Egilekako eta gaikako antologiekin osatuko da bilduma. Aukeratutako lehen autorea Txillardegi da, eta bere biografia eta testu hautatuekin sail propioa izango du. Testu hautatuei dagokienez, aurreneko hirurak argitaratu dira euskara batuaren, nazio auziaren eta hizkuntzaren filosofiaren inguruan.
Egilea kokatzeko, Txillardegiren biografia idatzi du Miren Rubio Iturria kazetariak: Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. Idatzizko dokumentazioaz gain, Txillardegi bertatik bertara ezagutu zutenen hitzekin osatu du: Jone Forcada emaztea, Joxe Azurmendi filosofoa, Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzalea, Patxi Zabaleta abokatua eta Aralarreko koordinatzaile ohia, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria eta euskaltzaina eta Pilartxo Etxeberria eta Fito Rodriguez EHUko irakasle ohiak elkarrizketatu ditu. Bokazio dibulgatiboa du biografiak.
Bestalde, Txillardegiren pentsamenduaren hiru ardatzen inguruan
osatu dituzte hiru liburu: euskara batua, nazio auzia eta
hizkuntzaren filosofia. Testuen hautaketaz Alaitz Aizpuru Joaristi
arduratu da, Filosofian Txillardegiren ekarpena berariaz ikertu
duena. Horrekin batera, liburu bakoitzak bere hitzaurrea du, gaia
kokatu eta Txillardegiren ikuspegia aletzeko: Joan Mari Torrealdai
Jakin Fundazioko lehendakari eta euskaltzainak idatzi du euskara
batuarena, Joxe Manuel Odriozola idazle eta euskara irakasleak osatu
du nazio auziari eskainitako atarikoa, eta Iñaki Zabaleta
Gorrotxategi EHUko filosofia irakasleak heldu dio hizkuntzaren
filosofiaren hitzaurreari.