No acepten lo habitual como cosa natural pues en tiempos de desorden sangriento, de confusión organizada, de arbitrariedad consciente, de humanidad deshumanizada, nada debe parecer imposible de cambiar”. Bertolt Bretch
Azken urteetan eskuin muturraren presentziaren gorakadak astindu gaitu. Europa zein Munduko beste herrialdetan izandako hauteskundeek agerian utzi dute indar hauen gorakada. Hainbat herrietan gobernuetan daudela, beste batzuetan hautets oinarri inportantea dutela edota beste hainbestetan eragin politiko itzela dutela, indar hauek anitzak eta oso dinamikoak dira eta ez dute inor ezaxola uzten.
Zerk bultzatu ditu ordea? Zergatik ageri dira orain indartsu, eta ez krisi organiko honen hasieran? Zergatik alderdi zein mugimendu hauek jendarte kapitalista eta patriarkaletan azaltzen dira? Lozorroan zeuden alderdiak dira edo mugimendu berriak ote? Ondorengo lerroetan eskuin muturraren amaraunaren logika osatzen duten bi elementuri bereziki erreparatuko diegu. Biek kuestionatzen gaituzte, deseroso sentiaraziz. Biek aldaketa hitza dute oinarrian eta espazioak partekatzen dituzte: gure jendartea ezagutzen ari den ekoizpen zein bizitza ereduari erreparatuko diogu lehenik eta ondoren, pentsamendu eta pertzepzio markoari.
Eskuin muturraren presentzia munduan zehar zabaldu da, modu desberdinetan, aurpegi anitzez jantziz. Baina lurralde bakoitzean dauden berezitasunez gain, eskuin muturraren espazioa okupatzen duten indarrek hainbat dinamika eta logika komun partekatzen dituzte: sistemaren aurkako erretorika, jendartearen kontzepzio autoritarioa, nazionalismo txobinistak, xenofobia, arrazismoa eta krisiaren errudunak identifikatzeko adostasuna. Halere, fenomeno hau izendatzeko garaian zailtasunak izan ohi ditugu eta kalifikatzen hasten garenean, argipena baino izendatu nahi dugunaren hori desitxuratzen dugu.
Eskuin muturraren amarauna ez da salbuespena. Aipatu dugun aniztasuna ez da bakarrik geografikoa. Polonia eta Hungariako erregimenak, Front National, Geert Wildersen PVV, AfD, Austriako FPO, Italiako liga, Vox, Trump, Erdogan, Bolsonaro edo Indiako Modi ez direla gauza bera nabaria da. Nola deitu, ordea, mugimendu hetereogeneo horri? Faxismoa, eskuin erradikala, eskuin muturra, eskuineko populistak, neo-faxismoa....Enzo Traversok postfaxismo hitza erabiltzea proposatzen du. Kontzeptu interesgarria iruditu zaigu, faxismo historikotik errealitatea ezberdintzen duelako faxismoaren jarraipena dela ageriz. Eta era berean, eraldaketa zerbait diferente iradokitzen du. Hitz hau erabiliko dugu, hortaz.
1. Bizitza zein ekoizpen eredu aldaketa abiapuntu
Postfaxismoa oso loturik dago krisi egoerarekin. Gaur egungo krisiak, Karl Polanyik Eraldaketa handia liburuan aztertu zuen 1930 hamarkadako krisiarekin antza handia duela esan daiteke. Bere liburu famatuenean esaten zuenez, ekonomia harreman sozio-politikoen esparruaren baitan edo menpe kokatua izan da beti historian zehar. XIX. Mendean, ordea, proiektu liberalak harreman soziopolitikoak ekonomiaren menpe finkatzea lortu zuen. Proiektu liberalaren nagusitzeak ondorio lazgarriak utzi zituen jendearentzat, merkatu librearen legeak inposatzeak harreman sozialen eta orduko jendartearen suntsiketa bortitza eragin zutelako.
Era berean, gaur egungo krisia, Polanyik deskribaturikoan bezala, Merkantilizazio fiktizioaren dinamikan oinarritzen da. Zer esan nahi du horrek? Estatuei zegozkien zenbait funtsezko elementu arlo pribatuetara eraman dituztela. Era horretan, populazioari dagozkion natur-baliabideak, jakintza, garraio, osasun eta hezkuntza zerbitzu publikoak eta lurralde publikoa, funtsean, gure eguneroko bizitza, pribatizatu dute. Bi garai hauen arteko antza estruktural handia dagoen arren, oraingo egoerak, ordea, ez du 30. hamarkadakoak lortu zuen erantzun politikoa sorrarazi.
Bizi dugun krisiak ez du Polanyik deituriko mugimendu bikoitza sortu: batetik, merkatuaren liberalizazio eta merkantilizazioaren hedapenaren aldeko faxismoa; eta bestetik, jendartearen babes sozialaren aldeko indarrak edo sozialismo aurrerakoia. Ez eta Nancy Fraserrek deitzen duen mugimendu hirukoitzik sortu (neoliberalismoaren defendatzaileak, jendartearen babes soziala eta emantzipazioaren aldeko indarrak) ere.
Azalpen edota arrazoi ezberdinak daude hori gerta ez dadin. Egile batzuen arabera, finantza globalizazioaren aurrean, jendearen bizitzak eta lurrak defendatzen dituen proiektu kontra hegemoniko indartsu baten falta adierazten dute.
Nancy Fraserrek eliteen arteko keynesianismoaren kolapsoan jartzen du egungo egoera ulertzeko abiapuntua. Alegia, elite politikoak neoliberalak dira, eta ondorioz, kezkatuagoak daude kapitalaren interesak babesten —arestian genionez, politika publikoak esku pribatuetan utziz—, jendearen interesak baino. Joera hau ez da berria, 70 hamarkadan hasi baitzen, shock teoriaren lekuko izan ziren Latinamerika eta Asiako eskualde batzuetan eta Berlingo Harresiaren eraispenaren ondoren, 90. hamarkadan bereziki Mendebalde osoan sendotu zen.
Fordismoaren suntsidura jarraikiak egiturazko helburua zuen: Industria ekoizpenean oinarrituriko ekonomia abandonatzeko norabidea zehaztu eta finantza globalizazioa eta plataformen ekonomia baterako urrats estrategikoa ematea. Honek kapitala eta lanaren arteko harremana aldatu zuen. Lan antolatuak bizitzaren bizkar-hezurra izateari utzi zion, lanaren ezaugarritzea aldatu zelako: baldintza kaxkarrak, ordutegi malgutasunak, eskubide sozialen galerak, enplegu egonkorra edo ez... Ideia horiek erreprodukzio sozialaren dimentsioa alde batera uzten bazuten ere —kasualitatez hemendik egituratu dira hainbat erantzun—, ezaugarritze horrek, gaur egun, jende askorentzat bizitzeko ereduaren aldaketa suposatzearekin batera, segurtasunik gabeko kultura orokortzea bideratu du.
Ildo horri jarraikiz, segurtasunik gabeko kultura langileriatik harago dagoen klase ertainean ere eragin duela dio M. Minkenbergek. Klase horrek bere estatus sozioekonomikoa galtzeko beldurra sentitu du. Kontratu soziala eta sexualak, lanaren trukez, gizon langileei batik bat eskaintzen zien errekonozimendu eta sekuritate soziala unilateralki hautsi da. Egoera honek probokatu eta probokatzen dizkien amorrua eta gorrotoa langabetuak, asistentzia soziala jasotzen duen jendea, etorkinak eta emakumenganako proiektatu dute.
Klase ertainak, bere burua jendartearen gune produktibotzat zuen klaseak bere estatus mantendu edo hobetu ahal izan bazuen ere, lanaren baldintzetan ere aldaketak somatu ditu. Olivier Nachtwey-k beherantz dihoan eskailera mekanikoren metafora erabiltzen du adierazten ari garena grafikoki ikustarazteko. Eskaileran inork ez du geldi geratzeko asmorik, baina gora joatea are nekagarriago gertatzen da. Gainera bakan batzuk besterik ez dute goia jotzen, eta zertarako balio du?
Garapen hau maltzurra eta dramatikoa da. Oso muga gogorrak ezartzen ditu. Klase ertainaren segmento inportante batek langileriari buruzko irudi autoritarioak zabaltzen eta erreproduzitzen dituen bitartean , zerbait galtzeko duen langileriaren sektore zabal batek - agian enplegu egonkorra- egoera kaxkarragoan aurkitzen direnak marginatzen gutxiesten dituzte. Segurtasunik gabeko kulturak estatusa galtzeko beldurra, porrota egiteko izua, errudun sentimendua sortu eta zabaldu ditu. Eta beldur hau desjabetuen gorputzetan, indarkeria fisiko edo sinboliko bilakatzen da. Finean, nitasunaren gainbaloratzearen prozesu baztertzailea besteak gutxiestean datza, eta esaten ari garenaren formarik ezagunenak klasismoa, arrazismoa eta sexismoa izaten ohi da.
Gauzak horrela, esan daiteke bizitzaren prekarizazioarekin batera segurtasunik gabeko kultura beste dimentsio batzuk ere osatzen dutela besteak beste, gizontasun klasikoaren subjektibitatearen krisiak, kontziliazio eta emakume “perfektua”ren ereduaren krisiak, familia tradizionalaren krisiak, komunikabideek zabaltzen duten multikulturalismo eta bizi estiloak, politikoki zuzena —ekologia, giza eskubideen aldekoa, feminista— denarekiko gaitzespenak, kanpoko mehatxuak eta instituzioekiko arduragabekeriak pentsamenduan... Elementu horietariko batzuk bat egiten dutenean, Demirovickek “paniko egoera” deitzen duena sortzen da .
Postfaxismoaren indarrak giro horretan elikatzen dira, baina ez gaitezen tronpa, ez dira 30 hamarkadako indarrak kapitalismo neoliberalararen anormaltasun patologikoa baino “normaltasun patologikoa”ren ondorio dira, indar postfaxista hauek neoliberalismo beraren baloreen erradikalizazio ideologikoa adierazten baitute. Eta erradikalizazioa krisiari aurre egiteko erantzun espontaneoa baino, komunikabideak eta kultur industriak pizten edo bultzatzen duten efektua duguna. Nahita edo zeharka. Finean, hauxe dugu fordismoaren suntsiduraren helburu ideologikoa: pentsamendu eta pertzepzio markoen aldaketa beharra.
2. Pentsamendu eta pertzepzio markoen eskuineratzea
Ikusi dugunaren arabera, postfaxismoaren presentziak populazioaren botere galerarekin zer ikusirik badauka. Ildo honetan, bizi dugun mutazio historiko handiaren abiapuntua, 2007. urtean baino, 70 hamarkadan jartzeko saiakera egin behar dugu, urte horietan langile eta komunitatearen progreso jarraituaren ideiaren ilusioa hasten delako hausten.
Eskuin muturreko indarren agerpenak eta hauteskundeetan emaitza inportanteak lortzeak, agertoki politikoa lehenik, eta soziologikoa, ondoren, astindu ditu. Errealitatea pentsatu eta antzemateko marko hegemonikoak eskuineratu dira. Esaten ari garenaren adibidea Vox-ek Andaluzian lorturiko emaitzen ondoren, estatu espainiarrean egon diren mugimenduak dira. 78ko erregimenarekin haustura eman ez den ordezkaritza politikoari lozorroan zeraman basapiztia esnatu zaio. Eskuinaren diskurtsoa ikustea besterik ez dago. Era berean, diskurtsoak zehazteko garaian sozialdemokrazia eta ezkerra instituzionalaren parte handi baten mugimenduak ere argigarriak dira, migrazioa, nazionalismo espainiarra, edo Kataluniako prozesu independentistari buruzko iritziak eta jarrerak zehazteko garaian, “inboluzioa” dute eta hitz gakoa.
Esaten ari garenaren beste adibideak Europako espazioan aurki ditzakegu: Alemanian, kasu, AFDren presentziak eskuinaren espektro politiko eta ideologikoa guztiz mugitu du, eta mugimendu horrek ezkerraren parte bati eragin dio ere. Ildo honetan, migrazioari buruz Die Linkeko moderatuen diskurtsoa gogora dezakegu, non migrazioa eta nazioaren defentsa uztartzen diren. Gai hauek hizpide nagusiak badira ere, beste batzuk ez dira falta: feministen kontrako diskurtso eta ekimenak, musulmanak, trans edo gorputz arrazializatuen kontrako erasoak edo praktika ukatzaileak .....Era berean ezkerra eta feminismoaren hainbat aldarrikapen berenganatu ditu neoliberalismoak. Adierazgarrienetariko bat Iberdrola eta feminismoa izan da,
Postfaxismoak sorturiko higadura hauek errepresentazio harreman berri bat sortu dute eta eskuin muturreko indarrek segurtasun ezaren kulturak sorturiko amorrua eta izua artikulatzeko bidea eskaintzen dute, beti ere estatu autoritarioa edota estatu autoritario horren natura sortzeko agertokien prestaketa helburu.
Mendebaleko jendarteetan, eta era berean munduaren beste txokoetan jada errealitatea ulertzeko marko kezkagarriak utzi dizkigu mugimendu posfaxistak, eta marko horrek fordismoaren suntsiduraren garaia determinatu du.
Krisi estruktural baten aurrean gaudela ezin uka daiteke. Horren aurrean, eskuin neoliberalaren marko nagusia alternatibarik ez dagoenaren sinesmena da, eta ideia hori barreiatzen saiatzen da behin eta berriz (serie eta pelikula distopikoak, antiheroien ugaltzea, kontsumo praktikak....esaterako). Lelo honen azpian, eskuinak zein kontserbadoreek hiru tesi edo markotan oinarritzen dira edozein progreso sozial oro gelditzeko asmoz:
Perbertsitatearen tesia: edozein ekintza positibok gaiztotu egin dezake erremediatu nahi duen hori. Esaterako, Kataluniako mugimendu independentista demokratizatzailea den arren, eskuina hauspotu du (Podemos eta IUren tesia).
Futilitatearen tesia: edozein mugimendu erreformista alferrikakoa da, ekonomiaren legeen gainean ezin duelako ezer egin. Oso politak dira ezkerraren proposamen eta tesiak, baina ez dira egingarriak, ekonomiak ez du gehiagorako ematen.
Arriskuaren tesia: edozein erreformak ezbaian jartzen du orain arte lortutako garaipenak. Hobe ezer ez ikutu, dagoena galdu nahi ez bada.
Aurreko hirukotearen ideiak indartzeko, segurtasunik gabeko kulturaren sendotzeari ekiten zaio. TINA (There is no alternative) eta erretorika intransigentearen arteko konbinazioak pintza perfektua egiten dute, gauzak bere horretan jarraitu dezaten bermatzeko.
Euskal Herrian ordea, prozesu nazional, ezkerreko eta feministaren aldeko apustua egin dugu askapen prozesu hauek demokraziaren pribatizazioa geldiarazteko. Finantza, globalizazioa eta plataforma ekonomiak sortu dituen monstruen aurrean alternatiba badago eta lehen urratsa pertsonen eta lurraldeen ahalduntze etengabeko prozesua eraikitzea da, jakitun izanik zein mundutan, eta zer europar testuingurutan garatzen dugun gure askapen estrategia.
Gakoa gorputzak eta komunitateak autogobernatzeko ahalmena izatean dago, hortxe dago borrokaren ardatza. Hauxe da bide eraginkorrena jendea ziurtasun eza kulturatik atera eta burujabe izateko, eta ondorioz, eskuin muturrak hauspotzen duen egoerari balazta jartzeko.