Nekane Zinkunegi

2019-04-16

Ilargiaren beste aldea

Euskal Herriko gatazkaren konponbidean nazioarteko komunitatea inplikatzea izan da ezker abertzalearen urteetako helburua, eta, gaur egun, herri gisa aitortza lortzeko ere badihardu lanean. Europako Batasunarekiko jarrera kritikoarekin, europar herrien arteko kooperazioa landu dute hainbat belaunalditako militanteek, eta Europako instituzioetan eta haietatik kanpo egindakoaz eta egin beharrekoaz hausnartu dute Elena Belokik, Gorka Elejabarrietak, Oihana Etxebarrietak eta Koldo Gorostiagak mahai inguruan.

“Ilargiari, betidanik, alde bat ikusi diogu. Euskal Herriaz ere, beti, alde bat ikusi dute. Estaltzeko borondatea egon da iraganean, eta borondate garbia du oraindik nazionalismo espainolak”. Hori ikusi zuen “oso argi” Koldo Gorostiagak, Europako Parlamenturako ordezkari hautatua izan zenean. Europako kazetariek, telebista frantsesak eta abarrek Euskal Herriari buruz hainbat aipamen egiten zituztenean, esaten zien ilargiaren alde bakarra ari zirela ikusten eta bazuela beste alde bat ere. “Eta horretan hasten nintzenean, mozten ninduten”.

1999an, Gorostiaga Europako Parlamentura iritsi berritan, gailur bat egin zuten Tamperen, Finlandian: “Hainbat erabaki hartu zituzten, eta Euskal Herriari buruz, erabaki zuten cordon sanitaire (osasun-hesia) ezartzea”. Haren ustez, konplizitate handia zegoen Europan Euskal Herriaren inguruko zenbait kontu ezkutatzeko, beraz, saiatu zen beste aldea ere erakusten: “Bestela, ez genukeelako sinesgarritasunik izango nazioarte mailan”.

Gorka Elejabarrietaren iritziz, Espainiak eta Frantziak egunero egiten dute Euskal Herriaren aurka nazioartean: “Kristoren makinaria daukate eta horretarako erabiltzen dute. Guk norbaiti bilera bat eskatuz gero, haiek lehenago joaten dira beregana, enbaxadorearen bidez, gurekin bildu ez daitezen”. Edonola ere, Euskal Herriko arazo politikoak onartu izan dira, “eremu pribatuan”, Gorostiagaren hitzetan: “Egin genituen kontaktuak hainbat estatutan eta toki guztietan bazen aitorpen hori pribatuan, baina publikoan zergatik ez zegoen galdetzen genuenean, “raison d'état” (“estatu arrazoia”) erantzuten ziguten”.

1998ko Ostiral Santuko Akordioari esker, Ipar Irlandak Europari gauzak beste era batera konpontzeko aukera bazegoela erakutsi zion, Elejabarrietaren esanetan: “Egoera horretan, gure proposamenak zentzudunak ziren. Guk ez genuen independentzia eskatzen, erabakitzeko eskubidea baizik. Gure helburuak plazaratzeko agertokia, azkenean jendeak erabakitzeko. Horrek Espainiari sekulako mina ematen zion, halako eztabaida publikoetan ez zuelako gure argumentuen kontra egiterik. Europako testuinguruan jendeak gure arrazoiak babesten zituelako”.

Elena Belokiren ustez, Europako Parlamentuan ordezkaritza izanda, zaila zen Euskal Herriaren izatea ukatzea: “Aldez aurretik, beste jende bate ere egon da Europan, eta haiei esker egon gara gu ere eta bide bat egin ahal izan dugu. Txema Monterorekin lortu genuen ordezkaritza lehen aldiz”. Instituzioek espazioa, bitartekoak eta bozgorailua errazten dituztela uste du Belokik, nork bere diskurtsoa helarazteko. Fisikoki ezin zituzten ukatu, beraz, eta protagonista berezi bat ere bazuten: “Beste elementu garrantzitsu bat izan zen gizon hau [Koldo Gorostiaga] ez zela batere militante tipikoa, apurtzen zituen eskema guztiak”. Lehen egunetik egin zituen gauza esanguratsuak: “Freedom for basque political prisoners (Askatasuna euskal preso politikoentzat) zioen kamiseta bat eraman zuen. Eta lehen hitzak euskaraz egin zituen”. Bazekiten ez zirela itzuliak izango, eta ondoren ingelesez hitz egin zuen eta aurrerantzean hala egingo zuela esan zuen.

Nazioartea konponbidean inplikatzea xede

Ezker abertzalearen misioa nazioarteko komunitatea Euskal Herriko konponbide prozesuan inplikatzea izan da. Elejabarrietaren ustez, horretarako lan handia egin zen urte haietan, baina gauza bitxiak ere gertatu ziren: “2001eko irailean, New Yorkeko atentatuak gertatu ziren, eta Europak erabili zuen zeukan testuinguru nazionala eta internazionala gure aurkako borroka areagotzeko”. Orduan utzi zituzten legez kanpo Batasuna eta beste hainbat eragile, eta orduan sortu zituzten terroristen Europako zerrendak ere: “[Jose Maria] Aznarrek Europako kontseiluari eskatu zion gu zerrendan sartzeko, eta erantzun zioten ezin zutela Batasuna zerrendan jarri legezkoa bazen, eta horri emandako erantzuna izan zen ilegalizazioa”.

Egoera bitxia sortu zen, beraz: “Europako Parlamentuan geunden hirurok —Beloki, Elejabarrieta eta Gorostiaga—, handik jasotzen genuen soldata, eta aldi berean, Europako Parlamentua ari zen esaten terroristak ginela. Beraz, ordaintzen zigun lan hori egiteko”. Elejabarrietak uste du Europak Espainiari aukera eman ziola, segurtasun politiken bidez, Euskal Herriko egoera konpontzeko, Europak beste alde batera begiratzen zuen bitartean.

Edonola ere, Belokiren iritziz, lehenagokoa da Europaren sekurokraziarako joera: “Beti esaten da 2001eko irailaren 11k jarri zuela mugarria, baina 1980ko hamarkadaren amaieran, jadanik ari zen ikuspegi sekuritarioa hedatzen. Hor jarri zen martxan Graham Watsonen txostena, euroaginduen ingurukoa, abuzturako eginda zeukana. Garai horretan, jadanik, hasi ziren ehuntzen gaur egun ezagutzen dugun segurtasun politikaren oinarriak”. Bat egin du Gorostiagak Belokirekin: “1992an, Maastritcheko ituna sinatu zen. Eta itun horren funtsa da munduaren aldaketa. Mundua aldatu zen 2001ean, New Yorkeko atentatuarekin, baina politikoki, Maastritchek eman zuen munduaren aldaketa neoliberalismora. Gu 1999an sartu ginen eta ordurako aldaketa hori erabat errotuta zegoen”.

Ezker abertzaleak nazioartean egin duen lana, hala ere, ez da soilik instituzionala izan. Parlamentuan ordezkaritzarik izan ez duenean eta bertarako sarbidea ere debekatuta eduki dutenean ere, harremanei eutsi dietela nabarmendu du Elejabarrietak: “Ni sartzen nintzen, botatzen ninduten... Josep Borrellek agindu zuen, hain justu, ni botatzea. Baina kanpoan bazegoen taberna bat Pub izena zuena, eta guk deitzen genuen Publament eta han egiten genituen bilera guztiak”. Parlamentuko lehendakariordea ere atera izan zen haiekin biltzera taberna hartara eta asko harritzen zen egoerarekin. Elejabarrietaren hitzetan, Brusela da munduan enbaxada eta korrespontsal gehien dauzkan hiria, “Whashingtonek baino gehiago”. Horiekin ere lantzen zuten harremana, baina garai haiek “gogorrak” ziren: “Kubako enbaxadorearen bulegoan sartu ginen behin Koldo eta biok eta diputatu espainiarrak guri “Terroristas!” oihuka hasi ziren”.

Izan ere, Lizarra-Garaziko akordioa hautsi ondorengo urteak ziren. Gorostiagak gogoan du parlamentuko eztabaida bat “oso gogorra” egin zitzaiola: “Mintzatu ziren EAJ, EA, CiU, Espainiako alderdi politiko guztiak, BNG... eta une batean, bukaeran, presidenteak esan zuen eztabaida amaitzen zela. Nik cuestion de orden bat eskatu nuen, bederen, nire azalpena eman ahal izateko eta ez zidaten eman. Eta, ondoren, beste batek hitza hartu eta esan zuen banuela eskubidea. Garcia Margallo zegoen lehen lerroan eta hark esan zion niri baimenik ez emateko presidenteari. Arlette Laguillerrek hartu zuen hitza eta protesta egin zuen oso modu finean, baina aktan ez da ageri eta bideoan ere moztuta dago zati hori”. Ezkerreko eurodiputatu frantziarra da Laguiller, Lutte Ouvrierekoa, LO eta GUE taldeetan zegoena.

Hala ere, jende askoren elkartasuna ere sentitu dute. 2003an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, eta Gorostiagak eta konpainiak bazituzten ehunka ale beren bulegoan. Elejabarrietak gogoan du nola baliatu zituen horietako hainbat Miquel Mayol ERCko diputatuak: “Hartzen zuen ale bat hitza hartu behar zuenerako eta asmatzen zuen gaia egunkariko berri batekin lotzen eta aldiro Egunkaria itxi zutela salatzen zuen”.

Europako estatuek, berriz, ikusi zuten epe ertain luzera Espainiak eta Aznarrek ez zutela segurtasun politika soilarekin beren helburua lortzen. Orduan, bestelako bideak aztertzen hasi ziren, Elejabarrietaren esanetan: “Urte horietan hasi zen nazioartearen esku hartze handiagoa gurean. Eta handik aurrera, gu ere beste modu batera lan egiten hasi ginen kanpoan”. Zehazki, lehentasunak markatu zituzten, Belokiren arabera: “Hasieran, mundura zabaltzera gindoazen, ahalik eta harreman gehien egitera. Eta gero, markatu genituen lehentasunezko espazio batzuk. Eta lehentasunezko espazioa zen Europa, bertan ginelako”.

Herri atipikoa

Ez ohiko herri bat ordezkatu behar izan dute Europan, Elejabarrietaren hitzetan: “Gu gara estaturik gabeko herria, nazio askapen mugimendua eta gatazka bat duena. Baina estrategia aldaketa egin genuenean, konturatu ginen eragin behar genuela sektore erabakigarrietan. Eta sektore horiek ez dira gure antzekoak, baina nire sentsazioa da eboluzioa egon dela gurekiko pertzepzioan”. Hasiera batean, Europan euskal herritarrei buruz zituzten aurreiritziak oso lotuta zeudela fanatismoarekin eta borroka armatuaren kontuarekin, ezker marjinalarekin: “Gu eta gure proposamen zentzudunak geroz eta gehiago ezagutu ahala, aldaketa gertatu da. Horri gehituz gero espainolen gure aurkako jarrera gogora, gure aldeko pertzepzioa areagotu da”.

Oihana Etxebarrietaren ustez, “jende serioa” gara kanpokoen begietara: “Hitzekoa eta konfiantzazko jendea bezala hartzen gaituzte edonora heldu bezain pronto. Uste dut egindako lanaren emaitza dela”. Haren iritziz, nazioartera begira lan egiten denean beharrezkoa delako konfiantza eta sinesgarritasuna ematen duten espazioak sortzea: “Ez gaituzte estatu paralelo gisa ikusten, baina badute gurekiko konfiantza maila bat beste era bateko eragileekiko izango ez luketena”.

Horrez gain, Etxebarrietari iruditzen zaio entzutera ere irteten direla euskal herritarrak nazioartera: “Nazioartean egin den lan handi bat izan dela gure naziotik kanpo gertatzen ari ziren kontuak Euskal Herrira ekartzea. Hondurasetik itzuli berri naiz eta eskatzen ziguten kontuetako bat zen haietaz ez ahazteko: <>”. 2009ko kolpearen ondoren, inoiz inork Hondurasi buruz zerbait esan badu hango kontuak hona ekartzeko, horiek gu izan gara. Eta Hondurasen aurkezten garen une berean badakite nor garen, ezker abertzalea oso ongi irudikatuta dago”.

Gorostiagaren iritziz, ezinbestekoa da nazioarteko aitortza lortzeko lan egitea, baina kosta egin da horrekiko konbentzimendua lortzea: “Gure jendeak ez zuen ikusten lan horren garrantzia, ordezkaritza bat bazegoela bazekiten, zerbait egiten zuela, gehiagorik ez. Nik proposatu nuen etor zitezela Arnaldo [Otegi] eta gainontzekoak eta txosten bat egin genuen haientzat. Ikusi zutenean gure lana, harrituta geratu ziren. Euskal Herrian zeudenek ez zuten astirik gauzak aztertzeko. Kanpoan, aldiz, bagenuen giro lasaiagoa solasaldiak egiteko eta gauzak aztertzeko”.

Lan erritmoak “oso ezberdinak” baitira Euskal Herrian eta nazioartean, Elejabarrietaren ustez: “Nazioartean egiten den lanak ez du balio botoak irabazteko. Eta ez da epe laburrera emaitzak ematen dituen lana”. Horregatik, joko mahaian kolpea jo eta lan egiteko modua bera aldatzea erabaki dute: “Atzeratu egin dugu estatuarekin genuen bataila, gu egoera hobean egongo garen unera. Ez dirudi Espainiak onartuko duenik Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea eta hori horrela bada, bataila hori etorriko da gerora. Irabazteko, gutxienez, bi gauza behar ditugu: lehena, erdia baino gehiagoren babesa lortzea, eta, bigarrena, nazioarteko aitortza. Hemendik hamar-hamabost urtera nazioarteko hainbat estatuk guri estatu independente garela aitortzeko, lana egiten orain hasi behar da”.

Hain justu, euskal herritarrez eraikitako mitoak deuseztatzeko baliatu behar dira harremanak, Etxebarrietaren iritziz: “Aurrez aurrekoan, jendearekin gauzak beste era batera ikusten dira. Mito asko egon direlako eta horiek berehala apurtzen direlako, ateak irekitzea errazagoa da. Gu oraindik eraikuntzan dagoen herrialde bat gara, eta garrantzitsua da erakustea herri bezala gure berezitasunak eta funtzionatzeko modua baditugula, eta horiek estatu izaera ematen digutela”.

Herri atipikoa ordezkatzeaz gain, Europako Batasunarekiko kritikoa izatea dagokio ezker abertzaleari, kontraesanak kudeatzea, Belokiren hitzetan: “Ezker abertzaleak ez du inon esan beharrik Europako Batasuneko proiektu soziopolitikoaren oso aurkakoak garela. Maastritcheko Ituna Espainiako Kongresuan bozkatu zenean, indar bakarra izan ginen aurka egiten”. Baina uste du bereiztu behar direla Europako Batasuneko instituzioak eta Europako politika: “Kontraesanez betetako espazio horretara joaten gara ahalik eta etsai gutxien izateko, Euskal Herriaren aurkako ahalik eta oposizio gutxien sortzeko”.

Elejabarrietaren iritziz, berriz, Europako Parlamentuarekiko kritiko izatea bateragarria da gainerako herriekin egin daiteken elkarlanarekin: “Euskal Herria Europan dago, gehiago edo gutxiago gustatu arren. Gainera, Espainiaran eta Frantziaren bidez, Europako Batasunean ere badago. Beraz, etorkizun batean, Euskal Herriak erabaki beharko du zein motatako harremana nahi duen Europarekin eta Europako Batasunarekin. Europako Batasunaren ereduarekin oso kritikoak gara, baina horrek ez du kentzen europar herrien arteko kooperazioa eta elkarlana modu positiboan ere uler daitekeela”.