Andoni Olariaga. Filosofoa

2018-10-04

Subiranotasuna eta artikulazioa: txanponetik poliedrora

Subiranotasunaren galera azken urteetan

Subiranotasunaren kontzeptuak indarra hartu du berriz ere azken urteetan, izan ere, mugimendu politiko eta sozial eraldatzaileek haien diskurtsoaren nozio zentral bilakatu baitute. Etimologikoki, soberania hitza latineko super ommnia-tik dator, guztiaren gainetik (super) legokeen hori edo goreneko boterea litzateke. Soberaniaren jabedunak duen kualitatea litzateke, beste guztien gainetik autoritatea izatea, hain zuzen. Azken finean, herrialde, nazio edo gizabanako talde batek bere burua gobernatzeko duen ahalmena, boterea eta eskubidea da burujabetza, oroz gain. Gero eta botere instituzional eta konstituzional gutxiago izan, komunitateak bere erabakien arabera bizitzeko burujabetza murritzagoa izango du, eta alderantziz.

Historikoki, subiranotasuna nazio-estatuei esleitu izan zaie, eta hala agertzen da definitua eskuliburu askotan. Baina ikuspegi murritza da aurrekoa. Izan ere, subiranotasunaren ulermen eta aplikazioak fase desberdinak bizi izan ditu azken mendeetan. XVII. Mendeko Westfaliako bake tratatuaren ondoren estatu-nazioen sorrera eta integritate territorialaren printzipioa nagusitzen da, inperio europarrak osatzen zituzten nazioak izanik eskubide subjektu. Ondoren, II. Mundu gerraz geroztik Europarrek kolonizatutako herriak izango dira subiranotasunaren edo erabakitzeko eskubidearen subjektu. Hirugarren fase batean, XX. mende bukaeran estatu gabeko nazioak izango dira, autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenarekin, subiranotasunaren subjektu. Azken urteetan, aldiz, autodeterminazio eskubidearen garapena den eta demokratikoki erradikalagoa den erabakitze eskubidearen paradigma da subiranotasuna zedarritzen duena: baldintza demokratikoak betetzen dituen edozein demos da eskubidearen jabe.

Jakina da, XX. mende bukaeran, baina batez ere 2007ko krisitik aurrera, herriek eta estatuek subiranotasuna eta erabakitzeko ahalmena galdu dutela. Globalizazio ekonomikoaren ondorioz, eliteak gero eta aberatsago, eta txiroak gero eta txiroago dira, bien arteko arrakala handituz joan delarik. Horrez gain, herritarrek beren burua gobernatzeko eta ahalduntzeko egitura eta lanabesak haien eskuetatik urruntzen joan dira, are gehiago, horietako asko pribatizatuak izan dira. Izan ere, herritarrek hautaturiko parlamentuen gainetik erabaki garrantzitsuak (are estatuen subiranotasuna guztiz baldintzatzen dutenak) hartzeko ahalmena duten entitateak (FMI, Troika…) egoteak, are eta gehiago urratzen du herritarren subiranotasuna eta. Horrekin batera, noski, Jule Goikoetxeak dioen bezala, demokraziaren pribatizazioa gertatzen da.

Aurten, Alemaniaren sustatutako erreforma elektoral bat egin berri du Europar Parlamentuak, alderdi handien errepresentazioari mesede egiten diona. Alegia, alderdi txikiek (estatu gabeko nazioetakoek, batez ere), 2019tik aurrera zailagoa lukete parlamentu europarrean sartzea, zirkunskripzioko portzentaia minimo handiago bat eskuratu beharko baitute horretarako. Gertaera horrek, are gehiago urruntzen ditu instituzioak eta erabakitze ahalmena herritarren eskuetatik


Subiranotasuna ezker abertzalearen historian

Testuinguru horrek, hortaz, subiranotasunaren nozioa erdigunera ekartzea eragin du berriz. Baina komeni da azpimarratzea, Ezker abertzalearen fundaziotik gaur egunera arte, subiranotasunaren edo burujabetzaren ideiak zentraltasun osoa izan duela. 1976ko KAS alternatiban “Euskadiren subirautza nazionalaren beharraz” mintzatzen zen. Azken finean, erregimenarekin hautsi eta herri bezala boteretzeko saiakera izan zen hura. 1977ko Txibertako elkarrizketetan, euskal nazioaren aitortza eta bere subiranotasun eskubidea aldarrikatzen zen, subiranotasuna, lurralde ariketa kolektibo bat dela gogoratuz. LABen sorrera langile mugimenduaren antolatzearekin, 1979ko Jarrai gazte mugimenduaren sorrerarekin, Aizan edo KASeko emakumeak talde feministen antolatzearekin eta HASI eta ASK mugimenduaren sorrerekin, subiranotasunaren borroka frente guztietara zabaldu zen. Mugimendu guzti horiek gertakizun baten bueltan artikulatu ziren, hain zuzen, ezker abertzalearen hipotesi estrategikoa izango den horretan: klase borrokak nazio askapenaren forma hartzen du.

Hamarkada bat aurrerago, 1989ko Aljerreko elkarrizketak inflexio puntua izango dira. Hala ere, Euskal Herriari zegozkion subiranotasun eta eskubideez mintzo zen oraindik ezker abertzalea garai hartan. Urte bat beranduago, subiranotasun materialean sakontzeko saiakera berri bat agertuko zen, Autonomi Estatutu Nazionala, autodeterminazioa eta subiranotasuna aldarrikatzeaz batera, eraikuntza nazionalaren aipamen zehatza eginez. Hain zuzen, herria boteretzearen aldeko apustua egiten zen. 1993an ildo beretik apustu berria egingo zen Ipar Euskal Herrian, lurraldearentzako autonomia proposamena eginez. Hurrengo urteetan, nazio eraikuntzari lehentasuna emango zitzaion, subiranotasunaren eraikuntza materialari lehentasuna emanez. 1995ko Alternatiba Demokratikoak, subiranotasunaren printzipioa ekartzen zuen berriz erdigunera: euskal herriak du hitza eta erabakia. Eta 1998an, subiranotasuna eskatu soilik ez, baizik eta hura materialki garatzea ahalbidetuko duen Lizarra-Garaziren akordioa gauzatzen da, non, estatu eta herri egiturak sortuko diren, Udalbiltza kasu. Hurrengo urteetan, berriz ere, eta behin eta berriz, subirautza eskuratu eta eraikitzeko hainbat proposamen jarriko dira mahai gainean.

Txanpon beraren bi aldeetatik poliedrora

Subiranotasunaren paradigma, ezker abertzalean, sorrerako gertakizun eta hipotesi estrategikoari lotua egon da, hain zuzen, klase borrokak nazio askapenaren forma hartzen dueneko tesira. Edo bestela esanda, borroka nazionala eta klase borroka txanpon beraren bi aldeak direla dionekoa. Sintesi hau testuinguru jakin batean jaiotzen da, galdera zehatz bati erantzunez, orduko ezkerrean eztabaida biziak piztuko zituenak: ia borroka soziala eta nazionala banatuta edo batera doazen bi borroka diren. Eztabaida horietatik, Euskal Askapen Nazionalaren Mugimenduaren gertakizun fundazionala den ETAren V. Biltzarreko sintesiak ekarri zituen, eta horrez gain, hainbat zatiketa politiko ere, dikotomia edo dialektika horren ulerkera desberdinen ondorioz. Uler bedi, beraz, XIX. eta XX. mendeetako galdera dela hain zuzen, borroka nazional eta sozialaren banaketarena, ezker abertzaleak, txanpon beraren bi aldeak direla aldarrikatuz bere zutabe gisa barneratu zuena.

Subiranotasunaren ulerkera berrituak plantetzen dira egun, ordea, galdera berriei erantzuten diena, eta egungo borrokei isla egokiagoa ematen diena. Gaur egungo subiranotasunaren ulerkerak sintetizatu egiten ditu borroka nazionala eta soziala: demokrazia lurralde jakin batean demos batek beren buruari dagozkien afera guztiak (sozialak, ekologikoa, eta abar) gobernatzeko kapazitate bezala definitzen baitu. Gure buruari dagozkigun aferak gobernatzeko kapazitatea izatea da demokrazia, eta gauzatzeko ahalmena izatea, subiranotasuna.

Subiranotasunaren ulerkera berri honetan ez dago bi aldeetako txanponik, poliedro edo koloreen mataza bat baizik, non poliedroaren alde bakoitzean bata besteari eragiten dioten aldagaiak leudekeen: lurraldea, demokrazia, bizitza (errekurtso energetikoa, elikadura, ekologiko, eta abar), zaintza eta gorputza... Aldagai bakoitza kontuan hartu gabe ezin da subiranotasunaz hitz egin, batak besteari eragin eta baldintzatzen diotelako.

Subiranotasunak sintetizatzen du, hortaz gure hipotesi estrategikoa, ez baita bakarrik lurraldean eta langile borrokan ardazten, baizik eta borroka sozial oro zeharkatzen ditu gure tradizio biak batuz eta aberastuz.

Alternatiben metaketa baino, komunean dugunaren artikulazioa

Beste mundu justuago bat eraiki nahi dugunontzat, artikulazio prozesuaren ezinbestekotasuna bi arrazoietan oinarritzen da. Alde batetik, kapitalismoaren logika borrokak fragmentatu eta atomizatzea da, askotan dibertsitatearen errespetuaren izenean. Horrekin, borroka bakoitza postpolitikoki gestionatu eta transformazio kolektiboei ateak itxi nahi dizkie, ezkerraren politikak aniztasunaren gorazarrera eta alternatiben eraikuntza erresistente soiletara marginalizatuz. Bestetik, gaur egungo borroka desberdinen konplexutasun eta fragmentazioa, multiplizitate eta aniztasunaren ispilu badira ere, artikulazio politikoarentzako erronka itzela dira gaur egun. Beraz, subiranotasunaren edo poliedroaren aldarriak ez du fragmentazioen batura aldarrikatzen, horien arteko artikulazioa baizik.

Egia da borroka desberdinen artean espazio berean eta helburu berberen pean artikulatzeko zailtasunak daudela gaur egun mugimendu eraldatzaileen baitan, Euskal Herrian zein mundu zabalean, baina baita horiek gainditzeko saiakerak ere. Artikulazioaren kontzeptuak hegemoniaren kontzeptua izan behar du bidai-lagun: helburua, hain zuzen, hegemonia berri bat eraikitzea baita.

Borroka esperientzia bakoitzaren konkretutasuna eta borroka guztiak batzen dituen ideia edo gertakizun abstraktuaren tentsioa da berpentsatu behar dena espazio kolektibo komun bat sortzeko. Arriskuak bi dira. Batetik, hegemoniari eta komunean dugunari lehentasun osoa emanez gero, esaterako, alderdi batek bere esku hartuz artikulaziorako ardura osoa, borroka bakoitzaren multiplizitatea galtzea dakar ezinbestean. Eta alderantziz, bestetik, borroka bakoitzaren lehentasuna eta fragmentazioa aldarrikatuz gero, (Negriren multitudearen edo singulartasunen multiplizitatearen ideian oinarrituz), artikulaziorako bideak itxi egiten dira. Izan ere, bigarren horretan, artikulazioa emantzat hartzen da, nolabait, singulartasun desberdinen artikulazio espontaneo gisa.

Bidea, noski, bien arteko oreka bilatzean dago. Borondate kolektiboak helburu konkretu eta berehalakoak ditu, baina ekintza kolektibo bateratua. Borondate kolektibo baten artikulazio hegemoniko baterako ezingo da, hortaz, aniztasunaren goresmen hutsa egin, ezta, ordea, aniztasuna osotasun abstraktu baten menpe giltzapetu.

Koloreen matazak, edo poliedroaren irudiak, aurpegi asko dituen artikulazio politikoa irudikatu nahi du, hortaz. Komunean duguna hobetsiz, momentuan momentu lehentasunak markatzeko ikusmira politikoa eta eskuzabaltasuna erakutsiz, dimentsio edo eskala nazionala erantsiz (edo aurresuposatuz), ezker abertzalea estrategia berriari ekiteko zerumuga berri gisa funtzionatu beharko duen hegats izan behar da. Txanpon beraren bi aldeen formulazioak, banatzen ziren bi karril uztartzen zituen bezala, gaur egun, borroka desberdinen aldarrikapenek txanpona poliedro bihurtzea eskatzen dute, sozialismoa eta independentzia barnebilduko lituzkeen, eta elkar baldintzatuko liratekeen beste hainbat elementu gehituz.

Duela 50 urte artikulatu zen izpiritu berarekin, poliedroak borroken artikulazioa planteatzen du, borroka desberdinek komunean dutena bide berean jartzea. Aurrera begira, bide horretan sakontzea dugu erronka nagusietako bat. Ekin diezaiogun, bada.