Iragana ikasgai, aro berri bati bultzada emateko printzak


Joxe Anton Artzeren 60ko hamarkadako poema bat dakarkigu ERRIAren bigarren zenbaki honetan hasiera orrialdeetara. Herriagatik hiltzeaz, herriarentzat bizitzeaz. “Behar baita bizi, behar baita irabazi”. Garai berezia da bizi duguna. ETAren desegitearekin ziklo politiko historiko bati amaiera eman zaio eta aldi berean azken urteotan ziklo politiko berri bat irekitzeko lanean ari gara. Ziklo zaharra, ziklo berria. Hori da zenbaki honetako artikuluak lotzen dituen hari nagusia.


Azken urteak estrategiak berrikustekoak izan dira; zirkulu ezberdinetan mintzagai izan da zaharra eta berria, zerk balio digun aurrera jarraitzeko eta zer den berrikusi beharrekoa. Birpentsatze ariketan, gure herria bidegurutze historikoan dago, berriz ere. Eta burujabetzaren bidean eta Euskal Estatuaren eraikuntzan urrats kualitatibo berriak emateko baldintzak parez pare ditugu testuinguru historiko honetan.


Lehen orrialdeetan Zuriñe Gojenola eta Pello Otxandiano Sortuko Herrigintzako idazkariei egindako elkarrizketa sakona eta mamitsua aurkituko duzu. Zaharra eta berriaren arteko trantsizioaz mintzo dira, “egin den horretan (…) herrigintza ziklo berri baten osagai nagusiak” egon daitezkeela esanez. Gaur egun, duela 50 urte gertatu zenaren antzeko bultzada politiko eta kulturala behar dugula azpimarratzen dute, horretarako gakoak emanez.


Ez da kasualitatea zenbaki honetan Joxe Anton Artze azaltzea hasieran. Elixabete Ansak Txabi Etxebarrietaren figura aitzakia hartuta, Jorge Oteiza, Mikel Laboa edota Artze bera dakartza bere lerroetara, 60ko hamarkadako testuinguru politikoak, sozialak eta kulturalak elkarren artean izan zuten eragina azaltzeko, herri bultzada kolektibo hura nolakoa izan zen ulertzen saiatzeko. Bide horretan, Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz Saenzek “Andonik mezu bat bidali dit” artelanarekin, zein Oier Zuñigak egindako ilustrazioekin, trantsizio une hau ikuspuntu artistiko batetik pentsatzeko ahalegin xumeak dira. Ansaren lanarekin batera, dosierrean Rafa Diez Usabiagak Txibertatik Kanbora, Lizarra-Garazitik pasata, urte guzti hauetan emandako urratsen gakoak azaltzen ditu guztia soka berean esekiz, zaharra eta berria eskutik doazela gogoraraziz.


Hala ere, garai zaharra ez da erabat itxi, ez eta berria erabat ireki ere. Urko Aiartza abokatuak eta Sortuko kideak iraganeko zauriak ixteko Justizia Trantsizionalak izan dezakeen balioa azaltzen digu munduko esperientziak oinarri hartuta, Euskal Herrian aldebakarrez halako bide bat jorratzeko balizko zirrikituak aztertuz. Anaiz Funosas Bake Bideako kideari egindako elkarrizketak ere gatazkaren ondorioak konpontzeko bidean gakoak ematen ditu Ipar Euskal Herriko esperientziatik abiatuz.


Ezkerrean ditugun eztabaidei so eginez, Camilo Cejas MPP eta Uruguayko Frente Amplioko kideari elkarrizketa bat dakarkigu. Horrez gain, olatu feministaren bueltan, bi lan mamitsu: batetik, Irati Jimenez idazleak hurrengo urteetan lantzeko ildo eta helburu politiko konkretuak proposatzen ditu. Bestetik, Elena Beloki Sortuko kideak iparraldeko Europako herrialdeetako berdintasunaren aldeko estatu politikak aztertu ditu, gure praktika politikorako baliagarriak izan daitezkeen irakaspenak atera nahian. Horiez gain, bi artikulu gehiago: batetik, Joseba Permach Iratzar Fundazioko kideak eta ekonomialariak politika eta ekonomiaren arteko harremanari buruzko hausnarketa interesgarria dakar; eta bestetik, eskuin muturraren eta eskuineko populismoaren gorakada dela-eta, ezkerrean puri-purian dagoen eztabaida bat dakarkigu Andoni Olariagak.


Espero dugu esku artean ditugun erronkak kontuan izanda, aro berriari bultzada emateko printzak aurkituko dituzula. Erria burua!