«Nor zinen zu? –dio Leila Guerrerok–: Hartaz diote bizi zen tokian bizi zelarik ere lorategiak landatzen eta lorarazten zituela. Hartaz diote gogorra zela, gupidagabea eta ederra, ederra, ederra. Nor zinen zu, amaz umezurtz, aitaz umezurtz, nebaz umezurtz? Biolin-jolea. Nor? Asmatikoa, azaletik gaixo, hezurretatik gaixo, begietatik gaixo. Irakaslea. Nor zinen zu, hain gutxi mintzatzen zena, eta hainbeste mintzatu zena –hainbeste– maitasun bakar batez, izan zituen guztien artean: bakar batez. Nor zinen zu. Zu, ezpata izpia. Zu, hirurehun orrialde poema utzi zituen hori, ez gehiago, eta hala ere. Zu, apirilean hil zena eta 2009an, eta bere hiletara hamabi pertsona joan. Zu, ohar hau utzi zuena: “Gurutzerik ez. Ez nintzen ezein jaunaren bakean hil. Erre.”».
Horiek Leila Guerreroren hitzak dira, eta nik hauek gehituko dizkiot: «Nor zinen zu? –dio, beraz, Garazi Arrula Ruizek–: Hartaz diote beti zebilela askatasun baten bila, ez adinak ez esperientziak baimentzen zioten askatasun bat; muga horiek apurtu nahian beti. Poeta existentzialista. Hartaz diote pertsonaia zorigabea eta sufritzailea bihurtu zutela, biktima bat, eta ez, berak izarra desiratu zuen. Itzultzailea zen, Shakespeare, Queneau, Hudson. Nor? Tangoen letrak, errima eta Ruben Darioren poesia estudiatu zituen. Hartaz diote koherentea zela, sortzetik eta hil arte, koherentzia poetikoa bezain politikoa. Nor zinen zu, zeinari buruz hainbeste dioten, eta zuk hain gutxi. Emandako lauzpabost elkarrizketetako batean, kasurako, hau: “Badakit sua egiten, paretak margotzen, itzultzen, lorategi bat landatzen, txakur bat hezten, koadernatzen, ginebra egiten». Eta, nik diot, zer gehiago behar da?
Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierek 30. alea eskaini diote poeta uruguaiar handiari.