Las nuevas caras de la derecha

Enzo Traverso. Siglo veintiuno editores. 2018

Azken urteetan eskuin muturraren fenomenoa nabarmen areagotu da mundu mailan. Hegoameriketan kontraeraso bortitz baten lekuko izaten ari gara, eta Ameriketako Estatu Batuetan Donald Trumpen fenomenoa oraindik bizirik dago. Europan ere, agenda kultural eta politikoa markatu ezezik, gero eta botere politikoa eta instituzional handiagoa eskuratzen ari da eskuin muturra.

Enzo Traversok azpimarratzen duenez, eskuin mutur berri hau ez da iraganeko faxismoaren kalko bat. Sektore popularren ustezko defentsan oinarrituz, arriskuan dagoen ustezko nazio gutxietsi baten baloreen defentsa (baztertzailea) eginez, krisi ekonomiko eta sozialaren arduraren erruduntzat kokatzen du bestea (migratzailea, txiroa, periferietako jendea…), izugarrizko hegemonia kulturala eskuratuz.

Liburu honek eskuin muturra ulertzeko ideia berriak proposatzen ditu, finean. Elkarrizketa formatua dauka liburuak, eta irakurleak eskertu egiten du, halako gai potolo bat formatu arinean irakurri ahal izateak. Horrez gain, ahozko hizkeran idatzia izanik, are ulerterrazago egiten du. Aurrekoan kontuan hartuz, liburuak hari bat jarraitzen du, eta irakurleari jarraikortasun bat ematen zaio.

Guztiontzako hizkuntza batean egina, beraz, eskuin mutur berria ulertzeko kontzeptu eta ideia berriak plazaratzen ditu Traversok. Eskuin muturraren gorakada hainbat fenomenorekin lotzen du, izan alderdi tradizionalen botere hutsunea, izan oinarri soziala galdu duten alderdien fenomenoa, edo izan diskurtso identitarioen galeren aurrean hutsitako hutsunea. Eskuin muturraren fenomeno berriak ez du azalpen sinplea.

Trantsizioan dagoen mundu baten azalpena dugu, hortaz, liburua, irtenbide errezak albo batera utzi eta fenomeno berri eta ez hain berri horren konplexutasunari argi luzeak jartzeko asmoz egina.