Egoitz Urrutikoetxea. Iratzar Fundazioko kidea

2019-04-01

Ipar Euskal Herria 2040. Biziko al da?

Azken urteetako bilakaera demografikoaren iturburuan bi prozesu antzeman daitezke : alde batetik turistifikazio politika, eta bestetik metropolizazioa. Aurreikuspenen arabera 2040 bitartean Ipar Euskal Herriko biztanleria %10 igo daiteke. Lapurdi kostaldea azpiegitura aldetik egun saturatua aurkitzen denez, balizko bilakaera demografikoak zer pentsatua ematen du.

Turistifikazio politikaren eragina

80. hamarkada bitartean Ipar Euskal Herriak biztanleak galdu baldin baditu, geroztik gorantzko joera nagusitzen joan da. Luzaz laborantza, arrantza, eta artisautza izan dira Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako herritarren ogibideak. Eta bestelako lanpostuen gabeziak euskal herritarren migrazio mugimendu azkarra eragin zuen. Parisera edo inguruko hiriguneetara jotzen zuten lan bila, batez ere garaian oparoa zen funtzio publikoan aritzera.

60. hamarkada bukaeran Frantziako gobernuak Akitania eskualdeko itsas bazterrean turismo eskaintza garatzeari ekin zion. MIACA izeneko plangintzaren baitan, Lapurdi kostaldearen ekonomia turismoaren zerbitzuko antolatzea proposatzen zuten. Esate baterako, Gobernuak 30.000 turista gehiago jasotzeko azpiegiturak eraikitzeari ekin zion, Hendaiatik hasi eta Angeluko itsas bazterreraino. Ipar Euskal herriaren eta Lapurdiren garapena omen zuten helburu.

Geroztik ur asko pasa da zubi azpitik, eta errealitateak ilunetik gehiago du argitik baino. Uda betean, uztailean hasi eta Abuztua bitartean, Lapurdi kostaldeko biztanle kopurua hirukoizten da. Azpiegitura guztiak gainezka egiten dute, ez baitaude horrenbeste biztanle jasotzeko prestatuak. Lanari dagokionez, turistifikazioak ez du luzaroko lanpostu egonkor eta iraunkorrik ahalbidetu. Batez ere opor garaietarako lan eskaintza prekarioen sustatzaile izan da. Eta turistifikazio politikak eragin duen etxebizitzaren burbuila espekulatiboak urte osoan bertan bizi nahi duten herritarrak egunetik egunera euskal kostaldetik gero eta urrunago bidaltzen ditu.

Turistifikazio politikak ez du gazteriaren odol-hustea galarazi. Ikasketak jarraitzeko Euskal Herritik urrundu behar izan duten gazteen gehiengo zabalak Euskal Herritik kanpo aurkitu du bizibidea. Azken urteetan Ipar Euskal Herrira bizitzera etorri diren herritarrak adin batetik gorakoak dira, erretiroan daudenak, edo kategoria sozial jakin batekoak. Izan ere, Lapurdi kostaldean bizitzeko eta etxe baten jabe egiteko aukera gutxi batzuen pribilegioa bihurtu da. Miarritze, Donibane Lohizune edo Angeluko auzo batzuetan etxebizitza berrien prezioa metro karratuko 6000€-tik gorakoa da. Lapurdiko soldaten bataz-bestekoarekin ezinezkoa da gaur egun etxebizitza baten jabe izatea. Eta alokairuzko etxeen eskaintzari dagokienez, urte osoko alokairurik apenas aurkitzen da, laguntza sozialekoak ez direnean behintzat.

Turismoak bere horretan ez du ahalbidetzen urte guztirako bizibidea. Aitzitik, tokiko bizimoduaren eta ekonomiaren desegituraketa mailakatua eragiten jarraitzen du.

Metropolizazioa

Lurraldearen metropolizazioak turistifikazio politikak eragin bilakaera indartu besterik ez du egin. Administrazioaren zerbitzuak Lapurdi kostaldean kokatuak dira, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren kaltetan. Horrek lan merkatuan eragiten du, lan eskaintza gehienak, izan administrazioan edo zerbitzuetan, kostaldean aurkitzen baitira.

Egun, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %58a Lapurdiko kostaldean bizi da. Haatik, higiezinen espekulazioa dela eta, Lapurdiko kostaldean lan egiten duten herritarrek ezin dute bertan bizi, eta Lapurdi barrualdeko herrietara jo behar izaten dute.

Euskal Elkargoaren sorrerak ere izan du bere eragina Ipar Euskal Herriaren metropolizazio prozesuan. Ordurarte, Herri Elkargo bakoitzaren herri nagusian zerbitzu administratibo ezberdinak aurkitu zitezkeen. Orain, berriz, zerbitzu gehienak Baionan aurkitzen dira. Herriko Etxeen eguneroko kudeaketan Euskal Elkargoaren sorrerak onurak ekarri baldin baditu, zerbitzu eta teknikari berriak eskainiz, herritarren begietara nagusi den sentipena bestelakoa da. Zerbitzuak gero eta urrutiago aurkitzen dira, eta eskaintza desorekatua da erabat.

Zerbitzu publikoen eraisketa eta administrazioaren konzentrazioak Lapurdi kostaldearen periferian aurkitzen diren bizi eskualdeak zigortzen ditu. Lurraldeen arteko desoreka gero eta handiagoa gertatzen ari da. Ondorioa begien bistakoa da. Azken urteetan, Zuberoak eta Behe Nafarroak biztanleak galdu dituzte. Lapurdik aldiz gora egin du nabarmen. Litekeena da datozen urteetan tendentzia indartzea, egiturazko aldaketarik gertatzen ez baldin bada behintzat. Eta egiturazko aldaketa horiek gauza daitezen bertako instituzioek oinarrizko eskuduntzak eskuratu beharko dituzte. Borondate politikoa ez baita aski izanen konzentrazio logikei aurre egin eta bestelako lurralde politika bat gauzatzeko.

2040rako aurreikuspenak

2011 eta 2016 bitartean Ipar Euskal Herriko biztanleriak nabarmen egin du gorantza, 20.000 biztanle gehiagorekin. Biztanle berri horiek dagoeneko saturaturik dagoen eremuan kokatu dira. Hortaz, Lapurdi barnekaldea eta kostaldea lotzen duten bideak gainezka daude. Garraio eta azpiegitura arazoak biderkatzen ari dira. Lapurdi kostaldean adibidez, ur zikinak tratatzeko azpiegiturak ez daude horrenbeste biztanle jasotzeko dimentsionatuak.

Urteetan turistifikazioak Ipar Euskal Herriaren irudi idilikoa elikatu du. Promozio turistiko horrek Frantziako herritar andana Ipar Euskal Herrian bizitzeko hautua egitera eraman ditu. Horietarik asko erretiroan dira jada eta beraien bizi mailak Lapurdi kostaldean bizitzeko aukerak eskaintzen dizkie.

Hortaz, kontutan hartzekoa den beste faktore bat Ipar Euskal Herriko biztanlegoaren zahartzea da. Lapurdi kostaldean 60 urtetik gorakoak %30 inguru dira. Zuberoan aldiz litekeena da datozen urteetan %50eko langa gainditzea.

2040 urteari begira aurreikuspenek gutxienez beste 30.000 biztanle gehiagoren etorrera iragartzen dute. Gauzak daudenean, ez dirudi biztanle berriek barrualdeko herrialdeetara joko dutenik.

Gaur gaurkoz, Ipar Euskal Herriak ez du horrenbeste jende jasotzeko ahalmenik. Baina, aldi berean, ez du biztanle gorakada arautzeko baliabiderik eta eskumenik.

Orai arte zabaldu diren aurreikuspenak bere horretan gertatuko direnik baieztatzea ezinezkoa da. Ez da fatalitate bat, batez ere kontutan hartzen baldin badugu Ipar Euskal Herriak ez duela horrenbeste biztanle hain denbora tartean jasotzeko ahalmenik eta azpiegitura egokirik.

Biztanlegoaren bilakaerak bestelako arazo bat eragiten du. Ipar Euskal Herrira bizitzera etortzen diren herritarrak bertako kultura eta hizkuntzara lotzeko baliabiderik izan ezean, akulturazio prozesua itzulbiderik gabekoa bihurtu daiteke epe labur-ertainean.