Subiranotasun energetikoa Gure bizitza eta ekonomia guztia energiaren bitartez mugitzen da. Energia lana egiteko magnitude fisiko bat izanik, lana egiteko materiaren ahalmena da, beroa sortzea, argia piztea edota mugimendua eragitea ahalbidetzen duena. Energia edonon aurki daiteke eta bizitzeko ezinbestekoa da. Subiranotasun energetikoari buruz hitz egitea, aldiz, energia mota desberdinei buruz hitz egitea (energia berriztagarriak) baino konplexuagoa da. Energiaren gaineko erabakiak nortzuk hartzen dituzten, eta zein ondorio eta helbururekin egiten duten hartu behar da kontuan. Alegia, baliabide energetikoen kontrola nork duen, ze eredu energetiko proposatzen duen, eta eredu horrek gizartean eta ingurumenean duen eragina aztertu behar da. Horrez gain, subiranotasun energetikoaz hitz egitean, energiaren plangintza publiko eta demokratikoaz hitz egiten ari gara. Kontuan hartu behar da eredu energetikoa eredu sozialak baldintzatua dagoela erabat. Hau da, eredu energetikoaren auzia ez da isolatua, eredu sozialari guztiz lotua dago. Izan ere, non kontsumitzen da energia gizartean? Eraikuntzan, industrian eta ehuneko handi batean garraioan.
Hortaz, energia aurrezteko neurriez hitz egiten dugunean, eredu sozialaz hitz egitera behartua gaude (garraio ereduaz, etxebizitza ereduaz, eta abar), azken horren menpekoa dela ezin baitugu ahaztu. Eredu sozialak baldintzatuko du, hortaz, eredu energetikoa. Aipatzekoa da hilero pagatzen ditugun ordainagirietan ikusten dugun energia kontsumoa unitate familiar bakoitzeko urtean kontsumitutako energiaren heren bat baino ez dela. Heren horretan elektrizitatearen fakturan, energia termikoa (hotza, beroa) eta energia mekanikoa (garraioa) sartzen da. Ondorioz, urtean gastatzen dugun energiaren bi herena, gehiengoa, ez da faktura horietan ikusten. Non dago gastu hori? Hain zuzen, beste energia guztia, elikagaien (hauen prezioaren zati handi bat energia da), ehun industriaren, elektronikaren, uraren, eta abarren produkzioan, garraioan eta mantenuan gastatzen dugu energia hori. Alegia, subiranotasun energetikoaz hitz egitea, eredu sozialaz hitz egitea da ezinbestean: nola erlazionatzen garen, zein den gure bizi eredua, zer kontsumitzen dugun, eta abar.
Frankismoaren eredu desarrolista eta Aznarren gobernuaren energiaren pribatizazioa
Atzera begiratuz gero, Euskal Herria energetikoki burujabea zen duela 150 urtera arte. Energia sortzeko biomasa, haizea, ura, eta abar lehengai gehiago erabiltzen ziren. Industrializazioarekin batera, ordea, goitik behera aldatzen da energiaren kudeaketa. Izan ere, industrializazioaren ondoren, pixkanaka energetikoki ia guztiz menpeko bihurtzen joan baikara.
Aipagarria da Nafarroako kasua: duela 50 urte inguru, zentral mini-hidraulikoak zituzten hamarnaka enpresa publiko eta kolektibo zeuden. Ondoren, eredu desarrolista etorri zenean, frankismoak bultzatuta, zentral hidrauliko txikiak (herri txikietan zeudenak, udalek gestionatuak)
deuseztatu, eta urtegi handiak eta zentral energetiko handiak (batik bat ikatzaz elikatuak) hobetsi ziren, eredu energetikoa zentralizatzen eta esku gutxiren menpe uzten zuten proiektuak martxan jarriz (HUNOSA hemendik dator, adibidez).
Operazio horrek bi fase izan zituen: lehen fasean, estatuko enpresak sortu ziren diru publikoarekin; bigarren fasean, enpresa horiek pribatizatu egin ziren. Lehen fasean, hortaz, Felipe Gonzalezen gobernu “sozialistak” 80 pribatizazio burutu zituen (automozio, turismo, elektronika, itsas-garraioa…) diru kutxa publikoetan 13.200 miloi euro utziz. Endesa, Iberdrola, Unión Fenosa eta Gas Natural bezalako enpresak oligopolio egoeran utzi zituen, eta pribatizatzeko baldintza guztiak sortu. 1997an, Aznar PPko espainiar estatuko presidente ohiaren lege elektrikoarekin pribatizatu egin zen sektore hau, Europatik zetorren aginduari jarraituz, alegia, Europako prozesu neoliberala pausoz pauso jarraituz. Horrela, herritarrenganako iruzur handienetako bat burutu zen, burugabekeria sektorial izugarria aurrera eramanez. Horrela, Espainiar estatuko eredu energetikoa pribatizatu egin zen, eta horren ondorioz, esku gutxiren menpe geratu. Hortik aurrera, enpresa pribatuek kudeatu dute energia. 1997tik aurrera, hortaz, energiaren liberalizazioa egon da, eta energia bermatzea jada ez da estatuaren eginkizuna izango, enpresa gutxi batzuena baizik. Beraz, esan bezala, ekoizpenaren ia osotasuna enpresa gutxi batzuen esku geratu zen. XXI. mendean, krisi energetikoa 2008ko krisi ekonomikoarekin batera areagotu zen, batzuen iritziz, petrolioaren prezioen krisiak eraginda. Izan ere, baliabideak agortuz joan dira, gure eredu energetikoaren oinarri diren baliabide fosilak mugatuak direla ezin baita ahaztu. Kontsumitzen den energia kopuruak gora egin du, eta energia eta ekonomiaren loturaren ondorioz, Barne Produktu Gordinak gora egitean energia kontsumoak ere gora egin du.
Kontuan hartu behar da, hortaz, energiaren eskumena Estatuentzat garrantzi berebizikoa dela. Hego Euskal Herrian, esaterako, energiaren kontu tronkalak oso lotuak dauzka Espainiar estatuak. Eta beldur gabe esan daiteke, EAE zein Nafarroako autonomiek Espainiar estatuaren
bat barruan sekula lortuko ez duten eskumen bat dela energiarena.
EAE eta Nafarroako egoera energetikoa, menpekotasuna eta krisia
Baliabide fosilen izaera mugatuaz jabetzen hasi garen arte, gure (in)kontziente kolektiboan energiak ez du izan garrantzia zentrala. Baina azken urteetan, jendartearen eta mugimendu eraldatzaileen ardatzetako bat bilakatzen ari da. Izan ere, egoera oso gordina da. Euskal Autonomi Erkidegoak eta Nafarroak izugarrizko menpekotasun energetikoa daukate, Frankismo garaian baino menpekotasun handiagoa. Izan ere, Kataluniarekin batera, Europan menpekotasun energetiko handienetakoa dugun herrialdea gara. Euskal Herriko biztanleok, mendebaldeko jendarte industrial garatu moduan, per capita kontsumo altua dugu. Oso kontutan hartzekoa da gure ekonomiaren oinarrietako bat den industriak (BPGaren ia %25) energia kontsumo maila altuak dituela, baina energia berriztagarrien ekoizpen eta kontsumo maila oso txikia dela. Bestalde, ekoizpen eredu oso zentralizatua dugu, oligopolioa, hain zuzen.
Egoera energetikoari dagokionez, hortaz, gero eta zailagoa da testuingurua. Menpekotasun energetiko ia osoa dugu, eta energia berriztagarriak ehuneko oso gutxia baino ez dute betetzen. Arabaren kasuari dagokionean, esaterako, kontuan hartu behar da Gasteizek kontsumitzen duela Arabaren %80a, industrian eta mugikortasunean batik bat. Aipagarria da, zentzu horretan, EH Bilduk mugikortasun elektrikoa bultzatu duela (esaterako, Arabatran proiektua eta autobus elektriko azkarra (BRT), publikoa eta kolektiboa).
Menpekotasunaren aurrean, Arabako eta Nafarroako ekimenak
Energiaren alorrean, herriaren (Arabako herriaren) garaipentzat hartu daiteke duela gutxi emandako Garoñaren itxiera (irekierarako lizentzia ez berritzea, sensu stricto). Azpimarratu behar da, ordea, Arabako gizartea ez dela soilik Garoñaren eta Franckingaren aurkako mobilizazio hutsean aritu. Izan ere, aspaldi ari da alternatiba bideragarriak martxan jartzen eta hezurmamitzen. Araban, gero eta norbanako eta instituzio gehiagok nuklearrik gabe bizitzeko hautua egin du, eta bide horretan, Iberdrola eta Endesarekin (Garoñaren jabeak direnak) apurtzeko konpromisoa hartzen ari du, energia berriztagarriekin konprometituak dauden kooperatiba eta enpresen alde eginez. Ekimen horien artean, azpimarratzekoa da Asparrenakoa. Auditoria esperimentala egin eta proiektu europarretan elkarlanean ari dira duela urte batzuetatik hona.
Asparrenako udalak (10 herriz osatua eta 1600 biztanle ingururekin) Araiako San Pedroko zentral hidroelektrikoa %100ean kudeatzen du eta horren etekinekin district heating biomasa (herri berogailua) proiektua martxan jarri du, energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Biomasa proiektu horrekin hiru eraikin munizipalei (eskola, kultur etxea eta anbulatorioa) beroa igortzen die. Horrekin, aurrezpena bultzatu eta aurretik egon den energia xahuketari balazta jarri nahi izan zaio. Horrez gain, bioekonomia forestala ere martxan du, baso publikoen kudeaketa jasangarriarekin. Ondorioz, energia lortzeko prozedura jasangarri eta berriztagarriak hobesten ari ditu proiektu horrek. Zuiako kuadrillan bide bertsutik jo dute. Iberdrolarekin zeukan kontratua bertan behera utzi duen Arabako lehen herria izanik, hornitze elektrikoa energia berriztagarria hobesten duen enpresa batekin lotu dute. Horrela, Europar Batasunako legediak hartutako erabakia babesten dute, kontratazio publikoak helburu sozialak lortzeko eta ingurumena babesteko lanabesak izan behar baitira. Alegia, subiranotasun energetikoaren bidean eredu jasangarria bultzatzea da erabaki horren helburua. Horrela, 2016an %10eko aurrezpen ekonomikoa lortu zuen.
Azpimarratzekoa da, Zalduondon ere aldaketa hau egin dela, eta beste herri batzuetan tramiteak hasiak direla energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko. Bestalde, Nafarroan, hiru egunetik behin energia berriztatzaileekin hornitzen da energia komunitate osoan. Eta hala ere, eboluzioa kezkagarria izan da. Izan ere, ezin da energia berriztagarriak eta subiranotasun energetikoa parekatu. Duela hamarkadak Nafarroako Komunitate Foralean bi enpresa publiko funtsezko zeuden, bata energia berriztatzaileen kudeatzailea zena, eta bestea finantzarioa: EHN (Energia Hidroeléctrica de Navarra, maila europarrean punta-puntakoa) eta CAN (Caja de Ahorros de Navarra). EHN orain pribatizatua dagoena, Acciona izenarekin; CAN ere pribatizatu egin da, ezaguna denez. Egoera, beraz, ez da xamurra Nafarroan ere •