortutako botere instituzionalak sakoneko aldaketak ere azkartu egin ditu, indar harreman hegemoniko hori hankaz gora jartzen hastea lortzeraino.
9- 78ko Erregimenak zer indar izan duen eta duen aztertzeak Nafarroako garai berri honetara nola heldu garen ulertzen lagundu dezake. Nola ikusten duzue?
78 Erregimenarenak egin du. Hainbatetan aipatu dugun bezala, hiru dira horren arrazoi nagusiak: lehenengoa, euskal askapen mugimenduak hamarkada luzeetan eraman duen borroka; bigarrena, Estatu espainiarrak krisi finantzario eta ekonomikoaren aurrean bideragarria izateko adierazi duen ezintasuna; eta hirugarrena, prozesu independentista katalanak azkenekoz eman dion zartakoa.
Guztiarekin, estatu espainiarrean 78an ez zegoen indar-harreman berri bat bistaratu du, eta indar harreman horrek autoritarismoan eta birzentralizazioan, baita faxismoan, oinarritutako kontraerreforma baterako bidea zabaldu du. Horren parean, Euskal Herriak, eta zehazki Nafarroak, kontrako norabidea hartu du. Nafarroaren kasuan, Aldaketak irekitako ziklo historiko berriak kontrako norabide bat marrazten du. Nafar jendartean sekula bozkatua izan ez zen amejoramenduak, 78ko Erregimenaren nafar aurpegiak, bere bideragarritasuna eta zilegitasuna ere ukituta dauzka une honetan. Nafar jendartearen %80 inguruk begi onez ikusiko luke bizi duen estatusaren inguruan galdetua izatea. Nafar jendartearen %60 inguruk begi onez ikusiko luke estatus berri horren inguruko eztabaida irekitzea. Eta hortxe daukagu parean erronka.
Euskal independentismoarentzat, eta oro har, Nafarroako aurrerazale eta demokrata guztientzat, berebiziko garrantzia hartuko du hurrengo urteetan Nafarroako Estatusaren inguruko eztabaidari heltzeak. Aipatu dugun bezala, Estatuan indarra duten pultsioen kontrako norabide batean, demokrazian, eskubide sozialetan eta Nafarroaren burujabetzen oinarritutako bide berri bati ekiteko testuinguru aproposean egon gaitezke.
Estatu espainiarrean bizi den birzentralizazioan oinarritutako kontraerreformarako testuinguru honetan, bada autogobernua eta egun Nafarroak dituen instituzioak defendatzera mugatu behar garela pentsatzen duenik. Eta horren aurrean gure ustez egia esan behar diogu jendeari. Autogobernu eta instituzio horiek defendatzeari uko egin gabe, gaur-gaurkoz ez dagoela ezta apur horiek ziurtatzerik ere ez baldin badira Nafarroa eta Estatuaren arteko harremanak beste modu batean eta berdinetik berdinera definitzen. Gainerakoan, Estatuak bere interesen arabera neurtuko baitu autogobernu edo instituzio horren garapen edo aukerak zeintzuk diren edo ez. Lehenago esan bezala, sumisioa edo desagerpenaren testuinguruaren aurrean, gure bidea egitea beste aukerarik ez dugu.
Horren adibide da Nafarroa dela Kataluniaren atzetik Konstituzio epaitegiak gehienetan baldintzatu duen legebiltzarra. Nafarroako Parlamentuak demokratikoki ebatzitako 17tik gora Lege, Konstituzio-Epaitegiak atzera bota ditu. Beraz, Nafarroako identitate juridikoa eta politikoa defendatzeko modurik eraginkorrena eta bakarra inboluzioaren eta birzentralizazioaren testuinguru honetan Estatusaren eztabaida Nafarroan behingoz heldu eta Estatuaren eta Nafarroaren arteko harremanak berdinetik berdinera nola arautu daitezkeen aztertzea da. Navarra Suma aliantzak erakusten digun gisan (batzuek Navarra Sumisa gisa izendatu dute jada), Nafarroako Estatusaren meloia irekita dago jada eta kontua da ze norabidetan konpontzen den.
Beraz, ezker soberanismoaren apustua Nafarroan argia da: gure ustez, berandu baino lehen, Nafarroako estatus politikoaren eta juridikoaren inguruko eztabaidari heldu behar zaio. Nafarroan Estatus juridiko eta politiko berri bat erdiesteko prozesu eratzaile berri bat abiatu behar dugu, funtsezko kontua baita, ez soilik Euskal Herri librea nahi dugunontzat, baizik gure lurrean proiektu demokratiko eta soziala garatu nahi dugun guztiontzat. Eta norabide horretan, hiru dira oinarrizko gakoak: lehenengoa, nafar jendarteari galdetu egin behar zaio estatus juridiko eta politiko horren inguruan erreferendum bidez; bigarrena, herritarrak hobe bizitzeko, demokrazian eta eskubideetan sakontzeko balio behar du; eta hirugarrena, prozesu eratzaile hau ez dugu Estatu espainiarraren subordinazioaren koordenadetan ulertzen.
Beraz, Nafarroako ezker soberanismoarentzat, aldaketa-prozesua burujabetze-prozesu bilakatzea ezinbestekoa da, eta hori izango da Aldaketaren hurrengo etaparen lehentasun nagusietako bat, estatus juridiko eta politikoaren inguruko eztabaidari heltzen ez diogun bitartean, aldaketa-prozesuak, demokraziaren eta eskubide sozialen ikuspegitik ere, ezinezkoa izango baitu aurrera egitea.
10- Erregimena, zen bezala, nekez itzuliko da. Eskenatoki zailagoak ere aurreikusi daitezke, ordea. Adibidez, eskuin-muturrak Madrilen boterea hartzen badu eta gure erakundeetan sartzen bada. Nola egin dakioke aurre Nafarroatik joera honi?
Zoritxarrez, eta denbora daramagu esaten, Espainiar Estatuan antzematen den sakoneko joera, inboluzio antidemokratikoa eta ber-zentralizazioarena da, 78ko Erregimenaren krisiari eta noeliberalismoaren ondorioz nagusitzen diren haserre eta ezinegonei erantzuteko modu atzerakoiak nagusitzen ari dira, eskuin muturraren oldartzea emanez. Lurralde eredua krisian dagoenean etorri da olatu ultraeskuindarra eta horrek Nafarroan ere badu eragina.
Nafarroan 78ko Erregimena kolokan jartzen ari garela argi irakurri dute sektore ezberdinek eta beraz zuzenean Nafarroaren errekonkistaz mintzatu dira, hau da, Erregimenaren itzulera dute helburu.
Nazionalismo espainarraren olatua UPNren eskutik ezagutu dugu hamarkadetan zehar eta beraz, aspaldi hasi ginen Nafarroan faxismoari aurre egiteko borrokan. Egungo testuinguruan, Erregimena ez bueltatzea eta Nafarroan Aldaketaren bidean sakontzea, olatu faxista honi hesia altxatzeko modu eraginkorrena dela uste dugu. Argi dugu bataila politikoa instituzioetatik eta, eremu sozialean iniziatiba eta ekimen berriekin aurre egin beharko diogula, askatasunaren eta giza eskubideen zein eskubide sozialen alde lanean gauden sektore aurrerakoi guztiak elkarlanean.
11- Lurraldetasunaren ikuspuntutik, zer egin da ondo eta non
asmatu behar da?
Euskal Herrian herri proiektu bat aurrera ateratzeko inoizko baldintzarik hoberenak ditugu. Alde batetik, Ipar Euskal Herrian Herri Elkargoa sortu izanak, Nafarroan aldaketa prozesua abiatu izanak eta beste alde batetik EAEn daukagun indar harremanak, lehen aldiz euskal lurraldeen artean eta herri bezela proiektu kohesionatu bat egiteko aukerak biderkatzen dituelako.
Bestetik, nabarmendu behar genuke estrategia konfederalaren garapenak aukerak biderkatzen dizkigula lurralde eremu bakoitzean gehiengo demokratikoak lortuz Euskal Herriko proiektu bateratu hori indartzeko. Horretan gakoa izango da XXI. mendean Euskalerrigintzaren etapa berri bati ateak zabaltzea. Berpizkunde sozial eta kultural berri bat herri honetan esnaraztea. Eta horretarako esan bezala inoizko aukera onenetan egon gaitezke.
Baina Nafarroatik begiratuta badago beste hausnarketa bat egiterik. Nafarroa Estatu afera izan da Estatuarentzat. Lurralde zatiketa betikotuz eta Nafarroa gainerako euskal lurraldeekiko enfrentamenduan mantentuz, euskal proiektu independentista bat galeraztea bilatu dute. Nafarroako aldaketa prozesuak ordea, indargabetu egin du Nafarroa euskal proiektu soberano eta independente bat abiarazteko aitzakia bezala erabiltzen jarraitzea. Kontrara, Nafarroan irekitako aldaketa prozesuak aukerak biderkatzen ditu aipatutako herri aske proiektu bat eraiki ahal izateko.
Ziurrenik horregatik, koordenada ezberdinetan bada ere, Nafarroa estatu auzi bilakatuko da hurrengo hilabeteetan, goranzko joeran dagoen birzentralizazio eta autoritarismo prozesuan. Horregatik, Estatuan indarra hartzen ari diren pultsio faxistek berkonkistaz hitz egiten dutenean, Nafarroa dute jo puntuan.
Beraz, hor dugu erronka. Nafarroako Aldaketaren bidean sakonduz eta Nafarroaren burujabetza prozesu batean bilakatzeko urrats erabakiorrak ematea lortzen badugu, lurraldetasuna Euskal Herrirako proiektu aske bat lortzeko arazo baino, akuilu nagusi bilakatuko da. Bide horretan Nafarroan lehen mailako eta lehen lerroko papera izango du zalantzarik gabe.
Aldaketaren datuak
Aldaketak herritarren bizi baldintza materialen hobekuntza ekarri duela diote Zabaletak eta Romerok. Datu esanguratsu bat eman dute: 2019ko apirilean legegintzaldia amaitzen denerako 100 lege egitasmo inguru onartuak izango dira. Konparazio batera, EAEko legebiltzarrean hiru baino ez dira onartu oraingoz.
“Eduki sozialez betetako lege andana bat onartu dira.” Denak zerrendatzeak luze joko baluke ere, batzuk aipatu dituzte: pentsio txikienak konpentsatzeko egiten ari den ahalegina, Etxebizitza Legea, Errejimen Lokalaren Legea - “Nafarroako administrazio lokalak horizontaltasunetik berritu eta herritarrengandik hurbilago kokatzeko emandako urrats erabakiorra da”-, edo baita, Foru Berria deitzen den legearen berrikuntza ere, zeinaren bidez, herritarren arteko harreman pribatuak XXI. mendeko koordenada aurrerakoietan kokatu diren.
Baina lege egitasmo andana horretatik harago, “demokraziaren bidean eta isilik eta baztertuak egon diren sektore ezberdinen aitortzaren bidean, urrats asko eman direla” azaldu dute. “Esate baterako, emakumeon eskubideen aitortzaren esparruan. Aldaketaren legegintzaldiak bermatu du lehenengo aldiz Nafarroako emakumeok Nafarroan bertan abortatzeko dugun eskubidea erreala izatea. Edota LGTBI* kolektiboen aitortza eta babes legala eskuratzea. Baita, euskaraz Nafarroako lurralde osoan sare publikoan ikasteko aukerari ateak zabaltzea ere. Edota, Estatu biolentziaren ondorioz erahildakoen aitortzarako urratsak eman dira.”
Hala ere, “badago esaterik aldaketa gauza askotan motelegi joan dela eta arrazoia izango genuke.” Tortura pairatu duten ehundaka nafar herritarren aitortza instituzional falta, edo 86ko Vascuencearen Legearen gaindipena aipatu dituzte hutsune gisa. “Fiskalitatean ere, ondasunaren banaketa justuago bat lortzerako orduan, urratsak nahi genukeena baina apalagoak izan dira”, gaineratu dute.
Egoera itogarri hura
Hamarkada luzeetan zehar, Erregimenaren indarrek gidatutako instituzioek bizkarra eman diete herri mugimendu eta aldarrikapenei. Are eta gehiago, errepresioan eta jazarpen iraunkorrean bizi izan dira Nafarroan. “Duela gutxira arte, Olentzeroaren ospakizuna debekatua zegoen herri edota auzo askotan edota, aldaketa Iruñeko udalera iritsi aurreko urtean, Nagore Laffageren oroimen ekitaldia debekatu zuen UPNren alkatetzak.” Gizakiok askotan “memoria motza” dugula gaineratu dute, baina 6 urte besterik ez dira igaro egoera haietatik.
“Nafarroan sustrai sendoak” dituen Gaztetxeen mugimenduaren egoera jarri dute adibide gisa. Hamarkada luzez, Iruñeko Euskal Jai Gaztetxearen hustutzera arte, gaztetxeak herri eragile, kultura edota autoantolaketarako “arnas gune garrantzitsuak izan ziren, errepresio eta ukazio giroan, beste gune batzuekin batera arituak: lantokiak, ikastetxeak, auzo elkarteak…”, Zabaletak gogora arazi duenez. Egun, herritarrek eta gazteek zuzenean kudeatutako 17tik gora eremu daude Nafarroan eta baita udalekin batera kudeatutako hainbat proiektu berritzaile ere. Beraz, “aldaketak balio izan du ehun soziala eta instituzioen arteko hartu emanean, esparru autogestionatuen loratze berri bat ernaltzeko. Eta dagoeneko ez elkarri bizkarra ematen, baizik eta jendartearen adierazpen, antolaketa eta ahalduntzerako ortzi muga berriak eraikitzen.”