1
Sozialismoa da, orain ere, kapitalismoaren erokeria neoliberala eta bere fruitu diren faxismo berrien aurreko alternatiba zerumuga bakarra. Beste zibilizazio bat behar dugu eta zibilizazio horren funtsa denona da, komuna. Sozialismoa da planetaren bideragarritasuna bermatzen ahal duen proposamen bakarra.
2
Eraldaketa behetik gora egin behar da, jarduera integralen bidez. Goitik behera eredu autoritario, burokratiko eta zentralizatuak besterik ez dira birrekoizten. Bada garaia, beraz, abangoardismo guziak alde batera uzteko. Eta eraldaketa eredu berriaren gakoa demoaniztasunaren artikulazioa da. Borroka eta eragile eraldatzaileen elkarlana da eraldaketaren oinarria, esparru guziak hartu behar direlarik. Estatua borroka eta eraldaketa esparrua da. Estatuaren lehia egin eta irabazi behar dugu sozialismoa eraikitzeko. Estatua ez da, jakina, borroka esparru bakarra, baina estatuaren inguruko lehiari ihes egitea eraldaketa aukerak mugatzea da, ezinbestean. Finean, estatua herri mugimendu bilakatzea da erronka. Borroka integralak behar ditugu, makro eta mikropolitikan artikulatzen dituztenak, ardatz horizontal (parte hartzea) eta bertikala (ordezkapena) txertatuz.
3
Gaur egungo iraultza eraldaketa sozialista da. Ez da biharko utzi behar gaur egin daitekeen aldaketa. Neguko Jauregiaren Harrerari begira jardutea kaltegarria izan da ezkerrarendako. Iraultza era ezberdinetan egin daiteke, altxamendu orokorrak baztertu gabe, baina ezin da erreferente hori mitifikatu: 1917koiraultzari egiten ahal diogun omenaldirik onena gure garaiko iraultzak egitea da. Behin betirako gainditu behar dira determinismo eta esentzialismo guziak. Konplexutasuna aintzat hartuta, idatzita ez dagoen historia idatzi behar dugu, eraldaketaren motorra borroka erreala delarik, ez aurretik aukeratutako klase, alderdi edo herririk. Eraldaketaren subjektua herria da, eraldaketa egiten duen jende multzoa.
4
Gure garaiko sozialismoa behar dugu, XXI. mendeko erronkei aurre eginen diena, gure tradizio askatzailearen oinarriak birziklatuz eta birsortuz. XXI. kapitalismoa gainditu nahi duen XXI mendeko sozialismoa behar dugu. Bukatu da duela ehun urte ireki zen aroa eta beste batean bizi gara. Ezkerrak erabat berritu behar du bere egitasmoa, itxikeria, sektarismoa eta dogmatismoa alde batera utziz, eta honek esperienziaren inguruko autokritika zorrotza eskatzen du. Sozialismoak ez du porrot egin, baina porrot erraldoiak eraiki dira sozialismoaren izenean.
5
Sozialismoak kapitalismoa gainditzeko urratsak proposatu eta gauzatu behar ditu. Gure alternatiba ezin da ekonomiaren estatalizazioa eta planifikazioa izan, baina are gutiago kapitalismo basatiaren jarraipena. Nabarmena da formula berriak jarri behar direla mahaiaren gainean: eredu eta esperientzia aniztasuna, kooperatibismoa, ekonomia komunitarioa… Ekonomia errotik aldatzeko ezinbestekoa da estatua, baina zerumuga ezin da zentralizazioa izan, ezta mitifikatutako planifikazioa ere. Denona denon artean kudeatzeko formulen aniztasuna gorpuztu behar da, beste ereduak eraikiz.
6
Feminismoa garaiko sozialismoaren zutabe nagusia dugu. Feminismoaren ekarpenak gureganatu, berdintasunaren zerumuga indar oroz bultzatu eta emakumeen borrokaren zentraltasuna bermatzea ezinbesteko urratsak dira.
7
Gure garaiko eraldaketaren erronka nagusia demokrazia da, herriak botere guziak izatea. Liberalismoak eta neoliberalismoak demokrazia gorrotatzen dute, ez dute inoiz maite izan. Herriaren presioak bultzatu du demokratizazioa, gertatu delarik, zuzenan, lorpen gisa, ala iraultzaren beldurrez. Ikurra kendu behar diegu, beraz, zera argi utziz iraultzaren zerumuga demokratizazio integral eta errotikoa da.
8
Berdintasuna eta denonen (komunen) defentsa dira zerumugaren mugarriak. Sozialismo komunitarioa eraiki behar dugu… Gurean, batzarra, auzolan eta komunalen gaurkotzea da formula berrien inspirazio nagusietako bat. Sozialismo estatisten ereduak gaindituz, behetik gorako joerak lehenetsi behar ditugu, jendartearen demokratizazioa maila guzietara zabalduz.
9
Akats erraldoia litzateke zaletasun eta pasioen esparrua kapitala edota faxista berrien eskuetan uztea. Nazioa, herria, elkartasuna, errebeldia, pasio politikoak estrategia eraldatzailearen motorra bilakatu behar ditugu. Garrantzia berezia eman behar zaio maila honetan nortasun eta naziotasunaren auziari.
Internazionalismo berria eraiki behar dugu, zeinean herrien eskubideak aldarrikatzen baitira, kosmopolitismo neoliberala eta itxura aurrekoia hartu nahi duen kosmopaletismoa gaindituz. Herrien sozialismoa izanen da munduko sozialismoaren aurrekaria. Behetik gora egin behar da gure garaiko iraultza, herrietatik. Beste globalizazio bat bultzatu behar dugu, aske izan nahi duten herriena.
10
Bizi garen egoerak urrats bat ematea eskatzen digu XXI. mendeko sozialistoi eta, orohar, Ofentsiba eraldatzailera pasa behar dugu maila guzietan. Aurre egin behar diegu neoliberalismoa eta alternatiba faltsua den faxismo berriari maila guzietan, ekonomian, ideologian, egunoroko bizitzan…Mobilizazio eta borroka fase berriak irekitzeko tenorea da 1917ko iraultzaren mendeurrena.