Kontratu Sexuala

Carole Pateman. Eskafandra, 2018

Kontratu soziala libertateari buruzko fikzio politiko bat baino ez da; kontratu sexuala, berriz, menderakuntzari buruzko historia bat

Kontratua, mendebaldar pentsamenduaren askatasunaren paradigmatzat hartzen da. Egundaino datozkigun pentsalari eta pentsamendua disekzionatzen ditu, zentzu komunaren eraikuntza hori zertan den aztertzeko. Demokraziari buruzko diskurtso klasikoen berrirakurketa egiten du liburuan. Beraz, kontzientzia hartzeko ariketa izango da irakurketa bera, ondoren berau deseraikitzeko, behetiko gora.

Iraultza frantsesetik etorritako «liberté, egalité, fraternité» gizarte ordena sozialak badu bere oinarrian kontratuaren metafora, kontratu sozialarena hain zuzen ere. Mundua ulertzeko zentzu komunaren parte da ustez askatasunean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritzen zen gizarte ituna. Ustez. Izan ere, kontratu sozial hori ez da ez askatasunean, ez eta berdinen artean egingo. Bai ordean fraternité edo anaidiaren barnean, anaien, gizonen arteko aliantzan. Anaiek aita hil zuten iraultza horretan, boterea kendu, anaien artean banatua izateko.

Historiaren erdia ez digute kontatzen… ez da berria, baina Patemanek ere liburu honetan, izkutuan dagoen alde horretaz jardungo du. Kontratu sozialaren alde ezkutuaz: kontratu sexualaz. Gure gizarte antolaketaren oinarri da hain zuzen ere publiko (alde soziala) eta pribatuaren arteko bereizketa. Genero eraikuntza eta rolen bereizketarekin erabat loturik dagoena, egoteko (eta ez egoteko), izateko (eta ez izateko) espazioak definitzen dituena. Hor kontratu sexualaren esparrua.

Ustez berdintasunean egiten diren kontratuen oinarrian aurkituko dugu beraz botere asimetriak. Eta kontratu horiek betetzen duten funtzio ordenatzaileaz jardungo du, zapalkuntza berproduzitzen, betierekotzeaz, logika naturalizatzaileaz jardungo du ere. Kontratua paradigma bezala berrirakurtzeaz gain, kontratu zehatz batzuk ere hausnarketaren jo puntuan izango ditu, hala nola, ezkontza kontratua, lan kontratua, prostituzioa, haurdunaldi subrogatuaren kontratuak… Patriarkatua iraunarazteko itun bezala.

Aipagarria da Pateman feminista eta sozialista izanik, kontratu sexualaren oinarrian dagoen anaidiaren ideologia salatzeaz gainera, feminismo liberalari kritika egiten diola. Izan ere, pentsamendu liberalak desberdinkeria eta menderakuntza merkatuaren eta kontratuaren ustezko askatasunarekin zuritzen baititu. Patemanek kontratu ‘askearen’ azpian dagoen menderakuntza azalaretzen du eta horretarako, haurdunaldi subrogatuaren, prostituzioren, lan esklaboaren, ezkontzaren kontratuaren barreneko genealogia eta ideologia xehetzen du. horregatik guztiagatik, liburu oso pertinentea dela iruditzen zaigu, eta mardula izan arren, irakurri beharrekoa.