Garai ilunak bizi ditugu, utopia eta zientzia fikzioa lehen lerroko gaiak ez diren denbora. Gaur egun nahikoa izaten da posible denaren markotik ateratzen den edozein ideia aipatzea inguruan barreak entzuteko. Erotuta omen gaude.
Errazagoa zaigu existitu ez zen erreinu demokratiko bat ideal politiko bezala irudikatzea, 1917an amestu eta lortu zuten langile eta nekazari emantzipatuen errepublika demokratiko bat ulertu eta berriro lortzen saiatzea baino. Errusiako Iraultzaren aurretik eta ondoren Marteko gizarte komunistei buruz idatzi zuten. Orain Martera iristea ere ezinezkoa omen zaigun honetan, bertara iristen den gizakia gaitasun eta irudimen handiko heroia da, Robinson Crusoeren antza du, eta etxera bueltatzea du helburu, normalitate hegemoniko bakarrera. Gero eta urrunago dago Marte Gorria. Garai batean irlak ziren Utopia, itsasoaren bestalde hori, non dena zen posible, eta aukeren zabaltze horrek bizitza eta etorkizun hobe baten aukera ematen zigun. Irla utopikoak, ilargiaz haragoko planeta bihurtu ziren XIX. eta XX. mendeetan zientzia fikzioari esker. Orain berriz sareko irlak dira, bizi dugun errealitate itsusitik ateratzeko gaitasuna ematen digutenak. Sareko bidaia interplanetarioak, eta irla/planeta hauetako komunitateak, izango dira agian etorkizuneko utopiak. Bai, fikzio sozialak behar ditugu.
Thomas Morek Utopia argitaratu zuen Martin Lutherrek Laurogeita hamabost Tesiak plazaratu baino urtebete lehenago. Ondoren etorri ziren nekazarien matxinadak, anabaptisten erlijio iraultza emantzipatzaileak, eta nola ez kontra-erreforma. Nikolas Makiavelok idatzi zuen Printzea, eta Cromwell gailendu zen Ingalaterrako iraul-tzaren eromenean, nibelatzaile eta aitzurtzaileak sortu ziren giroan. Argien mendearen ondoren, herritarrentzat porrot egindako iraultzen ondoren, proletalgoa jaiotzen ari zela eta Parisko Komunak berriro porrot egin ondoren, Louise Michelek aurrerabidean sinisten jarraitu zuen. Horretarako heldulekuetako bat izan zen XIX. mendeko zientzia fikzio progresista, eta Julio Vernerekin izandako harremana edo H.G. Wells eta Edward.
Bellamy irakurtzeko aukera. Bogdanovek 1908an idatzi zuen Izar Gorria zientzia fikzio liburua, zeinean gizarte komunista bat deskribatzen duen Marten, lurrean alderdiko arazoak nagusi diren garaian. Garai horretakoa da Leninekin izan zuen polemika teoriko garratza. Aurrerago etorri ziren Proletkult (instituzio artistiko sobietarra, iraultzarekin batera sortua), eta biohacker esperimentu baten ondorioz, heriotza. Garai hura izan zen seguruenik utopia soziala eta errealitate iraultzailea hurbilen egon diren momentua. SESBen eta herrialde komunistetan zientzia fikzioak garrantzia izan zuen, baita bide ezberdina hartu zuten herrialde kapitalistetan. Kapitalismoak berak, eta horren ondorio izan zen faxismoaren goraldiak, gizartearen aurrerapenaren muga eta desbideraketak erakutsi zituen, distopiaren loraldiari bide emanez. Utopia errealen garaian distopiak garaile. 1989an garaitu zuen utopia liberalak, gaur egun bizi dugun gutxi batzuen utopia liberalak, gehiengoarentzako distopia kapitalista. Momentu horretan aldarrikatu zuten historiaren amaiera, baina historiak demostratu duenez oso bizirik dagoela, esan dezagun momentu horretan gertatu zela etorkizunaren amaiera. Etorkizunik ez, punki irredentoek zioten bezala kalean eta cyberpunk mugimenduak sarean. Biziko genituen distopiak mugara eraman eta horiek ez gertatzeko alarma piztu nahi izan zuten. Horren erakusgarri dira, 1990ean publikatuko Irlen sarea eta Diamantearen Aroa; batak, zein besteak komunitate autoeratuen garrantzia eta nazio estatuen krisia, korporazioen gailentzearekin batera erakusten dizkigute, era ezberdinetan bada ere. Mezu argi bat ere utzi ziguten “Etorkizuna hemen dago, baina ez dago ongi banatuta”. Kapitalismoaren garaipen handienetakoa izan da, etorkizun utopikoak, edo okerrago, hegemonikoa den ideologia neoliberaletik ateratzen den edozein etorkizun irudikatzeko gaitasuna kentzea. Eta etorkizun ezberdinak irudikatu eta pentsatzeko gaitasunarekin batera, gaur egungo marko ideologiko hegemonikotik ateratzeko aukera ere kendu digute. Izugarrizko arazoa daukagu, izan ere, gaur egun ez daukagu estrategia emantzipatzaileak eraikitzeko aukerarik.
XXI. mendean gaude, planeta berrietara bidaiak eguneroko kontu bihurtuak behar zuten garaia, denok lan gutxiago eginez bizitza ona izango genuen mendea... Baina non daude gaurko ziren errealitate horiek? Garai ilunak bizi ditugu. Errealitate politiko eta sozialak ez digu etorkizun emantzipatzailerik erakusten, ezin dugu marko neoliberala hautsi, oraingoz. Argi pixka bat baldin bada zientzia fikzio eta fikzio sozial utopikoan aurkitu dezakegu. Esaterako, China Mieville marxista bizarroaren errealitatearen hausturekin, posiblearen zurruntasunean mundu urrun, paralelo edo fantastikoetara iristeko aurkitutako arrakalekin; edota Ursula K. Leguinen gizarte emanzipatu, feminista eta ekologisten irudikatzearekin, beti ere kontraesanez beteak, baina arazoen aurrean, komunitate izaera indartsuen bitartez, aurrera eginez. Zer egin baina garai ilunotan? Bizi dugun fase kontserbadorea errealitatea dela ulertuz, estrategia nostalgiaren bidetik eraikitzeko tentazioari eutsi, eta modu sortzailean posiblearen markoak hautsi eta ikuspegia zabaldu behar dugu. Etengabe bide bakar bezala erakusten diguten etorkizun distopikoari aurre egin behar diogu. Ezin dugu automatizazioak soberakin sozial bihurtuko dituen kontsumitzaile ejerziturik sortzen utzi, zeinean oinarrizko errenta ere kapitalaren tresna bihurtuko den, eta zaintzaren krisiaren ondorioz, komunitateak hausten ikusiko ditugun. Horren aurrean, lan emantzipatua eta denontzako oparotasuna erdigunean izango dituen etorkizunak sortu behar ditugu. Nola? Lehenik irudikatu eta fikzio moduan bada ere ahalik eta gehien sortu eta zabalduz.
Iraultza berriak eta eraldaketa sakonak egiteko, beharrezkoa izango da irla eta planeta berrietara bidaiak amestea, toki horietan bizitza eta etorkizun emantzipatuak amestea. Horretarako fikzio utopikoa eta zientzia fikzioa landu beharko ditugu, baita gurean ere. Morek, bere Utopia idaztean, kontinentetik banandu behar izan zen irla bat irudikatu zuen. Irla sortzeko, aitzurra hartu eta milaka pertsonen lanarekin lubakia ireki eta Utopia sortu zuten. Gaur, guri berdina dagokigu; urgentea da.