Nazioartea zein Independentziaz mintzatzea tokatzen zaigun unetik argi izan beharko genuke aldakorrak eta etengabeko eboluzio batean doazen kontzeptuak direla. Errealitate berriei egokitzen eta aldatzen doazen kontzeptuak ditugu. Sinplea da,nazioartea egun eta XVIII. mendean ez da bera, ez eta Estatuak ere, eta ondorioz independentzia kontzeptua eredu desberdina da. Baina biak egon, badira oraindik.
1. a. Nazioartea egun:
Fukuyamak historia amaitu zela zioen aipu esanguratsutik hona, gauza asko aldatu dira munduan.Ikuspegi geopolitiko klasiko batetik, baina baita ere azaldu diren, eta nazioartean eragina duten, subjektu berrien sorreragatik baizik.
Egun nazioartea, estatuek eta nazioarteko erakundeez aparte, beste hainbat eragilez, osatua dago. Subjektu berri hauen esku-hartze maila, eragina... etengabean hazten doan errealitatea da.
Ikuspegi klasiko batetik ere nazioartea izugarri eraldatu da eta maila batean tendentzia kontraesankorrak bizi ditugu. Estatu ez diren hainbat egitura azpi estatal edo albo estatalak sortu baldin badira ere, horrek ez du inolaz esan nahi estatuen pisu eta indarra galdu dutenik. Aldiz hainbat estatu berri eta hainbat estatu “emergente” deitutakoak ikusi ditugu azken urteetan. Eta hauen eskutik, hainbat dinamika erregional edo intereseko jarri dira martxan, BRICS, G33 ...
Errealitate polo anitz baterantz abiatu da mundua, nahiz eta oraindik argi den Estatu Batuak lehentasuna duen mundu bat izango dela. Beste errealitate baterantz goaz non elkar lerratze globalak aldakorragoak eta arinagoak izango diren. Mundua erronka berriei aurre eginbeharrean egongo da.
Fluxu etengabeko mundua izango da gurea: aldakorrak diren harremanak, botere gune anitzak, sortu, batu eta zatitzen diren estatuak, hiri zein erregio gune boteretsuak, inoiz baino biztanleria mugikorragoa... eta guzti hori inoiz ezagutu dugun garapen teknologiko globalaren pean. Estatuak ez dira jada, eta ez dira izango gehiago, harreman horietako subjektu bakarrak.
Aipaturiko aktore eta errealitate berri guzti horiek ere jokatuko dute. Globala eta lokala nahastuko da. Errealitate berriak sortuz (Igor Calzadak aipatzen duen translokalitatea). Mundu oso aldakorrean aurkituko gara. Eta horretara azkar egokitzeko ahalmena izatea gakoa izango da.
Testuinguru horretan Europaren pisua ere erlatiboago aizango da. Batzuek mundu post Europarrean bizi garela diote. Nazioarteko harremanen garai post Europar baten hasieran egon gaitezkeela. Munduko grabitate eremua Europatik Asiara pasatzen ari da.
Mendeetako borroken ondoren, nagusiki borroka hauen iturri izan diren Frantzia, Alemania zein Britainia Handia berradiskidetuak dira. Baina arrakasta haumugatua da, Europak ez baitu lortu Europako Estatu Batuak izatea. Europak estatuen Europa izaten jarraitu du. Eta ez dirudi hori aldatuko denik.
Gainera egun Europar Batasuneko erakundeek pairatzen ari diren demokrazia gabeziaren inguruko kritika nabarmena eta, oro har, europar herritarren aldetik, Europar erakundeekiko ageri desafekzioak Europaren proiektuaren krisia nabamendu dute.
Bestalde, batzuek abertzaletasuna gainbehera zihoala bazioten ere ez dirudi hori horrela denik: batetik eta Europan ematen ari den instituzioen krisia dela eta burujabetzaren aldeko ahotsak indartzen ari dira estatu askotan, eta erakunde azpi estataletatik berriro ere agerian jartzen dira independentzia aldarrien indartzeak (Eskozia, Katalunia, Flandria). Europa, Txinan, Indian, Latinoamerikan nazionalismoak indartzen doaz. Maila horretan aldarri nazionalistak modaz kanpo gelditu zirela ziotenek, globalizazioa eta europar batasunaren eraikuntzaren baitan, ez dirudi asmatu dutenik. Nahiz eta aldarri horiek nazionalismo klasikoaren parametrotan kokatzen ez diren , ez aldarriak ezta kontzeptuak berak ere.
Gainera, globalizazioak, liberalizazioak eta nazioarteko merkataritza integratuagoak joera hauek mugatu baino, areagotu ditu. “Askoren aburuan, inoiz baino indartsuago dago estatua. Globalizazio prozesuaren anabasan eta krisi-garaietan herritarrari beharrezkoa duen babesa eskainiko dion eragile bakarra baita”. Izan ere, Rubert de Ventós filosofo kataluniarrak dioen bezala: «Saretuta dagoen mundu honetan estatu modernoaren hainbat osagai zaharkituta geratzen ari direnean, [halere], indarraren eta asistentziaren monopolioak ematen dion legitimitatea eta gizarte-ospea mantentzen du estatuak».
1. b.- Independentzia egun
Independentzia kontzeptuak ere, azken urteetan eraldaketa nagusi bat izan du mundializazio globalizazio prozesu honen ondorioz. Horrela, entitate gain estatalen eskutan zein azpi estatal edo albo estatalen eskutan estatuak boterea galtzen joan dira prozesu zentrifugo baten bidez, Europan batik bat. Egun, ez dago guztiz estatu independenterik, egia da, baina ezin ahantzi ere nazio batzuk besteak baino independenteagoak direla eta hor estatalitateak oraindik ere elementu garrantzitsu gisa jokatzen du.
Hemen independentziaz aritzean independentzia eta subiranotasun kontzeptuak pareko gisa erabiliko ditut, kontzeptu polisemikoak eta esan bezala aldatuz doazenak. Nazioarteko praktikan halere estatuen arteko erlazioaren printzipio osagarri basikoa dugu hau.
Independentziak ikuspegi nazioarteko legal batetik zeraesan nahiko luke: estatu bat estatu gisa onartua izatea besteengatik eta ondorioz nazioarteko komunitateko partaide gisa onartzea. Independente izateak ordezkaritza diplomatiko onartua izatea eta nazioarteko organoetako kide izatea esan nahiko luke.
Barne independentzia edo burujabetzaren ikuspegitik azalduko genuke bestetik estatu batek duen barne botere estrukturak eratu eta kontrolatzeko gaitasunaz, zeintzuk noski modu efikazean ihardun beharko luketen.
Hiru kontzepzio hauek egungo errealitatearekin alderatuko baditugu ondorengoaz ohartuko gara: estatu independente orok ez dituztela hiruak osoki betetzen, eta beste errealitate azpi estatal batzuk horietako batzuk maila batean bete ahal dituztela.
Horrela badira independentzia Westfaliar zein burujabetza domestikoa duten errealitatek baina ez daudenak nazioartean errekonozituak . Badira nazioarteko errekonozimendu legala izan baina ez ikuspegi Westfaliarretik ez eta barne burujabetza ikuspegitik independenteak direnak (Libia, Somalia). Eta azkenik Westfaliar burujabetza mugatua duten estatuen kopurua ere maila ezberdinetan oso handia da.
Gainera hasieran esan bezala nazioartean sortu diren hainbat aktore berrik ere higatu egin dute subiranotasun Westfaliar hau, kanpotik eta barrutik. Era berean entitate azpi estatal batzuk burujabetza Westfaliarrik ez duten bezala burujabetza domestikoko maila batzuk eskuratu izan dituzte. Gakoa halere kasu hauetan burujabetza Westafaliar eza da eta horrek ekartzen duen zentrotik esleitutako edo eskualdatutako botereak berriro ere atzerabidez galtzeko aukera ez kontrolatua, botere zentralaren esku badago esleitutako botereak berreskuratzea edo botere hauek kimatzea, gurean gertatu zain den bezala, oinarrizko lege eta abarrenbidez.
Hala ere, Rubert de Ventós filosofoak dioen bezala, «Salbuespenak salbuespen, hobe da estatu minimoa izatea autonomia maximoa baino. Estatua da soberania duen antolaketa politiko bakarra, eta horrek abantaila kualitatiboa ematen dio, oraindik ere, estatu-antolakuntza hartzen duen herriari».
Guzti honekin finean “nazioartea” zein “independentzia” kontzeptuak aldatu direla azpimarratu nahi genuen. Lausotu egin direla. XXI. mendetu zaizkigu. Nahi edo ez nahi, hori da errealitatea eta hor mugitu behar gara. Baina zerbait ez bada aldatu zera da: nazioarteko errealitate interdependente honetan herriek interdependentzian, burujabe izateko duten gogo eta nahia; itsas mugitu berrien barrena lema eskutan nabigatzeko duten beharra.
Are gehiago Europako testuinguruan, hainbat ikerketek azpimarratu egiten baitute herri txikiak, herritar kopuru baxukoak, aberatsagoak direla oro har, europar media baino aberatsagoak. Beraz askorentzat globalizazioa aliatu bat bihurtzen da independentziari dagokionez. Mugen ahultzeak globalizazioaren ondorioz eskala handiko estatuez baliatu beharra gutxiagotu du. Aldiz, estatu konplexu bateko kide izatearen gastuak politika publikoei dagokionez altuak izaten jarraitzen dute, eta, beraz, independentziaren edo burujabetzaren beharra indartzen da.
Lehenik eta behin kontutan eduki beharko genuke adostutako prozesu independentista batek ez duela nazioartean inolako kontrakotasunik sortzen, beti ere prozesu horrek nazioarteko araudia bortxatuko lukeen neurririk ez badu behintzat.
Halere, independentzia, estatu bateko lurralde zati batek, populu batek, estatu horretatik aldentzeko eginiko sezesio adierazpen gisa, ez dago nazioartearengatik ez debekatu ez eta babestua. Nazioarteak ez die ematen estatu bateko barne entitateei edo herriei ezein banaketarako edo sezesiorako eskubiderik, independentzia deklarazio baten bidez edo bestela. Baina ez du ere nazioarteko legediak estatu baten integritatea edo bana ezintasuna bermatzen estatu horren barne mailako bilakaerek sezesiora edo estatu beraren desagerpenera eramaten dutenean. Oro har, nazioarteak ez du sezesioa ez baimentzen ez eta debekatzen.
Horrek ez du esan nahi kasu orotan ez duenik debekatzen ez eta nazioarteak babesten duenik edo gustuko duenik sezesioa ematea. Gai hau aztertzerakoan ondorengo elementuak hartu beharko genituzke kontuan: barne zuzenbidearen garrantzi eza, lurralde batasuna, nazioartea eta sezezioa, autodeterminazioa eta sezezio prozesuak eta estatuen errekonozimendua.
Barne zuzenbidearen garrantzi eza
Independentzia adierazpen bat aztertzeko unean kontuan eduki behar dugu nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik ez duela garrantzirik adierazpen hori barne zuzenbideedo legaltasunaren baitan zuzenbidezkoa den ala ez. Ez du garrantzirik Espainiar Konstituzioak ezartzen duen batasun zatiezina. Nazioarteko zuzenbidea beste ordenu bat da, eta hor ez du garrantzirik nazio mailako legediak dioena. Nazioarteak inoiz ez du aztertu sezesio egintza bat nazio horretako legalitatearen baitan ematen den edo ez denaren baitan. Horrela balitz inoiz ez litzateke izango nazioarteko legediaren araberakoa sezesio bat. Horregatik ere ezin da aztertu independentzia adierazpena burutzen duen autoritateak barne legediaren arabera eskuduntzarik duenaren edo ez duenaren arabera hori egiteko. Kosovoko Asanbladako ordezkariek ez zuten behin behineko administrazioaren arauen arabera inolako eskuduntzarik independentzia adierazpena egiteko .
Lurralde batasun printzipioa
Printzipio hau aldiz bai da nazioarteko zuzenbidearen printzipioa eta NBE Kartaren 2(4) atalean dator. Printzipio hau, ordea, nazioartean nazioarteko erlazioen babeserako printzipioa da. Ez da berme absolutu bat estatu batek izan den bezala jarrai dezan izaten. Eta ez da aplikatzen estatu baten barnean egon daitezkeen mugimendu sezesionistekiko, Helvetiar Konfederazioak Kosovoko Autogobernurako Erakunde behin behinekoen Aldebakarreko Independentzia Adierazpenak Nazioarteko Legediarekin bat egiten duen Nazioarteko Justizia Gorteari eskatutako Iritzian dionez.
Nazioartea eta sezesioak
Ez dugu esan nahi inolaz ere nazioarteak babestu edo sustatzen duenik Estatu baten lurraldearen zatiketa edo mugimendu sezesionistak. Nazioarteak lurralde batasuna (integritatea) babesten du estabilitatearen eta gatazken adoste baketsuen baitan, baita barne gatazkak direnean ere. Baina estatuen banaketa nazioarteko komunitateak babesten ez duen kontua bada ere horrek ez du esan nahi gerta ez daitekeenik edota debekatua dagoenik. Sezesioa ez doa nazioarteko legediaren aurka, Kosovo auzian Nazioarteko Justizia Gorteak azpimarratu duen bezala.
Alde bateko sezesioak izan dira oro har estatuak sortzeko bidea lehenengo gerrate mundiala arte eta 1989 geroztik ere horrela gertatu da. Eta noski historikoki, kasu gehienetan, parte zireneko estatuaren legediaren aurkako sezesioak izan dira. Estatu Batuetako 1776 ekouztailaren 4ko Independentzia deklarazioa Britainiar legediaren arabera traizio goreneko delitu bat izan zen. Baina nazioarteko zuzenbidearen arabera ez zegoen debekatua. Sezesioa ez da ez printzipio ez eskubide bat, izate bat baizik.
Sezesioa nazioarteko ikuspegi batetik debekatua dago, hori bai, estatu batekiko sezesio prozesuak nazioarteko legediaren aurkako neurriak baditu berarekin. Sezesioa kanpo eraso edo esku hartze baten bidez ematen bada edo prozesuak oinarrizko giza eskubideen bortxa badarama berarekin. Kasu horietan nazioarteak, NBEren baitan, ez- errekonozimendu orokorra, adostua izan du erantzun gisa, bai eta batzuetan Segurtasun Kontseiluaren esku hartzea Kartaren VI edo VII kapituluen baitan.
Autodeteminazioa eta sezesio prozesuak
Autodeterminazio kontzeptua aldiz nazioartean garatzen joan den kontzeptua da. Hasieran zuen dotrina edo printzipio politiko kontzepziotik nazioartean araututako erga omnes izaera duen printzipio zein eskubidera pasatuaz.
Horrela, Autodeterminazio eskubidea jaso zen, lehenik eta behin, modu programatikoan Nazio Batuetako Kartako 1(2) eta 55 artikulua zehazten duen bezala. Bestalde, 1514 erresoluzioak zehaztuko du autodeterminazio eskubidea herri kolonialen eskubide gisa. Eta zehaztuko du, ez dela soilik independentzia izango autodeterminazio aukera, posible dela ere: estatua, asoziazio librea edo estatu baten barruko integrazioa.
Beranduago, 1966ko Giza Eskubide Itunak lehen aldiz definizio legal argi bat ematen saiatuko da, eta giza eskubide gisa definituko du autodeterminazioa lehen atalean.
Era berean, Nazioarteko zuzenbidearen doktrinak sakondu du gai honetan. 2625 Ebazpenari jarraikiz. Estatu batek ez duenean jarduten herritarren eskubide berdintasuna eta autodeterminazio eskubidearen baitan eta ondorioz ez badu jarduten herri osoa ordezkatuko duen gobernu gisa, arraza, sinesmen edo kolorerik kontuan eduki gabe; kasu horietan autodeterminazio eskubidea emango da ere.
Ondorioz doktrinaren gehiengoaren arabera herri bati bere barne autodeterminazio eskubidea sistematikoki eta bortizki bortxatuko balitzaio autodeterminazio eskubidea ere onartuko litzaioke. Hau litzateke remedial right gisa onartzea autodeterminazioa.
Honetaz gain, azken urteotan autodeterminazio kontzeptuaren garapen bat egon da ere barne autodeterminazio eskubide gisa; hau da sezesioraino iritsi gabe herriek izan dezaketen barne autodeterminaziorako eskubidea estatu baten barruan.
Ezin ahantzi dugu, finean, herrien autodeterminaziorako eskubidea nazioartean arau bihurtzen (normatibizatzen) doan eskubidea dela, beti ere borrokatzen duten herrien arrakastaren arabera. Alegia, autodeterminazio eskubidea ez da nazioarteko arau bihurtzen bat-batean herri kolonizatu eta okupatuentzat, baizik eta hirugarren munduko herrien borroka gogorren ondorioz. Eskubide historiko guztiekin berdina gertatzen da.
Estatuen errekonozimendua
Independentzia adierazpena ez badago ere nazioartean debekatua (arestian aipaturikoez aparte) horrek ez du esan nahi noski Independentzia adierazpenak estatu horren errekonozimendua dakarrenik berarekin.
Estatu independente baten izatea definitzeko irizpideei dagokionez, Montebideoko Konbentzioa, Estatuen Eskubide eta Betebeharrei buruzkoa (1933) delakoan onartu dira unibertsalki eta egun nazioarteko printzipio gisa hartzen dira. Irizpideak hauek lirateke: populazio permanente bat, lurralde definitu bat, gobernu bat, eta hirugarrengo estatuekin harremanetan sartzeko gaitasuna.
Argi dago alor horretan estatuen errekonozimendua lehen mailako elementu diplomatiko politikoa bihurtzen dela, eta, beraz, gai horrek estrategia eraginkor baten definizioa eskatzen duela errekonozimendua lortu nahi duten estatuen aldetik.
Elementu hauek kontuan hartuta, hainbat ondorio jaso daitezke:
-Autodeterminazio eskubidea egun nazioartean okupaziopean zein errealitate kolonial direnei erantzuten die batik bat (gehi remedial right kasuak).
-Garatua dago ere barne autodeterminazio kontzeptua, batez ere, herri indigenei zein gutxiengoei dagokienez.
-Sezesioa, salbuespeneko kasuak salbu (remedial right), ez da nazioarteko legediaren arabera eskubide orokortu bat.
- Sezesioa gertaera bat da. Errealitate bat, zeinari erantzun bat eman beharra dagoen modu arrazional batean, sistema demokratiko batean bagaude behintzat.
-Hoberena eta logikoena, beraz, horrelako kasu bati irtenbide negoziatu bat ematea da. Demokrazia, hitza, zuzenbide estatua, giza eskubideak eta gutxiengoen babesa kontuan hartuaz.
-Maila horretan sezesio demandaren seriotasuna nazioartean kontuan hartuko litzateke: eskaria modu sostengatuan, serio eta koherente batean mantendu den ala ez; gehiengo argi baten babesa izatea, homogeneoa izatea, negoziatzeko prestutasuna izatea eta noski lurralde eta biztanleen nolabaiteko kontrola izatea.
Nazioarteko komunitateari buruz aipu batzuk egitea komeni da:
- Nazioarteko komunitatea kontserbadorea da, orohar, eta ez du nahi status quo-aren aldaketarik. Desestabilizazio politiko, sozial edo ekonomikoak ekiditearen aldekoa izango da orohar.
- Nazioartea oraindik orain nagusiki estatuen nazioartea da, non mugen aldaezintasunak pisu izugarria duen.
- Bakea eta estabilitatea dira batik bat mantendu nahi direna.
- Ikuspegi orokor batetik begiratuta nazioarteko komunitatea ez da izango aldebakarreko sezesioaren aldekoa, sezesioak aurreko guztia jasotzen duelako gehienetan.
-Geopolitikak , kontagio efektuak eta abarrek zeresan handia izango dute ere kontestu honetan. Maila horretan, Espainiar estatua izaera ertaineko potentzia bat dela ezin ahantzi.
- Sezesioa beti azken errekurtso gisa ikusiko du nazioarteak, eta hor garrantzi berezia hartzen du elkarrizketak edo elkarrizketa ezak.
- Elkarrizketa, negoziaketa eta compromise-aren aldeko posizioa izango du, eta horretarako kualitatiboki dagoen posizio indarra inportantea izango da.
- Demokrazia liberaletan azken boladan ematen ari den erabakitze eskubidea legitimazio demokratikoa deitu izan denaren kontzeptua, mugatua dago eta gaia batik barne afera gisa definitu ohi da.
Beraz, independentzia prozesua arrakastatsua izango bada, elementu guzti horiek kontuan izan beharko dituela, eta, beraz, nazioartean arrakastatsuki eragiteko gaitasuna eta plana zehaztea beharrezkoa izango da edozein prozesu independentistarentzako.
Aurreko atalari jarraikiz hainbat ondorio baditugu jada:
- Nazioarteko legediak ez du oro har babesten independentzia ez eta ukatzen ere. Independentzia prozesuak nazioarteko legediaren araberakoak izan daitezke edo gutxienik ere nazioarteko legediaren ez aurkakoak izan daitezke. Prozedurak badu zerikusia nazioarteak erantzuteko unean, hori bai.
- Nazioarteko legediari ez zaio so egin behar jakiteko gure herriaren independentzia babestua dagoen edo ez. Afera edo gakoa ez dago hor.
- Nazioartea, aldiz, Euskal Herria bezala, landu beharreko eremua dugu eta bere erantzuna desberdina izango da gure herrian ezartzen den prozesuaren arabera, zeinak noski ezinbestean nazioarteko aldagaia edo elementua kontuan izan behar duen definitzerakoan eta lantzerakoan.
-Eta hor nazioarteko praktikak bai ematen dizkigu pista edo arau batzuk:
* ikuspegi legal batetik, nazioartean baloratuko da, legitimitateari begira, sezesioa deklaratzen duen subjektuak lurralde, populazio eta instituzioen kontrola mantentzen duen baina baita ere eskariak legitimitate demokratikoa duen.
* ikuspegi geopolitiko batetik, lurralde hori dagoen eremu geopolitikoko bake eta egonkortasuna, politiko, geopolitiko zein ekonomikoa aztoratzen duen edo ez, eta lurralde horren garrantzia.
Funtsean, prozesu independentista fase batean bederen alde bakartasunetik sustatzen bada, estatuak prozesu adostu bat ez duelako onartzen hasieran, ezinbestean nazioarte mailan konplizitateak edo gutxienik ez aurkakotasunak lantzen saiatu beharko da, inguruneko interes geopolitikoa eta geo-estrategikoak kontuan edukiaz eta hauei positiboki erantzuten, horretarako beharrezko estrategiak definitu eta garatuaz.