Zuloa

Xabier Gantzarain. Elkar, 2018

Euskal imaginario kolektiboan indar eta presentzia handia du gaur oraindik 60 eta 70eko hamarkadan sortutako sinbologiak: Gaur, Orain, Emen eta Danok artista taldeak. Oteiza, Txillida, Basterretxea. Arantzazu. Ez Dok Amairu. Frankismo betean sortutako kultur adierazpide hauek euskal identitatea indartzeko determinanteak izan ziren. Euskaldunon nortasuna justifikatzeko iraganeko sustrai sendoak dituen jatorri mitiko baten bilaketan haritu ziren. Inor gutxik ukatuko du guztien artean arrasto sakonena Jorge Oteizak utzi zuela: hutsunea, cromlech-a, euskaldunon sustraien bilaketan.

Xabier Gantzarainek azken bi hamarraldietako 20 artistaren 23 artelan dakartza ordea liburu honetan. Arte ikusle batek helduko liokeen moduan heldu die lanei, horien gaineko irakurketak egiten ditu, testuinguru sozio-politikoarekin eta eguneroko bizimoduarekin lotuz. Ibon Aranberri artista itziartarraren 'Zuloa' lana hartu du abiapuntu eta erreferentzia gisa. “Niretzat, aspaldiko urteetan Euskal Herrian egin den sinbolorik potenteena Ibon Aranberriren Zuloa da” dio. “Ibon Aranberrik hil zuen Oteiza. Erran gabe doa, hiltzea ez da bizirik mantentzeko beste modu bat besterik.” Artistak metalezko egitura batekin haitzulo baten sarrera estali zuen lan horretan, saguzarren sartu-irtenerako zulotxo bat utzita. “Gu konturatu ez baginen ere, Ibonek garai bat itxi zuen lan horrekin, 60ko urteetatik datorren cromlech, haitzulo eta abarren kontu prehistoriko, atabiko, primitibo hori dena klausuratu zuen.” “Itxi. Zuloa itxi. Ez dago jatorri mitikorik [...] Gugan ezer berezirik baldin badago, eta badago, hauxe da: bizirik gaude. Ez dugu behar jatorri mitikorik, ez dugu behar arbasoen baimenik, tradizioaren babesik, ez dugu behar deus ere. Nahi duguna izango gara.”

Sarri ateratzen den galdera da, ea egungo garai likido eta postmodernootan artistak eta artelanak ez ote dauden errealitatetik aparte. Esanahi oro galdu ote duen arteak eta banalizazioa nagusitu ote den. Ez da hori Gantzarainen ikuspegia lanon inguruan egin dituen irakurketak leituta. Arte lanen hautaketa ere ez da kasualitatezkoa izan. “Nik egin dut ahalegin bat artista hauen lanak ekartzeko beste terreno batera, lurrera ekartzekoa, nire bizitzarekin eta nire inguruarekin lotzekoa”, dio Gantzarainek elkarrizketa batean. Beraz, arazoa artisten errealitatearekiko deskonexioa ez, baizik jendeon ezjakintasuna edo interes falta izango da.

Liburua aukera ederra da azken hamarkadetako euskal artista erreferenteen lanak ezagutu, hauen inguruan gogoetatu eta baita gogoeta horien bidez Euskal Herriaren egungo egoeraz hausnartzeko ere.