‘Gerezi Garaia’ da Mikel Santos Belatz irudigile iruindarrak aurkeztu duen azkeneko lana. Lucio Urtubia anarkista nafar ezagunaren bizitza biltzea helburu izan duena. Aldez aurretik aski ezagunak zaizkigun pasarteak harilkatu ditu Belatzek, Lucioren alde humanoena eta, aldi berean, politikoena, puri-purian erakusten dizkigutenak. Orriotan txikitan Cascanten jasandako errepresio frankista azaltzen da, baita deserrirako bidea, ejertzito espainolari egindako xahuketak, kartzelako denbora, mugan zehar egindako “lanak”, bankuetan lapurretak, Citibanken iruzur entzutetsua, deserrirako bidea...
Atzera eta aurrerako bidai bat da ere ‘Gerezi garaia’. Trenean edo makulua eskuan, nolabait, ezker abertzaleari ere jada zeharkatu dituen bide batzuk erakusten dizkionak berriro: Erribera eta bere alde akrata eta libertarioena. Antifaxismoan, presoekiko elkartasunean, errepresioaren aurkako eta botere despotiko espainolaren aurrean jarrera tinkoan, sustraietara bueltan, memoria historikoan eta ekinean aurkitu du ezker abertzaleak Lucio Urtubia eta Lucio Urtubia ezker abertzalea.
Izan ere, garapen handirik gabeko ideologia erakutsi digu beti Luciok. Baina a priori gabezia bat eman dezakeenak, politika egiteko bere armarik onena bihurtu du cascantearrak eta hala erakusten digu Belatzek ere komikian: estilo zuzen bat, erretorikarik gabekoa kasik, norberarekiko erreferentzia ugariz josirik, kontzeptu potoloenekin bat egiten asmatzen duena.
Alegia, naturaltasunez eta euskarri teoriko sendorik gabe ia, hegemonia politiko-kulturala nola egin erakusten digu. Nola lortu Luciok duen erakargarritasun hori (Belatzek “droga” moduan deskribatu izan duena) politikagintzan aritzeko? Edo, bestera esanda: nola lortu du euskarazko komiki batek, hain komunitate txikian eta hain denbora gutxian, halako arrakasta?